}

Elhuyar Zientzia Azokak 700 gazte bilduko ditu Bilboko Areatzan ikasturtean egin dituzten 200 STEAM proiektuak erakusteko

2023/05/30 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

  • Elhuyar Zientzia Azokak 3 egun iraungo du, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egingo da.
  • 60 ikastetxetako 700 gaztek hartuko dute parte, eta 200 proiektutik gora egongo dira ikusgai. 
  • Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira: 7 talde etorriko dira. 
  • Ekainaren 4an (igandea) egingo da sari-banaketa. Ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak jasoko dituzte. 
elhuyar-zientzia-azokak-700-gazte-bilduko-ditu-bil

 

Gaur aurkeztu da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka, Bilboko EHUko esperientzia-gelan egin den prentsa-agerraldi batean. Elhuyarrek, ekimenaren antolatzaile gisa, babesleek eta bi ikaslek eman dituzte azokaren inguruko xehetasunak. Babesleen ordezkari gisa honako hauek bertaratu dira: Koldo Narbaiza Olaskoaga, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Eva Armesto Macias, Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioaren eta Enpresen zuzendariorde nagusia; Ricardo Lamadrid Intxaurraga, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria; eta, erakunde antolatzailearen izenean, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Antolatzaile eta babesleekin batera, Somorrostro Heziketa Zentroko bi ikasle ere izan dira, Alaia Sainz García eta Igarki Uribe Escribano, zientzia-proiektuak lantzearen eta bidean izandako bizipenen berri ematen. Iaz sari bat irabazi zuten gazte horien testigantzak erakutsi du halako proiektuek garrantzi handia dutela irakaskuntzan, eta ezinbestekoa dela irakasleen lana. 

Aurten, 3 egun iraungo du Elhuyar Zientzia Azokak, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egingo da. (Egitarau osoa atxikia). Irekiera ofiziala ekainaren 2an izango da, zinta mozteko ekitaldia eta argazki ofiziala barne. Argazkian, ekimena babesten eta laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileen ordezkariek parte hartuko dute, Elhuyar antolatzailearekin batera. Azoka martxan jartzen den unetik aurrera, gazteek ikasturtean landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak izango dira protagonista.

Azokako hiru egunetan, 12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte. Ostiralean, ekainaren 2an, Batxilergoko eta DBH 3 eta 4ko ikasleen 105 proiektu egongo dira ikusgai; larunbatean, ekainaren 3an, DBH 3 eta 4ko 54 proiektu, eta, igandean, ekainaren 4an, DBH 1 eta 2ko 48 proiektu. Guztira, 700 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokako hiru egunetan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Italiatik eta Kataluniatik etorritako talde bana eta Galiziatik etorritako beste bost talde. 

Hiru egun horietan, ikertzaileak ere izango ditugu Areatzan, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari-banaketa igandean bertan egingo da, ekainaren 4an, eguerdi-partean, 13:30ean; hiru egunetan saritutakoak bilduko dira sari-banaketaren ekitaldian, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak ere izango ditugu sariak banatzen, hala nola Erabi, Kutxa Fundazioa, EHU, Euroeskualdea, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Elhuyar. Hauek dira irabazleek jasoko dituzten sariak: egonaldiak ikerketa-enpresetan, ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak. Aurkezle-lanetan, Arnaitz Fernández Elías eta Elene Barrutia Loroño gazteak arituko dira. 

Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Eta azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 244 ikertzailek (horien artean,138 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko. 


Elhuyar Zientzia Azoka urtean zehar

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Aurten, hain zuzen, 1.450 gaztek parte hartu dute (horietatik, % 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak), eta 79 ikastetxek.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 7.400 gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 2.200 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira, eta, horietatik, 970 lan inguru aurkeztu dira Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. 

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia