COVID-19aren hedapena eragozten duten neurri ez-farmakologiko eraginkorrenak identifikatu dituzte
2020/11/18 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nazioarteko ikerketa zabal batean, SARS-CoV-2 birusaren hedapena arintzeko 79 lurraldetan hartu diren neurri ez-farmakologiko nagusiak ebaluatu dituzte. COVID-19aren lehenengo kasuak azaldu zirenetik hasi, eta pandemiaren une desberdinetan erabili direnak kontuan hartuta, guztietatik eraginkorrenak zein izan diren argitzea du helburu ikerketak. Lau metodo independente erabili dituzte nazioarteko datu guztiak aztertzeko, estatistika eta adimen artifizialeko erremintak konbinatzen dituztenak. Lau ikuspegi metodologiko independente horiek bateratzeak eman die bermea ondorioei.
Ikerketak erakusten du ez dagoela mirarizko neurririk COVID-19aren hedapena eragozteko, baina badira hainbat neurri, elkarrekin modu egokian konbinatuta, Rt balioa (pertsona kutsakor batek kutsatzen dituen pertsonen batez besteko kopurua) 1etik behera jaisten dutenak nabarmenki. Eraginkorrenak hauek direla ikusi dute, lau metodoek bat egiten baitute emaitzetan: bidaiak murriztea, itxialdiak eta jendea biltzen den tokiak ixtea. Batez ere, dendak, tabernak eta jatetxeak ixtea, 50 pertsona edo gutxiagoko bilerak saihestea, etxetik lan egitea eta nerabeen hezkuntza-zentroak ixtea.
Hori bai, muturreko neurriek ondorio kaltegarriak dituztela adierazi dute ikertzaileek: institutuak ixteak nerabeen ikasketa-prozesua eten egin du, eta gazteen isolamendu soziala, estresa eta nutrizio desegokia eragin ditu; etxeko konfinamenduak etxeko indarkeria-kasuak handitzea ekarri du, eta emakume eta haur askorengan izan du inpaktua; beste gaixotasunen tratamenduak eten egin ditu, eta ondorio larriak utzi ditu pertsona askoren osasunean. Ondorioz, oro har, muturreko neurri horiek eraginkorrenak badira ere, gizarteari, ekonomiari, osasun mentalari eta giza eskubideei eragiten dizkieten zeharkako kalte larriak ikusita, gobernuek neurri ez hain zorrotzak hartzea proposatu dute, ahalik eta gehien eragotzi dezaten birusaren hedapena, baina onuren eta desabantailen arteko oreka onargarriagoa ahalbidetuz.
Neurri leunago baina eraginkor horien artean, gobernuek komunikazio-estrategia on bat garatzea da eraginkorrena, emaitzen arabera. Alegia, COVID-19aren inguruko informazio argia eman eta jendea hezteko helburua duen komunikazioa. Mezu eraginkorrenen artean hauek daude: pertsonei etxean gelditzeko adorea ematea, lantokian urruntze soziala eta segurtasun-neurriak sustatzea, eta sintomak dituzten pertsonen isolamendua sustatzea, beti ere beren ekimenez. Izan ere, nabarmendu dute indarrez ezarritako neurriak ez direla izan eraginkorragoak, inondik inora. Neurri eraginkorrenak urruntze sozialaren garrantzia komunikatzea eta gizartea ahalduntzea direla adierazi dute, herritarrek hobeto betetzen baitituzte hala neurriak. Gainera, osasun-sisteman baliabideak handitzeko zailtasun ekonomikoak dituzten herrialdeek ere erraz har ditzaketen neurriak dira.
Halaber, eraginkorrak izan dira populazio zaurgarrientzat gobernuek sortutako laguntza-programak ere; batez ere, elikagai-programak eta finantza-laguntzak. Ikertzaileen ustez, Rt-a murrizteko, lagungarria izan daiteke isolatu behar den jendeari lana edo soldata galtzeko beldurrik gabe isolatzen lagunduko dioten neurriak ezartzea.
Beste muturrean, neurri ez-eraginkorren artean aipatu dituzte toki publiko eta jendetsuetan gainazalak eta objektuak desinfektatzeko eta garbitzeko neurriak. Parkeak, museo publikoak eta abar ixtea ere ez da eraginkorra izan. Era berean, ez dute aurkitu garraio publikoan urruntze sozialeko neurrien eraginkortasunaren ebidentziarik, musukoa erabili den kasuetan. Izan ere, musukoaren eraginkortasuna lau metodoetatik hirutan azaldu da oso eraginkor.
Bestetik, aipatu dute positiboak arakatu eta haien segimendua egitea ez dela izan espero bezain eraginkorra; batez ere, kasu askotan, arakatzeko eta segimendua egiteko gaitasuna txikia izan delako pandemiaren hasieran, eta berandu ezarri delako.
Ikertzaileek argi adierazi dute gobernu gehienek neurri oso murriztaileak ezarri dituztela COVID-19aren pandemiaren aurrean, batzuetan intrusiboak. Egoera epidemiologiko aldakorretan hartu behar izan dituzte erabakiak, eta hasieran ez zegoen neurrien eraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikorik. Etorkizuneko planetan, ordea, ikerketaren emaitzak kontuan hartzea proposatu dute —beti ere tokian tokiko ezaugarriak eta pandemiaren egoera zehatza baloratuta—, erabakigarriak izan baitaitezke COVID-19aren hurrengo olatuak kudeatzeko, baita arnas aparatuko balizko beste epidemia biralei aurre egiteko ere etorkizunean.
Ondorengo hauek dira aztertutako neurri ez-farmakologiko guztien eraginkortasun-emaitzak. Zerrendaren goiko aldean, lau metodoen arabera eraginkorrenak diren neurriak azaltzen dira. Zerrendaren beheko aldean, eraginkortasun txikieneko neurriak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia