}

Burusoilak eta proteinak

1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Marty Sawaya doktoreak aditzera eman duenaren arabera, burusoiltasunaren jatorria buruko larruko zelulen desoreka proteinikoa da.

Lagun askori burusoil izateak arazo psikologiko handia sortzen diola ukatu ezinezkoa da. Ilea erortzearen kontra zenbat botika eta txanpu prentsan iragartzen den ikustea besterik ez dago. Eta guztiok arazoa konponduko dutela aldarrikatzen badute ere, ez da egun prozedura eraginkorrik ezagutzen.

Miamiko unibertsitateko Marty Sawaya doktoreak aditzera eman duenaren arabera, burusoiltasunaren jatorria buruko larruko zelulen desoreka proteinikoa da.

Buruko azaleko zelulek, proteina handi espezifiko baten kontzentrazio handia izaten dute. Burusoilengan aitzitik, proteina hau lau aldiz txikiago den proteina batek ordezkatzen du.

Sawaya doktorea ez da konstatazio-mailan bakarrik gelditu. Ilearen erorketa eragiten duen proteina “gaiztoaren” lana blokeatzen duen beste proteina bat isolatu du. Burusoiltasunaren kontrako borrokan aurrerapauso berria dirudi honek, baina urtetan itxaron beharko da benetan horrela den ikusi arte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia