Elhuyar zientziaren komunikazioa

Baleek beren buruaz beste

1992/09/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egunkarietan noizbehinka entzuten da Europako edo Ameriketako kostetan bale sarda bat hondartzara joanda hil egin dela. Portaera harrigarri horren arrazoiaz esames asko egon da, baina gero eta garbiago ikusten da armadako maniobra militarrek (itsasuntzi eta urpekuntzien sonarrek) zerikusia dutela.

Ozeanoko urak aztertu nahian

Iparramerikarrek atzeratu egin dute oso ondorio ekologiko kaltegarriak izan zitzakeen ikerketa-proiektu bat. Gure planetako negutegi-efektua neurtzeko ozeanoetan soinu ozen batzuk sortzeko asmoa zegoen. (Negutegi-efektua, ezaguna denez, CO 2 , CH 4 eta beste gas batzuek gure atmosferan lurrean isladatutako argi-uhinak igarotzen utzi eta uhin infragorriei irteten eragotzita giroa berotzea da). Negutegi-efektuaz atmosfera berotzen denean, bero-zati bat ozeanoetara pasatzen da, airea eta ura etengabe elkar ukituz daudelako.

Munken probak milaka kilometro karratutan itsas ugaztunen elikadura-ohiturak eta komunikazioak aldaraziko lituzke. Kasurik txarrenean gainera, soinu-uhinak hil ere egingo lituzke.

Soinua itsasoko uretan nola transmititzen den aztertuta, tenperatur aldaketak neur daitezke. Izan ere soinu-uhinak azkarrago transmititzen dira ur berotan hotzetan baino. Scripps Institution of Oceanography erakundeko Walter Munk zientzilariak dioenez, ozeanoak berotzen badira soinu-uhinek 15.000 km-ko bidea egiteko 0,1 edo 0,2 segundo gutxiago beharko dituzte.

Horregatik proposatu du uretan soinua sortu eta urruti kokatutako erregistradoreetan transmisio-denbora neurtzea. 18.000 km-rainoko distantzietako transmisioa neurtzeko, Munk ikerlariak Antarktika inguruan Indiar Ozeanoko Heard irlan bost bozgorailu ipintzea proposatu du. Handik soinu-uhinak Indiar Ozeanora, Ozeano Barera eta Atlantiar Ozeanora zabalduko lirateke, San Frantziskora edo Bermudetara heltzen hiru ordu t’erdi beharko lituzketelarik.

Bozgorailuek 209 dezibeleko soinua sortuko lukete (intentsitate hori hegazkinen erreaktore handi batek ateratzen duena da eta pertsona hil egin dezake) ordubetez, gero beste ordubeteko isilunea egongo litzatekeelarik. Hamar egun iraungo luke saiakuntzak.

Baimen-eske National Oceanic and Atmosfere Administration (NOAA) erakundera joan denean, eztabaida bizia sortu da hilko eta kaltetuko liratekeen balea, foka, mortsa eta gainerako animaliak direla eta. Horrelako saiakuntzarik ez da oraindik egin eta itsas ugaztunek jasan dezaketen soinu-intentsitatearen berri zehatzik ez dago. Intentsitatea distantziaren arabera uretan nola moteltzen den ere ez dago garbi. Batzuek diotenez 209 dB-eko soinua 50 km-ko distantzian 120 dB-eraino jaitsiko litzateke, baina beste batzuen arabera 800 km-ko distantzia behar da horretarako. Dena den, soinu-igorletik 1.000 km-ra 124 dB-eko intentsitateak erregistratu dira. Munken saiakuntzak 200.000 zetazeo eta 100.000 pinipedo kalte ditzakeela kalkulatu da.

Saiakuntzak itsas ugaztunei bi oztopo sortuko lizkieke, zeren batetik sonar antzeko batez orientatu eta bestetik elkarren artean soinu bidez komunikatzen bait dira. Baleek esaterako, urrutira bidaltzen dizkiote mezuak elkarri kantu moduko soinu modulatuak igorriz.

Izurdeak uhin-luzera handiko ultrasoinu, frekuentzia handiko soinu eta uhin-luzera motzeko soinuak igortzen ditu. Lortzen duen soinu-irudia, medikuek ekografian izaten dutena baino hamar aldiz aratzagoa da.

William Watkins eta Peter Tyac ikerlarientzat zalantzarik ez dago. Munken probak milaka kilometro karratutan itsas ugaztunen elikadura-ohiturak eta komunikazioak aldaraziko lituzke. Kasurik txarrenean gainera, soinu-uhinak hil ere egingo lituzke.

Kanarietako lehorreratzeak

Horiek horrela, “Science” aldizkariak beste berri interesgarri bat plazaratu du. Kanarietako Las Palmasen unibertsitateko irakasle den L. F. Lopez Jurado albaitariak eta Londresko unibertsitateko biologi fakultateko M. P. Simmonds irakasleak, bale sardak lehorreratzeaz iritzi interesgarria plazaratu dute. Beren ustetan itsasuntzi militarren eraginez egiten dute baleek beren buruaz beste hondartzan lehorreratuz. 1989.eko urrian hiru espezie desberdineko 24 balea hil ziren Fuerteventurako kostetan, itsas armada han maniobratan ari zenean. Gehienak Cuvier balea ( Ziphius cavirostris ) motakoak ziren, nahiz eta balea hauek hondartzara oso gutxitan hurbiltzen diren.

Ikerle hauek datu kezkagarri eta argigarriak topatu dituzte. 1985. urtean, espezie desberdinetako 12 balea lehorreratu ziren irla berean, itsas armada bere maniobrak egiten ari zen bitartean. 1986. urtean irla berean beste 4 balea hil ziren (3 Ziphius espeziekoak) eta gainera beste bi katxalote pigmeo ( Kogia breviceps ) ondoko Lanzarote irlan, beti ere maniobra militarrak ari zirela.

Ikerle hauek munduan zehar gertatu den beste zenbait bale lehorreratze ere aztertu dute. Venezuelan adibidez maniobra militarretan itsaspeko leherketa baten ondorioz izan zen bat. Korsikan ere bai beste bat. Pertsonak eragindakoak ziren, hiru Ziphius balea eta izurde bat balaz josita agertu zirelako.

Itsas armada eta beren buruaz beste egindako zetazeoak. Zientzilariek ikusi ahal izan dutenez, Kanarietan baleak gehiena maniobra militarrak daudenean lehorreratzen dira; 1985, 1986 eta 1989.ean, grafikoan adierazten denez. Zerrenda gorriek hileko lehorreratzeak adierazten dituzte eta urdinek urteko guztizkoak. 1989.eko urrian bakarrik, 23 "ezbehar” izan ziren. Balea hauek itsaso zabalean bizi direla eta kostara oso gutxitan hurbiltzen direla jakinda, lehorreratzearen arrazoia zein den argiago dagoela dirudi.

Zetazeoen detekzio-sistema

Zetazeoen biologiaz deus gutxi dakigu ordea, eta gerta daiteke itsasuntziak beren ingurunera sartzen direnean itsas ugaztun hauek handik ihesi kostara joatea.

Frantziako La Rochelle-n itsas ugaztunak aztertzen ari den Anne Collet-ek dioenez, itsasuntziek edo beste edozerk soinu-uhinak igortzen dituztenean zetazeoen detekzio-sisteman interferentziak sortzen dira. Orientazio-sisteman eragindako interferentziak direla eta joaten dira zetazeo-sardak kostara.

Sonarrak huts egiten ote die? Baleek eta izurdeek beren sonarra dute. Ultrasoinuak igortzen dituzte eta oztoporen batean isladatutako oihartzuna jasotzen dute igeri doazenean. Malda txikiko hondartzak ultrasoinuak gaizki isladatzen ditu ordea, eta balea helduak orientatzen ongi irakatsi ez badio, umea lehorreratuta hil egin daiteke.

Izurdeen orientazio- eta detekzio-sistemak nola funtzionatzen duen badakigu. 40 eta 170 kHz bitarteko uhinak igortzen ditu arnasbideko mutur batean dituen hiru zaku-pareetako mintza bibratuz. Ultrasoinu hauek etengabe bidaltzen ditu eta beren oihartzuna beheko matrailezurrak jasotzen du, berak daukan oso koipe fin batez oihartzuna hortik barne-belarrira transmitituz. Azkenik, entzumen-nerbioak informazioa garunera eramaten du.

Izurdeak uhin-luzera handiko ultrasoinua igorri badu, bere inguruko topografiaren irudi lausoa jasoko du, baina orientatzeko ez du besterik behar. Janari-bila ari denean ordea, frekuentzia handi edo uhin-luzera motzeko soinua igortzen du eta arrain-sardako bakoitzaren irudi garbia edukitzen du. Detekta dezakeen dimentsio minimoa igortzen duen uhin-luzerarekiko proportzionala da. Izurdeekin saiakuntza asko egin da eta oso antzeko berun-bolak bereiz ditzaketela ondorioztatu da. Diametro bereko eta material desberdinekoak ere bereizten dituzte.

Izurdeak lortzen duen soinu-irudia, medikuek ekografian izaten dutena baino hamar bat aldiz aratzagoa izanagatik, baleak munduan zehar taldeka beren buruaz beste egiten dute. Hori dela eta, beren ultrasoinuzko sareari interferentziak eragiten zaizkiola pentsatzen da.

Hipotesi horren aldeko beste datu bat ere bada. Bale sarda hiltzera hondartzara etorritakoan, inoiz saiatu izan dira taldeko bat lagunduta itsasoratzen, baina berehala bueltatu da presaka bere kideekin batera hondartzan hiltzera. Zientzilariak konturatu dira ordea, beti ere zetazeo txikienak (beraz gazteenak) itsasoratu nahian ibili dela jendea.

Balenumeak, beraz, beren amaren deiei jarraitzen zitzaizkien. Gazteek izan ere, amaren ondoan denbora luzez aritu arte ez dute sonarra ongi menperatzen. Umeak amak sonarraren oihartzuna jasotakoan dituen erreakzioak ikasi egiten ditu, zeren oihartzun guztiek ez bait dute esanahi bera. Oihartzun bat harrapakin interesgarriari dagokiona izan daiteke, eta beste bat haitzari dagokiona. Nola interpretatu baina, urpekuntziaren soinua edo eztanda?

Balea gazteek, amaren ondoan denbora luzez aritu arte ez dute sonarra ongi menperatzen. Umeak amak sonarraren oihartzuna jasotakoan dituen erreakzioak ikasi egiten ditu, zeren oihartzun guztiek ez bait dute esanahi bera.

Baleen heriotza esplika dezakeen beste hipotesi bat, ultrasoinuen detekzio-sistemako interferentziaz diharduena da. Gertaera hauek askotan malda txikiko hondartzetan izaten dira. Horrelakoetan igorritako ultrasoinuen oihartzuna oso kalitate eta intentsitate eskasekoa izaten da. Beraz itsas ugaztunen entzumenak jasotzen ez badu heriotzarako bidea har dezake, hondarretan lehorreratuz.

Nolanahi ere Munken proiektua NOAA erakundeak berraztertu egingo du, baina horretaz ardura nazioarteko erakunderen batek izan behar lukeela diote askok. Izan ere kaltetuta gera daitezkeen baleak, ozeanoak eta gainerako itsas ugaztunak guztionak bait dira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia