}

Baldintzatzaile sozialen OMEren markoa egokitu dute COVID-19rako

2021/11/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

baldintzatzaile-sozialen-omeren-markoa-egokitu-dut
Marko berrian, baldintzatzaile sozialak ez ezik, kontuan hartu dituzte egitura hegemonikoak, botere-harremanak eta komunikazioa. Arg. OME

Baldintzatzaile sozialen Osasunaren Mundu Erakundearen markoa COVID-19ra egokitu dute, elkarlanean, CIBERESP osasun publikoko eta epidemiologikoko Espainako ikerketa-zentroak eta Kataluniako unibertsitate eta osasun-zentroetako ikertzaileek. COVID-19an eragiten duten baldintzatzaile sozialak aztertu eta azaltzeaz gain, aintzat hartu dute baita zapalkuntza-sistemen eta komunikazioaren eragina ere. Gaceta Sanitaria-n argitaratu dute.

Egileen esanean, SARS-CoV-2 birusa COVID-19aren ezinbesteko arrazoia da, baina ez bakarra. Osasun-arazoa krisi soziala, ekonomikoa, eta politikoa bilakatu da, eta desberdintasun sozioekonomikoak areagotu egin dira mundu osoan. Egoerari aurre egiteko, beraz, funtsezkoa da alderdi horri heltzea, eta, horretarako landu dute orain marko berri hori, bereziki, errenta handiko eta ertaineko herrialdeetarako.

Baldintzatzaile nagusien artean, zapalkuntza-sistemak nabarmendu dituzte. Izan ere, egileen esanean, pertsonen osasunean eta ongizatean eragiten duten faktoreek (bizitza soziala, gobernua eta gobernantza, ekonomia eta politika, lekua) arauak betetzea erraztu edo zaildu dezakete. 

Alderdi horiek guztiak egitura hegemonikoen menpe daude (kapitalismoa, kolonialismoa/arrazismoa eta patriarkatua), baina, orain arte, ez dira aipatu osasun desberdinkerien markoetan. Egileen ustez, ordea, garrantzitsua da haien eragina aintzat hartzea, pandemiaren mekanismoak eta ondorioak ulertzeko. 

Esaterako, kapitalismo globalak ekosistemak hondatzea eta desberdintasun sozialak areagotzea ekarri du; patriarkatuak genero-bereizketa ezartzen du; kolonialismoak, bereizketa soziala; eta guztiek eragin dute COVID-19ak modu desberdinean eragitea batzuei eta besteei.

Horrez gain, testuinguru sozioekonomikoak eta politikoak ere eragin zuzena dutela adierazi dute. Dimentsio horretan bildu dituzte baita alderdi kulturalak eta soziohistorikoak ere. Denek eragiten dute ezartzen diren neurrietan eta haiekiko erantzunean. Gainera, kontuan hartu behar da hierarkia soziala, zeina faktore askoren arabera eraikitzen baita: adina, generoa, klase soziala, etnia, migrazio-egoera, lurraldea, dibertsitate sexuala eta afektiboa, eta gaitasunak, besteak beste. Horrek guztiak birusarekin kutsatzeko erraztasun edo zailtasun handiagoa izatea eramaten du, eta adinekoen egoitzetan gertatutakoa jarri dute adibidetzat.

Bizimoduaren, osasun-egoeraren eta osasun-zerbitzuen eragina ere azaldu dute, baina baita gutxiagotan aipatzen den beste alderdi batena ere: komunikazioarena. Hain zuzen, arrisku-egoeretan, komunikazioa eta komunitatearen konpromisioa gako direla uste dute egileek. Ohartarazi dute, baina, mezua ez dela modu uniformean iristen gizarte osora, hainbat hesirengatik: hezkuntza-maila, klase soziala, etnia, trebezia digitala…

Azkenik, COVID-19a sindemia bat dela azpimarratu dute, hau da, gaixotasunean eragiten duten dimentsioak batzean, haien ondorioak areagotu egiten direla. Halaber, uste dute markoa COVID-19rako landu badute ere, egokia dela antzeko izurrietarako, eta jarraipena egitea eta ikertzea gomendatu dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia