}

Bakardadea, harremanen gosea

2020/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bakardadea-harremanen-gosea
Bakardadearen ondorioak garunean gosearenaren parekoak direla ikusi dute. - Arg.

Beste primateekin alderatuta, gure espeziea bereziki gizartekoia da; animalia sozialak garela esan ohi da. Are gehiago, Susanne Shultz antropologo eboluzionistaren esanean, talde konplexuak osatzeko eta elkarren artean harreman ugari eta estuak izateko joerak eraman du gure espeziea den bezalakoa izatera. Ikuspegi horretatik, ez da harritzekoa askori «naturaren kontrakoa» iruditzea konfinamendua, batez ere, bakarrik biziz gero.

Psikologo askok alderatu izan dute gosearekin eta egarriarekin: bakardadea sentitzea alarma biologiko bat da; goseak jana eta egarriak ura bilatzera bultzatzen gaituzten bezala, bultzatzen gaitu bakardadeak besteekin harremanetan jartzera.

Martxoaren 26an, justu izurria kontinente guztietara hedatu zen garaian, bakartze sozialak eta goseak garunean duten eragina alderatzen dituen esperimentu baten emaitzak argitaratu zituzten. Massachusettseko Teknologia Institutuan egin zuten esperimentua, Livia Tomova eta Rebecca Saxe neurozientzialarien gidaritzapean, eta 40 boluntariok parte hartu zuten.

Lehenik eta behin, boluntarioen garuna aztertu zuten erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzako teknika baten bitartez (fMRI). Teknika hori oso erabilia da era horretako esperimentuetan, eta garunaren eremu jakinen jarduera ikusteko aukera ematen du.

Hamarna orduko bi saiotan banatu zuten esperimentua. Lehen saioan, janaria ukatu zieten, eta, bigarrenean, harreman sozialak izatea. Guztiz zorrotz jokatu zuten: lehenengoan ura baino ezin zuten edan; bestean, fisikoki bakartuta egoteaz gain, ez zieten ez telefonorik ez ordenagailurik izaten utzi, eta, irakurgaiak eduki bazitzaketen ere, liburu horietan ezin ziren agertu nolabaiteko laguntasuna eman zezaketen pertsonaiak. 

Saio bakoitzaren ondoren, garunaren jarduera aztertu zuten. Gai beltza deritzon eremuan jarri zuten arreta. Hain zuzen, dopamina sortzen duten guneetako bat da, gogoarekin eta desirarekin lotuta dago, eta funtzio garrantzitsuak ditu ordainsarian, ikasketan eta mendekotasunetan, besteak beste. Hain zuzen, mendekotasuna duten pertsonetan, eremu horren jarduera areagotu egiten da adikzioa duten substantzia erakusten zaienean.

Lehen saioaren ondoren, gustuko zituzten janarien argazkiak erakutsi zizkieten boluntarioei; eta atsegin dituzten harreman sozialenak, bigarrenaren ondoren. Kontrolerako, loreen argazkiak erabili zituzten. Bietan, gai beltzaren jarduera areagotu egiten zela frogatu zuten ikertzaileek; hori bai, erantzunaren intentsitatea nabarmenagoa zen gosearen kasuan, bakardadearenean baino.

Erresonantzia magnetiko bidezko irudiak bat zetozen boluntarioek adierazten zuten gose eta bakardade subjektiboekin, eta adimen artifizialeko programa batek berretsi zituen, programa gai izan baitzen erantzunak aurreikusteko.

Konfinamendu-agindua, ordea, ez da esperimentu boluntario bat, eta ez da hamar ordutara mugatzen. Talde batzuk, gainera, bereziki zaurgarriak dira, adinekoak, esaterako. Adinekoen bakardadearen pertzepzioa izeneko proiektuan lan egiten duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek egiaztatu dutenez, konfinamenduak larriagotu egin du lehendik ere bakarrik zeuden adinekoen sentimendua.

Aldi berean, ikusi dute ondoen sentitzen diren adinekoek bakardadeari aurre egiteko estrategiak gauzatu dituztela, harreman sozialei eutsiz, eta parte hartuz hazkunde pertsonaleko, prestakuntzako, kiroleko edo aisialdiko jardueretan. Komeniko litzateke denek, adinekoetatik haurretara, halako estrategiak garatzeko aukera izatea; bestela, konfinamenduaren ondorioak nabarmenak izango dira, baita garunean ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia