}

“Atleta” esploratzailea

2010/08/05 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bideoan agertzen den robotak “Athlete” du izena (All-Terrain Hex-Limbed Extra-Terrestrial Explorer), eta baliteke egunen batean Ilargian edo Marten egotea. Hain zuzen, NASAko Jet Propulsion Laboratory-k (JPL) sortutako prototipoetako bat da, astronautek esplorazioetan lagungarri izan dezaten. Aldez aurretik beste saiakuntza batzuk egin baziren ere, 2009an jaio zen Athlete.

Bistakoa da bideoa trukatua dagoela. Baina ageri diren dantza-itxurako mugimenduek ibilgailu robotikoa nola mugitzen den nolabait ikusteko balio dezakete.

Orotara sei gorputz-adar ditu, gurpil banaz atonduak. Alegia, oinarrian hiru hankako bi robotez osatua dago ibilgailua, eta hanka horiek modu independentean mugi ditzake. Azken batean, Ilargia edo Marteren gainazala behatzeko helburuarekin sortu dute Athlete, baina zama deskargatzeko eta hura distantzia luzeetan garraiatzeko balio izatea ere bilatu dute egileek. Bada, Lurrean 450 kilo altxatzeko gai da, eta bere egitura bikoitzak ematen dio horretarako gaitasuna (bi zatiak batera baliatuta, palet baten antzera jaso baitezake karga).

Desplazamenduei dagokienez, zeharkatu beharreko eremua laua bada, Athlete gurpilen bitartez mugituko da. Lur-eremu malkartsuetan, aldiz, gurpilak blokeatuko ditu, eta gorputz-adarrak oinak balira bezala baliatuko ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia