Ariketa fisikoak eskizofrenia duten pertsonen sintomak eta ongizate subjektiboa hobetu ditzake
2023/08/28 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Osasun fisiko eta mentala hobetzeko diseinatutako ariketa fisikoko programa bati jarraitu zioten pertsona eskizofreniadunen esperientzia subjektiboak ikertu ditu EHUko eta Arabako Ospitale Psikiatrikoko talde batek. Eta, pertsona horien esperientzian oinarrituta, ondorioztatu dute ariketak, alderdi fisikoa ez ezik, beste alderdi batzuk ere hobetzen dituela.
Hain zuzen, ikertzaileek azaldu dutenez, eskizofreniak hiru motatako sintomak ditu: positiboak, negatiboak eta kognitiboak. Positiboak eldarnio edo haluzinazioak izan daitezke, eta, normalean, medikazioarekin trata daitezke. Sintoma negatiboetarako (goibeltasuna, energia falta, apatia), ordea, ez dago baliozko medikaziorik, baina ikusi dute ariketa fisikoaren bitartez sintomatologia mota hori hobetu litekeela. Izan ere, ariketa fisikoa burmuinarentzako modulatzaile moduko bat da: proteina jakin batzuen agerpena areagotu eta garun-plastizitate bera hobetzen du. Hala, burmuinean egokitze funtzional eta egiturazkoak gertatzen dira, ikasketaren, oroimenaren eta funtzio kognitiboaren hobekuntzekin lotuta agertzen direnak.
Ikerketan, eskizofrenia-diagnostikoa duten parte-hartzaileek ariketa fisiko konkurrentezko programa intentsibo bat jaso zuten (atal aerobikoak eta indar- eta erresistentzia-zirkuitu bat konbinatzen dituena), ospitaletik kanpo, bost hilabetez, astean hirutan. Datu kualitatiboak elkarrizketa indibidual semiegituratuen bitartez jaso ziren, analisi tematiko baten bitartez antolatu eta analizatuak. Emaitzek agerian utzi dute pazienteek uste dutela ospitalez kanpoko ariketa fisikoaren programa onarpen zabaleko eta onura handiko osagarria izan daitekeela beren ohiko tratamendurako, eta erakusten dute ariketa fisikoak lagundu diela gogamena beren arazoetatik eteten.
Horrenbestez, ikertzaileek uste dute aproposa izango litzatekeela ospitale psikiatrikoetan kirolerako hezitzaile fisiko bat egotea, ariketa fisikoko programak diseinatzeko eta aurrera eramateko, erabiltzaileei egokituta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia