}

Argi ultramorea ekoizteko lanpara berria

2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Alemaniako ikertzaile-talde batek argi ultramorea ekoizteko lanpara berri bat patentatu du. Aurkikuntza horrek argi ultramorea gehien erabiltzen den erdieroaleen industriaren garapena ekarriko duela uste da.

Sistema berriak potentzia handiagoko argi ultramorea ekoizten du eta, gainera, mantentze-lan txikiagoarekin. Argi ultramorea espektro elektromagnetikoaren zati ikusezinean dago eta larruazala beltzarantzearen erantzule da.

Lanpara horren argi ultramoreak naturan dagoenak baino uhin-luzera txikiagoa du; horregatik, askotan ultramore urruna deitzen zaio.

Argi ultramorearen aplikazio nagusia erdieroaleen industriako materialen tratamendua bada ere, ez dira baztertu behar, besteak beste, telekomunikazioetan, konputazioan, ospitaleetako materialaren esterilizazioan eta ozonoaren sorreran dituen aplikazioak.

Ikertzaile-taldeak bi patente lortu ditu dagoeneko lanpararekin: bata oinarrizko teknologiarengatik eta bigarrena laser aplikazioarengatik. Lortutako arrakastaren gakoa argi ultramorea ekoizteko beharrezko diren gas-molekulen kitzikatze ezin hobean dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia