Animalia basatien populazioak berreskuratzea oso onuragarria litzateke klima-larrialdiari aurre egiteko
2023/03/29 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Animalia-espezie gako batzuen populazioak berreskuratuta eta babestuta asko hobetu daiteke karbonoaren harrapaketa eta metaketa naturala, eta, ondorioz, horrek asko lagunduko luke klima-larrialdiari aurre egiten. Ondorio hori atera dute Nature Climate Change aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.
Izan ere, animalia basatiek zuzenean eragiten dute euren ekosistemako karbonoaren zikloan. Hala, lan honetan ikertzaileek bederatzi animalia edo animalia-talderen eragina kalkulatu dute: itsas arrainak, baleak, marrazoak, otsoak, ñuak, itsas igarabak, idi musketadunak, elefante afrikarrak eta bisonte amerikarrak. Eta ikusi dute animalia horien populazioak babestuta eta berreskuratuta urtean 6,4 mila milioi tona CO2 gehiago harrapatzea lor litekeela.
Azpimarratu dute aukeratu dituzten adibideez gain, beste hautagai apropos mordo bat daudela; hala nola, bufaloak, rinozeronteak, pumak, primateak, dingoak, saguzar fruitujaleak, fokak, dortokak eta abar. Gainera, animalia horiengan giza jarduerek eragin handia dutenez, kondizio egokiak jarriz gero erraz berreskuratzeko aukera ere ikusten dute. Eta horrela, lortuko litzateke karbonoaren zikloan eragitea, eta askoz karbono gehiago harrapatzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia