}

Anestesiaren historia edo minaren aurkako borroka (eta II). Anestesia lokalaren aurkikuntza

1991/06/01 Loizate, Alberto Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mina garaitzeko historian, narkosiaren ondoren beste urrats bat eman behar zen. Anestesia lokalaren aztarnak aurkitzeko, Ketxuarren ustez, koka-orria eguzki jaungoikoaren seme Manco Capac-en erregalia zen, bere herriaren oinazea eta berarekiko begiramena saritzeko.
Anestesia mantentzeko aparatua, gaixoari arnasa ematen diona, eta aldi berean gaixoaren konstanteak erakutsi eta mantentzen dituena.

Mina garaitzeko historian, narkosiaren ondoren beste urrats bat eman behar zen; anestesiarena. Narkosiaren kasuan bezala, aurkikuntza hau ere neurri batean ustegabekoa izan zen, eta aipatzekoa da anestesiatzeko lehen substantziaren deskubrimenduan psikoanalisiaren aitatzat hartzen den Sigmund Freud-ek izan zuela zerikusia.

Anestesia lokalaren aztarnak aurkitzeko, Ameriketako kolonizazioa baino lehenagoko garai ilunean galdutako Peruko ketxuarren ohitura zaharretara itzuli behar dugu; handik ekarri bait zuten Europara kokaina. Ketxuarren ustez, koka-orria eguzki jaungoikoaren seme Manco Capac-en erregalia zen, bere herriaren oinazea eta berarekiko begiramena saritzeko. Orriok hasiera batean erlijio- eta politika-ekintzetarako erabiltzen bazituzten ere, Francisco Pizarroren konkistatzaileek XVI. mendean Inken inperioa deuseztatu zutenean, koka-orriak esklabu eta gizarte-maila apalekoei ordaintzeko erabili zituzten.

Horrela zerbitzarien errendimendua kostu txikiz handiagotu egiten zuten. Koka-orriak guano edo artoaren almidoiaz bola baten antzekoan paketatu (kokada) eta murtxikatu egiten zituzten, koka-orriak duen alkaloide aktiboa askatzeko. Inken inperioaren garaiko dokumentu antropologikoen arabera, trepanazioa (garezurra irekitzea) min handiegirik gabe egiten omen zuten anestesia lokala erabiliz, eta horretarako kirurgilariak koka murtxikatuz ateratzen zuen listua ixuri behar zuen zauriaren gainera.

Historia modernoa azaltzeko, denboran zehar 1880.eko hamarkadararte atzera joan behar dugu. Sigmund Freud gaztea zen, Jürgen Thorwald-ek dioenez: Freud-ek 27 urte zituen; ile beltzezko gizon argala zen, itxura egoki eta oso finekoa. Porrot egindako ehun-saltzaile juduaren semea zen; 1859. urteko krisi ekonomikoan Freiburg (Moravia) utzi eta Vienara etorria. Freud sentikortasun handiko gizona zen, eta gaztetatik gehien mindu zuena, judu izateagatik bere aitak, anai-arrebek eta berak jasan behar izan zituzten irainak ziren.

Freudek, bere familiak jasan behar izan zuen zapalkuntzagatik, txikitatik amestu zuen zapaldua izan beharrean berak agintzea, eta horretarako bere umetako egitasmoetan kapitain edo politikari izatea deliberatua zuen. Baina Austriako errealitateak, bere ametsak laster ito zituen, zeren juduei merkatari, legegizon edo sendagile izatea bakarrik uzten bait zieten. Merkataritza eta legeak gustoko ez zituelako aukeratu omen zuen medikuntza. Baina medikuaren ohizko lana ere ez zuen gogoko. Horregatik, karrera bukatu zuenean lanean hasi ordez ikerketari ekin zion.

Gaur egun anestesi garaian, gaixoa kontrolatuta dago, bihotza, arnasa, pultsua eta tentsioa neurtzen dituzten monitoreei esker.

Garai hartan, Freud hogei urteko gazte zurbil eta xamurra zen. Marta Bernays-ez maitemindurik zegoen; gero bere emazte izango zenaz, alegia. Ezkontzeko dirua behar zuen, eta ospeak ematen duen diruaren atzetik zebilen. Psikologiaren arazoetaz arduratzen hasi zenean, artean neurologi ikerketak egiten ziharduen, eta aldi berean Europan ezagutu berri zen kokainari buruz azterketak egiten ere bai. Militar aleman batek bere soldaduei borrokan kemena eta indarra emateko erabiltzen zuela zioen artikulua irakurri zuen, eta hortik sortu zitzaion ideia. Laster, bilduta zuen materialarekin eta kokaina hartuz bere buruarekin egin zituen frogekin, Kokari buruz izeneko artikulu bat argitaratu zuen.

Artikulu hartan, Freud-ek orduko ikuspuntu zientifikotik kokaina sutsu defendatzen zuen. Baina Freudi ihes egin zion geroago hain baliagarria izango zen kokainaren propietate batek; anestesiko izatearenak hain zuzen. Morfinomanoen mira edo abstinentzia pairatzeko kokainak balio zezakeela uste zuen Freudek, eta xede horrekin saioak egiten ari zen. Orduan kokaina droga berria izanik, morfinak sortzen zuen adikzioa ezagutzen bazuten ere ez zekiten kokainaren ondorioez ezer. Freudek berak ere, bere garaiko profesional askok bezala, sarritan hartu zuen kokaina indartzeko eta lan gehiago egiteko.

Eta ez hori bakarrik; kokaina hartzea mesedegarria zela sinetsita, bere emaztegaiari ere sarritan eman zion kokaina hartzeko aholkua. Geroxeago etorri ziren ondorioak. Morfinaren adikziotik aldentzeko kokaina hartu zutenak, kokainazale bihurtu ziren, eta biografoek ez dakite Freud bera arriskutik nola libratu zen.

Bere lankide bati, sabeleko minak zituelako, Freudek % 5eko kokaina-disoluzioa errezetatu zion, eta hartzean konturatu zen ezpainak eta ahoa loak hartu zizkiola. Hori gertatu zenean, gero kokainaren balio analgesikoagatik famatu egingo zen Koller okulista ere aurrean egon zen. Baina Freud garuneko arazoez eta bere emaztegaiarekin zituen amodio-gorabeherez arduratuta zebilelarik, horrelako xehetasunez konturatzeko baino kezkatuago zegoen. Koller oftalmologoak, xehetasun hartan oinarrituta, animalien begiekin egin zituen frogak. Lehen aldiz apoekin, eta apoaren begian kokainazko disoluzio-tanta batzuk ipiniz gero, begia zulatu arren apoak ez zuela minik sentitzen konturatu zen.

Eta 1884. urteko irailean, Heidelberg-en egin zen oftalmologoen kongresuan Kollerrek arrakastatsu aurkeztu zuen bere aurkikuntza.

Ambu izena duen moxorro bitartez ematen zaio gaixoari oxigenoa eta anestesia mantentzeko behar diren gas ezberdinak anestesi hasieran, baina gero tutu bat sartzen zaio eztarrian barrena trakearaino, eta makina berezi batek ponpatzen du automatikoki oxigenoa biriketara. Anestesialdiaren azken garaian ere, trakeako tutua kendu ondoren moxorro hori erabiltzen dute anestesistek.

Freudek, porrot pertsonal gisa nozitu zuen Kollerren arrakasta; batez ere kokainaz lehenengo arduratu zena bera izan zela kontutan izanik. Eskuetan erabili zuen altxorrak, ihes egin zion. Baina Kollerrek bai eta Freudek ez aurkitzearen arrazoia, biografoek diotenez, bakoitzaren izakeran aurkitu behar da. Freud sentikorra, helburu handiak lortu nahirik dabilen fantasia geldiezinaren jabe omen zen, eta Koller ostera, mugatuagoa eta praktikoagoa zen.

Freuden ustez, aro hartan bizi izan zituen maitasun-gorabeherek ezkutatu egin zioten begien aurrean zuena, eta hori ulertu behar da Freud berak eskuzkribu batean esaten zuenaren arabera: Koller da eskubide osoz kokaina bidezko anestesia lokalaren aurkitzailea. Baina orduko nere arduragabekeriagatik, ez dut ene emaztegaiarenganako haserrerik. Oso esanguratsua da esaldia.

Harez gero kokaina oinarritzat hartuz, anestesiko topiko asko ekoiztu da, eta gaur egun ezagunenak lidokaina, prilocaina, bupibakaina, mepibakaina eta etidokaina dira. Beren izenek argi darakusate sorburua kokaina dela. Anestesiko topikoak bereizten dituztenak honakoak dira: eragina nabarmentzen hasterainoko denbora (latentzi denbora), ekintzak irauten duen denbora, toxikotasuna eta potentzia. Gaur egun, ikerketa-mailan lanean ari dira, nerbio-zelulak blokeatzeko orduan aukera egin dadin. Minaren sentsazioa daramaten nerbio-zuntzak bakarrik blokeatu nahi dira.

Munduan gehien erabiltzen dena lidokaina da. Anestesiko lokal bezala bera da izan ere indartsuena, eta lehenago aipatu dugun toxikotasuna alboratzeko eta bere eragina denbora luzeagoan mantentzeko, baso-uzkurtzaile batekin elkartzen dira. Baso-uzkurtzailearen ekintza honakoa da: bena eta kapilarrak uzkurtuz anestesikoaren xurgaketa oztopatzea, eta horrela anestesikoak jarri dugun tokian denbora gehiago iraungo du eta eragina sakon eta luzeagoa izango da. Baina baso-uzkurtzaileekin kontu izan behar da, zeren muturreko tokietan ziztatzen badira (zakilean edo hatzean esate baterako) bertako odol-zirkulazioa guztiz oztopa dezakete eta nekrosi eta gangrena sorterazi. Horregatik muturreko tokietan sekula ez baso-uzkurtzailerik.

Anestesiko lokal baino zuzenagoa litzateke analgesiko lokal deitzea, zeren mina ezabatzen badu ere, ukimena eta presio-sentsazioa ez bait dira beti desagertzen. Hala ere, anestesiko lokal izena hedatuago dago.

Anestesiko lokalen lana, nerbioaren eginkizuna den nerbio-inpultsuen eroatea oztopatzean datza, eta hori nerbio-mintzetik zehar iragaten diren ioien joan-etorria astiroagotuz lortzen dute. Nerbio-zelulen mintza egonkortu egiten dutela esan genezake, eta kontzentrazio handietan ioien iragatea guztiz geldi erazi egiten dute. Egonkortze hau, nerbio-zeluletan ezezik suspertzen diren beste zelula batzuetan ere eragiten dute, eta horregatik lidokaina bihotzeko bentrikuluko takiarritmiatan erabiltzen da. Nerbio-inpultsuen gelditze hau ez da iraunkorra. Aldi baterakoa baizik ez da; itzulgarria alegia.

Hemen gaixoa tutua trakean duelarik ikusten da. Tutu horretatik doakio ebakuntza bitartean bizitza mantentzeko behar duen oxigenoa. Anestesista beti dago adi-adi gaixoaren aldamenean.

Oftalmologian eta odontologian izugarri erabiltzen dira, eta kirurgilaritzakoak ez diren beste espezialitate batzuetan ere asko erabiltzen dira. Kirurgia orokorrean, izterrondoko etenak operatzeko, pazienteak dituen osasun-arazoengatik anestesia orokorraz operatzeko arriskua handiegia baldin bada, anestesia lokalaz operatu daitezke. Eta ez hori bakarrik; inoiz ebakuntza handiagoak ere anestesia lokalaz egin beharrean izaten gara.

Lidokaina, anestesiko izateaz at, kardiologian lehen esan bezala, bentrikuluko takiarritmiak sendatzeko erabiltzen da. Anestesiko guztiek, ugari erabiliz, eragin lokalaz aparte eragin orokorrak ere badituzte, eta horregatik anestesia lokala lortzearren ziztatzen direnean, kontu handia izan behar da benan ez ziztatzeko; horrek nahi ez diren eragin orokorrak areagotu egiten bait ditu.

Anestesiko lokalek, ziztatzen den beste edozein substantziak bezala, pazientea substantzia horrekiko sentikortuta badago alergi erreakzioa eragin dezakete, eta erreakzio hori shock anafilaktikoa bada, heriotz arriskua izan daiteke. Baina hori ziztatzen den edozein substantziarekin gerta daiteke, eta anestesiko lokalen arriskua oso txikia da. Hala eta guztiz ere, jakin egin behar da posible dela.

Anestesiko lokalen toxikotasuna, ziztatzen den tokitik zirkulazio orokorrera iragaten irauten duen denboraren araberakoa da. Iragate hori astiro gertatzen bada, gorputzari substantzia metabolizatu eta deuseztatzeko denbora emango dio eta ez du kalterik eragingo. Anestesiko lokalen eragin toxikoa, batez ere nerbio-sistema zentral eta bihotzeko odol-hodi sistemetan gauzatzen da. Dosi handitan dardarak eta arnasa gelditzea eragin ditzakete eta bihotzean bere muskulu den miokardioa ahuldu. Nerbio-sistema zentraleko nahasketak sendatzeko, barbiturikoak erabil daitezke. Odol-hodietan zabalkuntza eragiten dute, eta horregatik arteri tentsioaren beherakada arriskutsuak sor ditzakete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia