}

Airbusa turbulentziaren erdian

2006/09/28 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Airbusen A380a hegazkin komertzial handiena izateko asmoz jaio zen, Boeing 747a (ordura arteko handiena) gainditzeko asmoz. Salgai jarri aurretik, hainbat proba ari da pasatzen. Eta proba horiekin erabakiko dute, besteak beste, aireportuko lurreratze-aireratzeetan zenbateko tartea utzi beharko den beste hegazkin baten eta A380aren artean.

Kontua da turbulentzia handi samarra sortzen duela A380ak —irudian ageri da nola harrotzen duen hautsa proba batean—. Praktikan, aireportu bateko trafikoari dagokionez, turbulentzia horrek atzetik datorren hegazkinari eragin ez diezaion, denbora- eta espazio-tarte handia utzi behar da bien artean.

Alde horretatik, lehiakideak abantaila du: Boeing 747 baten atzetik A380aren atzetik baino minutu bat lehenago lurreratu edo aireratuko da beste hegazkin bat. Oraingoz hori da ICAOren erabakia, Abiazio Zibilaren Nazioarteko Erakundearena, alegia. Erabaki horren aurka egin nahian, Airbusekoak beste hainbat proba egiten ari dira, turbulentzien eragina hainbestekoa ez dela frogatzeko.

Argazkia: DLR-Institut für Physik der Atmosphäre