AEBko aberatsenek ere Europako aberatsek baino bizi-itxaropen laburragoa dute
2025/04/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako eta AEBko biztanleen maila ekonomikoa eta bizi-itxaropena alderatuta, Brown unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dute AEBko biztanleen bizi-itxaropena txikiagoa dela europarrena baino, maila ekonomiko guztietan, baita aberatsenen artean ere.
Ikerketan, 2010ean 50-85 urte zituzten 73.000 helduri egin diete jarraipena, 10 urtez baino gehiagoz (2010-2022), eta New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. AEBko eskualde eta Europako 16 herrialdetakoak ziren, eta, alderagarriak izateko, hainbat faktore izan dituzte kontuan: adina, sexua, ezkontza-egoera, hezkuntza-maila, bizilekua, gaixotasun kronikoak, erretzaile izatea… Eta ikusi dute, leku guztietan, aberatsek bizialdi luzeagoa dutela, pobreek baino. Diferentzia nabarmenagoa da AEBn, aberatsenen eta pobreenen arteko tartea ere handiagoa baita herrialde hartan.
Bestalde, AEBko aberatsenek Europakoek baino bizi-itxaropen laburragoa dutela baieztatu dute. Are gehiago: herrialde batzuetako europar pobreenen pareko bizi-itxaropena dute; hala nola Alemania, Frantzia eta Herbehereak. Gainera, azken urteotan bizi-itxaropena AEBn laburtu egin da.
Hala, Europa kontinentaleko biztanleen heriotza-tasa estatubatuarrena baino % 40 txikiagoa izan zen; Europako hegoaldekoena, % 30 txikiagoa; eta ekialdekoena, % 13-20 txikiagoa.
Ikertzaileen esanean, ikerketak agerian jarri du AEBko aberatsak ez daudela herrialdeari eragiten dieten auzietatik aparte: desberdinkeria ekonomikoa, estresa, dieta, ingurumen-arriskuak…Horrenbestez, ohartarazi dute desparekotasun sozialari aurre egiteko politikak denentzat izango liratekeela onuragarriak, ez bakarrik pobreenentzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia