}

Abian da Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioa

2022/01/10 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Gaurtik aurrera zabalik izango da 2022ko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Aurten 10. urteurrena beteko du Elhuyar Zientzia Azokak. 2013an lehen edizioa egin zenetik, gaur arte, 12-18 urte bitarteko ia 7.000 gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.089 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dituzte gazteek, eta, horietatik, 720 lan inguru aurkeztu dituzte Bilbon antolatu diren Elhuyar Zientzia Azoketan.
abian-da-elhuyar-zientzia-azokaren-10-edizioa

 

Zientzia- eta teknologia-proiektuak garatzeko gonbita luzatzen die Elhuyarrek Euskal Herriko 12-18 urte bitarteko gazteei eta beren irakasleei; izan ere, Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten sortua, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, DBHko eta Batxilergoko gazteekin. 

Gazte-taldeek erabakitzen duten gaiaren inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da. Ekainaren lehen asteburuan ospatuko da Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusia Bilboko Areatzako kaian eta gazteek eginiko lanak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango da.

Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabala bildu du dagoeneko Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 301 ikertzailek emana dute izena 2022ko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko. Ikertzaileetatik, % 52 emakumeak dira, % 47 gizonak, eta, gainerakoak, ez-bitarrak.

Hala, beren proiektuen barnean, gazteek zientzia eta teknologiako benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte eta beren lanean bidelagun izango dituzte. 

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak eta baldintzak, eta izena emateko formularioa, Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude.

Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du, eta euskal unibertsitate eta ikerketa-zentro nagusien eta Euroeskualdearen lankidetza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia