}

Zundak: Espazio-ontzi zaharrak

2003/03/04 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Gora begira jarri zenetik, gizakiak milaka ibilgailu bidali ditu espaziora. Horietako batzuek ondo bete dute beren helburua, beste batzuek erdizka, eta badira sekulako hondamendia izan direnak ere. Denetarik aurkituko duzu ondorengo lerroetan, labur-labur bada ere, zunden historia duzu eta.
Gora begira jarri zenetik, gizakiak milaka ibilgailu bidali ditu espaziora. Sputnik 2 zaharretik oraintsu istripuan txikitu den Columbia -raino. Espazio-ontzi horiei guztiei esker Lurraren irudi dotoreak ditugu.

Sobietar Batasunaren Lunik zundak izan ziren gizakiak Ilargian jarri zituen lehen espazio-ontziak.1958an hasi ziren espaziorantz jaurtitzen. Lurraren grabitate-indarretik ihes egitea lortu zuten lehen espazio-ontziak izan ziren, baita Ilargira iritsi ziren, handik laginak ekarri zituzten eta Ilargi gainean ibilgailu bat jarri zuten lehenak ere.

Zunda biribilak ziren, 361 kilo ingurukoak. Zeramatzaten tresnetako batzuk esferatik kanpo irteten ziren, eta komunikazioetarako bost antena zituzten. Magnetometroa, Geiger kontagailua eta meteorito txikiak detektatzeko tresnak ere bazeramatzaten. Lurretik 113.000 kilometrora iristen zirenean, sodio laranja askatzen zuten; batetik, astronomoek zundaren bideari zehatz jarraitu ahal izateko eta, bestetik, gasa espazioan ikertzeko.

Estatu Batuen lehen espazio-ontziak, berriz, Pioneer zundak izan ziren. Haien egitekoa, Able programaren barruan, Lurraren grabitateari ihes egin eta Ilargira heltzea zen, han orbitan jartzeko eta argazkiak ateratzeko. Lehen hiru Pioneer zundek huts egin zuten. Hiruretatik arrakastatsuena bigarrena izan zen, Pioneer 1 zunda. Ez zuen Ilargira iristerik lortu, baina orbita parabolikoan egon zen atmosferan suntsitu zen arte. Berrogeita hiru orduko hegaldia egitea bakarrik lortu zuen, baina denbora labur horretan gauza izan zen Lurra inguratzen duen erradiazioa banda-forman egituratzen dela ikusteko. Planeten arteko eremu magnetikoa neurtzeko denbora ere hartu zuen. Zundak txikiak ziren, ez ziren 38 kilora iristen.

Aurreko hiru zunden bide bera hartuta, 1958aren bukaeran Estatu Batuek, Juno 2 kohetea erabilita, Pioneer 3 eta Pioneer 4 zundak bidali zituzten espaziora. Aurrekoen izen bera izan arren, bi zunda horiek ez zuten haien antz handirik. Txiki-txikiak ziren, ez ziren sei kilora iristen. Kono-itxura eta helburu bakarra zuten: Ilargira iristea eta erradiazioa neurtzea. Bietatik bigarrena, Pioneer 4 zunda, Lurraren grabitate-indarrari ihes egindako lehen espazio-ontzi estatubatuarra izan zen. Ilargira hurbiltzea lortu zuen, baina ez nahi beste.

Sobiet Batasuneko lehen espazio-ontziak dira irudian agertzen direnak: Ezkerretik eskuinera, Test Vehicle (1957); Sputnik launcher (1957); Vostok (1960); Voskhod (1963) eta Soiuz famatua (1988). Egun, askozaz aurreratuagoak dira espaziora bidaltzen diren tramankuluak.

Urtebete gerago, beste hiru zunda espazioratuta, Estatu Batuek Pioneer zunden belaunaldi berri bat jarri zuten abian. Porrota erabatekoa izan zen, ez baitziren Lurraren orbitara iristeko ere gai izan.

Bien bitartean, sobietarrek lanean jarraitu zuten. 1958an Ilargira iristen saiatu ziren zundak berriz diseinatu zituzten eta arrakasta lortu zuten. Lunik zunda 1959ko urtarrilean bidali zuten Ilargirantz. 361 kiloko zunda biribila zen. Ez zuen propultsio-sistemarik; hortaz, baliteke bere helburua Ilargiaren kontra talka egitea izatea, Sobietar Batasunaren ikur ugari baitzeramatzan. Akats bat zela tarteko, ez zen Ilargira iritsi. Hala ere, Ilargiak ez duela eremu magnetikorik eta eguzki-haizeak eguzki-sistema zeharkatzen duela erakutsi zuen. Denbora gutxira Luna 59A zunda bidali zuten Ilargirantz, baina Lurraren orbitatik haratago joaterik ere ez zuen lortu. Erabateko arrakasta Lunik 2 zundarekin iritsi zen.

1959ko irailaren 12an abiatu zen Baikonurretik eta 14an iritsi zen Ilargira, Palus Putredinus eremura. Hogeita hamahiru orduko bidaia izan zen. Lunik 2 zundaren ostean Lunik 3- a iritsi zen, irudi-sistema bat eraman zuen lehena. Sistema bi lentedun kamera batek, pelikula prozesatzeko sistemak eta eskaner batek osatzen zuten. Berrehun mm-ko lentearekin Ilargiaren irudi orokorrak hartu zituen; Bostehuneko lentearekin, berriz, Ilargiko gune jakin batzuenak. Argazkiak atera ahala, prozesatu-sisteman irudiak errebelatzen ziren, eta eskanerrak seinale elektriko bihurtzen zituen irudiak Lurrera bidali aurretik. Hari esker, Ilargiaren ezkutuko aurpegiaren lehen irudiak lortu ziren. Zundak zilindro-itxura zuen eta 278 kiloko pisua. Kanpoaldean eguzki-plakak zituen, zundaren funtzionamendua ziurtatzeko. 1960ko apirilean Lurraren atmosferan sartu eta suntsitu egin zen.

Viking espazio-ontzia, aireratu zen egunean. Gaur egun bestelako egitura dute espazio-ontziek.

Gerora, Ilargiaren ezkutuko aurpegiari argazki gehiago ateratzeko, Lunik serieko beste bi zunda bidaltzen saiatu ziren, baina porrot egin zuten. Marsnk 1 eta Marsnk 2 zundak Martera iristeko lehen saiakera izan ziren, baina Lurra uzterik ere ez zuten lortu. 640 kiloko espazio-ontzi zilindrikoak ziren, eguzki-plakaz eta antenaz jantzitakoak.

1961 eta 1962 urteen artean, Sputnik 7 , Sputnik 19 , Sputnik 20 eta Sputnik 21 zundak Artizarrera bidaltzen saiatu ziren sobietarrak. Hainbat arrazoi zela medio, ustelak gertatu ziren lau saiakerak. Aurreko zundekin konparatuta, haiek askoz ere handiagoak ziren, 6.500 kilo ingurukoak. Horietako bat gizakiak gidatzea izatea ere pentsatu zuten, baina azkenean ez zen horrelakorik gertatu.

Venera 1 zundak lortu zuen lehen aldiz Artizarrera hurbiltzea. Zilindro-itxurakoa zen, bi metroko altuera zuen eta komunikazioetarako beste bi metroko antena zeraman. Magnetometroa, ioi-detektagailua, mikrometeoritoen detektagailua, eta erradiazio-kontagailua zituen. Astebetean 2.000.000 kilometroko bidea eginda zuela, kontaktua galdu zen ontziarekin. Hiru hilabete geroago, Artizarretik 100.000 kilometrora iragan zen, Eguzkiaren satelite bihurtu zen arte.

Phobos 1 eta Phobos 2 zundak berdin-berdinak ziren. Marteko Fobos ilargira iritsi eta han lurreratzeko helburua zuten. Zundetako bakoitzak, bere tresnez gain, irudiak, datuak eta laginak hartzeko Fobosera jaitsiko ziren bi ontzi zituen. Zunda biak Proton-K kohetearekin jaurti zituzten.

Phobos 1 zunda 1988ko San Fermin egunean espazioratu zen eta ondo ibili zen irailaren hasiera arte. Komunikazio-saio batean, ordea, konexioa eten egin zen eta ez zuten inoiz berreskuratu. Dirudienez, agindu oker baten ondorioz zundaren orientazioari eutsi behar zioten toberak geratu egin ziren. Horrela, eguzki-panelak ezin ziren Eguzkiari begira jarri eta elektrizitate barik geratu ziren.

Phobos 2 zunda ondo ibili zen Martera iritsi arte. Fobosera iristear zegoela, 50 metrora, eta lurreratzeko gailuak askatu behar zituenean, konexioa galdu egin zen. Zundaren ordenagailuan gertatutako akats bat izan ei zen okerraren arrazoia. Marteri 52 bira eman zizkion eta 37 argazki bidali zituen, baina ezin da esan arrakastatsua izan zenik, ez zuelako izan Fobos ilargian lurreratzerik.

Ranger proiektua Estatu Batuek Ilargirantz zundak bidali eta handik erresoluzio handiko irudiak bidaltzeko lehen saiakera izan zen. Proiektuan bederatzi zunda erabili ziren; sei lehenek porrot egin zuten, baina Ranger 7 , Ranger 8 eta Ranger 9 zundek erabateko arrakasta izan zuten. Hiru zunden artean 17.200 irudi bidali zituzten. Irudi horiek Surveyor eta Apolo espazio-ontziek non lurreratu behar zuten erabakitzen laguntzeaz gain, Ilargiaren zoruko xehetasunak ikusteko aukera eman zuten.

Ranger zundak 305 eta 367 kilo artekoak ziren. Kono-itxura zuten eta hiru eta lau metro arteko altuera. Zunda gidatu ahal izateko, nitrogenozko propultsoreak zituzten; energia elektrikoa, berriz, metro eta erdiko bi eguzki-panelen laguntzaz lortzen zuten.

Komunikazioak norabide orotako antena batekin eta antena paraboliko batekin egiten ziren. Sei kamerako telebista-sistema zuten, guztiak berdinak, baina mailaka lan egiten zutenak. Ilargiarekin talka egin aurretik, hurbildu ahala argazkiak ateratzen zituzten. Azken irudia talka egin baino hiru segundo-hamarren lehenago hartu zen.

Mariner 1 eta Mariner 2 zunden helburua Artizarrera hurbiltzea zen, eremu magnetikoari, kargatutako partikulei eta planetaren masari buruzko informazioa pilatzeko. Lehena jaurti eta berehala suntsitu zen; bigarrena, berriz, guztiz arrakastatsua izan zen. Mariner 2 1962ko abuztuan aireratu zuten. Guztia ondo zihoan irailaren 8an zundak gidatzeko ahalmena galdu zuen arte. Zorionez, minutu gutxitan konpondu zuten arazoa. Urriaren 31n beste ezusteko bat: eguzki-paneletako bat bat-batean itzali zen. Astebete geroago, berriro lanean hasi zen eta tresneria guztia berreskuratzeko aukera egon zen. Abenduaren 14rako, Artizarraren ezkutuko aurpegiaren lehen irudiak bidaltzen hasi zen, planetatik 34.000 kilometrora zegoela. Zunda horrek, besteak beste, bi aurkikuntza egin zituen: Artizarran dauden tenperatura altuen eta hango atmosferak duen karbono-dioxidoaren berri eman zuen.

Artizarra utzi eta handik aurrera, Mariner zunden helburua Marte izan zen. Mariner 4 zunda 1964ko azaroaren 28an jaurti zuten espaziora eta Marteko orbitara 1965eko uztailaren 14an iritsi zen, Marteko azaletik 9.920 kilometrora. Kraterrez betetako planeta erakusteaz gain, gehienbat karbono dioxidoz osatutako atmosfera zegoela baieztatu zuen, eta planeta gorrian eremu magnetiko txikia detektatu zuen. Mariner 6 eta Mariner 7 zundak Marteko ekuatorerantz eta Hego polorantz bidali ziren 1969ko otsailean eta martxoan. Biak Marteko azaletik 3.500 kilometro ingurura pasatu ziren. Mariner 9 zunda 1971ko maiatzaren 30ean bidali zuten Marterantz eta azaroaren 24an jarri zen orbitan.Estatubatuarren espedizio hark izugarri argazki onak lortu zituen, bai Martekoak bertakoak, eta baita Fobos eta Demos Marteren sateliteenak ere.

Dena den, planeta gorrira gizakiak bidalitako zerbait lehenengo iristearen ohorea Sobietar Batasunari dagokio. Mars 3 zunda: 1971ko maiatzaren 28an Lurretik abiatu eta urte bereko abenduaren 2an Martera bertara iritsi zen. Marten lurreratu bezain pronto telebista-irudiak bidaltzen hasi zen, baina 20 segundora emisioa eten egin zen. Hala ere, tenperaturei buruzko datuak jaso ahal izan ziren. Mars 4 , Mars 5 , eta Mars 6 zundak 1973. urtean jaurti zituzten Marterantz. Orbitara iristea lortu zuten, baina gero galdu egin ziren.

Horiek bezala Viking 1 eta Viking 2 zundek Marte zuten helburu. NASAk 1975ean bidali zituen Martera eta hurrengo urteko ekainean eta uztailean iritsi ziren planeta gorrira. Lurrera irudi ugari bidaltzeaz gain, Marteko lurzoruaren azterketak egin zituzten bizirik ba ote zegoen edo ez zegoen ikusteko mikroorganismoen eta uraren bila aritu ziren. Bi zunda orbitan geratu ziren eta beste bik Marteko lurzorua zapaldu zuten, batek Utopia izeneko lautadan eta besteak Marteko mendebaldean.

Rosetta -k itxaron egin behar

Gizakiak inoiz irudikatutako abenturarik ikusgarrienetakoa urtarrilean zen abian jartzekoa: Rosetta proiektua. Guztia prest zegoen, baina Ariane jaurtigailuak duela hilabete batzuk izandako hutsak galarazi zuen proiektua abiaraztea.

Rosetta zundaren helburua Wirtanen kometa zen, Lurretik gutxi gorabehera 6,2 milioi kilometrora dagoen kometa. Rosseta Wirtanen kometara hurbilduko zen, haren orbitan jarri eta iceberg kosmikoan lurreratuko zen ibilgailua askatuko zuen. Horrela esanda, abenturak ez dirudi beste mundukoa, baina teknikoki oso zaila zen. Izan ere, kometa harrapatzea zaila bada, lurreratzea askoz ere zailagoa da. Lurreratzea ezin da Ilargian edo Marten bezala egin. Kometetan grabitatea oso txikia izaten denez, lurreratzean errebote txiki bat nahikoa izango litzateke ibilgailua betiko galtzeko unibertso sakonean.

Hori dela eta, ESAko zientzialariek kometan lurreratu ahal izateko sistema bat baino gehiago prestatu zituzten, modulua lurreratu behar zuen tokian gera zedin. Horrela, talkaren ondorioz automatiko jarriko ziren abian izotzetarako torloju bereziak, tresna zoruan finkatzeko. Lurreratzeko sistemaren aginduz agertuko ziren bi arpoi ere bazituen, eta, horrekin batera, moduluari zoruan itsatsita eusteko adinako bulkada sortzeko gai izango zen gas-botila.

Modulua kometan ongi ainguratuta geratu ondoren, ikerketa-lana hasiko zen. Helburua Lurraren eta planeta-sistemaren jaiotzari buruzko informazioa eskuratzea zen. Kometak Eguzkiarekin eta planetekin batera eratu ziren. Haiek ez bezala, kometak ez dira denborarekin aldatu. Horregatik uste da gure planeta-sistemaren jaiotzari buruzko informazioa daramatela, duela gutxi gorabehera 4.500 milioi urteko informazioa alegia.

ESAko zientzialariek eta ingeniariek erronka handiei egin behar izan diete aurre Rosetta proiektuan. Ariane jaurtigailuaren arazoek proiektua bertan behera uztea eragin dute, baina ez betiko. Epeak atzeratu egin dira, eta Ariane jaurtigailuak arazorik ez duela izango ziurtatzen dutenean berriro jaurtiko dute. Hori bai, proiektuaren arduradunek kometaz aldatu beharko dute, dagoeneko ezinezkoa izango baita Wirtanen kometa harrapatzea.


Non daude zundak orain?
Jakin nahi duzu?

Interneteko helbideetan begiratu eta zure jakin-mina ase ahal izango duzu.

Mars Global Surveyor
Ulysses zunda eguzki-sistemaren zein tokitan dagoen. Hiru dimentsioko grafiko elkarreragilea eta datuak eskuratzeko aukera.
Voyager 1 eta Voyager 2.
Pioneer 10 eta Pioneer 11 .

Posizioa eta datuak
ESAren hainbat sateliteren kokapena
Ilargian non lurreratu ziren zundak
Apollo modulo guztiak dauden tokiak
Nazioarteko espazio-estazioa, Chandra , Hubble ... non dauden ikusteko.
Genesis zunda
Mars Odissey
Stardust eta Wild kometa
Galileo zunda
Cassini Saturnorantz


http://www.jpl.nasa.gov/cassini/today/1.jpg

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia