}

Zumaia, inguruko naturgune interesgarriak (II)

1990/05/01 Teres, Jose Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Irakurlea ELHUYARen martxoko 33. alean Beduan ginela gogoratuko da, eta oraingo honetan hegakada azkar batean Urolaren gainetik, Santiagoko hondartzara abiatuz, Zumaiako padura txiki eta zoragarria aurkituko dugu.
Padura itsasbeheran, erdikaldean landaredi halofiloz (paduretako landaredi tipikoaz) horniturik. Oso leku garrantzitsua da limikoloen pase-atsedenerako; halaber kaio desberdinek negua igarotzeko.

Santiagoko hondartza-padura, lautada alubiala da; koaternarioko sedimentuz osaturikoa eta Urola ibaiaren bokalean kokatzen dena. Bere azalean, landarez osaturiko zona interesgarri bat agertzen da, bertan nagusi den landare-espeziea gramineo bat Spartina alterniflora delarik. Landare honek (Iparramerikatik etorria) egunero itsasoaren eragina jasan behar izaten du, bizileku gogor honetara ondo egokitzeko moldaera bereziak aurkeztuz. Gramineo honekin batera, beste espezie halofilo batzuk agertzen dira, bakar batzuk oso garrantzitsuak izanik (irudian agertzen den Limonium humile izenekoa esate baterako). Aipaturiko espezie hau, Euskal Herrian Gipuzkoako beste padura batean bakarrik aurkitzen da, Zumaiako aipamena berria izanik.

Leku bera, itsasgora denean. Etengabeko dinamika gogor honetan, bertako landarediak espezializazio-maila handia lortuz, gazitutako hondar lohitsua kolonizatu du.

Bestalde, Santiagoko hondartza-paduran, urtean zehar ekosistema hauekin erlazionaturik dauden hegazti desberdinak ikusteko aukera izaten denez, zona honen balio ekologikoa oso handia da. Espezie-kopururik handiena udaberriko eta udazkeneko egunean ikusten bada ere, negu aldean kaio-taldeek erabiltzen dute batez ere aipaturiko zona. Kaio hauskara eta antxeta mokogorria izaten dira ugarienak, azkeneko honen kopurua aurtengo neguan 400ekoa izanik. Kaio txiki hau (39 cm), Europako kaiorik arruntena da, eta umatzen den lurraldeetan (Holandan, Belgikan, ...) izurrite bihurtu da. Kaio guztien artean oso nabarmena da, hanka eta mokoa gorrixkak dituelarik.

Zumaiako paduran ugari den beste espezie bat, kaio hauskara da; gure itsas bazterretako habiagile nabarmena (Ogoño-Izaro, Gaztelugatxe, Bakio, Ulia, Jaizkibel...). Tamaina handiko (56 cm) espezie honek kilorainoko pisua izaten du. Zumaian ikusten diren kaio hauskara gehienak, hanka horikoak izaten dira (hemengo espezie honen ezaugarri tipikoa). Hala ere, Europatik jaisten direnak ere ikusten dira, azkeneko hauek arrosa-koloreko hankak dituztelarik.

Limonium humile.

Kaio-familiaren barruan beste espezie desberdin batzuk ere ikusten dira: kaio iluna (normalean ale batzuk besterik ez kaio hauskaren artean), antxeta hankabeltza, txenada hankabeltza (azkeneko hau migrazio igaroaldietan nahikoa ugaria) (90-IV-13, 20 ale), txenada txikia...

Zumaiako paduran agertzen den hegazti-talde garrantzitsua limikoloena da, dudarik gabe. Hegazti-pasea denean, limikolo hauen kopurua nahikoa handia izaten da. 89-IV-15ean 400 limikolo desberdinek beren bide luzeko atsedenaldia egin zuten aipaturiko zonan arratsalde polit batean. Limikolo hauen artean, txirri arrunta izaten da ugariena (89-IV-22, 200 txori), baina talde honen barruan beste espezie asko ikusten dira: hegabera, txirri grisa, txirri zuria, txirritxo handia, txirritxo txikia, txirri lodia, txirri txikia, kurlinta bekainduna, kurlinta handia, kuliska buztanbeltza, kuliska gorria eta bernagorri arrunta. Hauetariko batzuk negutarrak izan arren, beti talde txikietan agertzen dira (89-XII-22, txirri arrunta 8 txori). Badira noizbehinka eta oso erregularki ikusten diren beste limikolo batzuk ere: itsamika, txirri kurlintea, abozeta, zankaluzea, kuliska zuria eta harri-iraularia.

Antxeta mokogorria.

Irakurlea konturatuko denez, padura bitxi honetan ikus daitekeen hegazti-espezieen kopurua oso nabarmena da eta era berean oso interesgarria ere bai, gure lurraldean desagertzeko zorian aurkitzen den ekosistema hauetariko espezie tipikoak direlako. Badira nahiko arraroak diren espezie batzuk ere. Beltxarga arrunta esaterako, Santiagoko paduran ikusi izan da. Euskal Herrian gutxitan aipatu da eta, 1987ko udan Txingudin ikusi bazen ere, gure itsas bazterretik kilometro gutxira habia egiten duenez handik etorritakoak direla pentsa daiteke. Beste espezie urri bat, eta zona honetan ikusitakoa, paita arrunta da. Gainera irregularki ikusten diren hurrengo espezie hauek ere aipa ditzakegu: antzarra hankagorrizta, ahate txistularia, basahatea eta lertxuntxo txikia

89-90ko neguan askotan ikusi dena
Txirri arruntak, neguko lumak erakutsiz.

Hegaztien taldeari amaiera emateko, ohar batzuk azpimarratu nahiko genituzke. Beduari buruz ari ginenean, hegazti desberdinentzat oso leku aproposa zela errepikatu genuen, eta bai Beduan eta bai Santiagoko hondartza-paduran dauden gehienek, itsas eraginaren arabera bi leku zoragarri hauek batera erabiltzen dituzte. Horregatik bi zona hauek babestu egin behar direla pentsatzen dugu, bien artean sistema bakar bat osatuz. Bestalde, horrelako zonak babesten direnean (kasu honetan hegaztiak babesteko) “ehiza debekatu egiten da”, baina errealista izanik, babestu nahi diren zonak oso txikiak direnez beren mugetatik metro gutxira debeku horrek balio ez izateak ez dirudi oso logikoa denik. Dena den, hurrengo batean hitz egin genezake gai honetaz eta momentuz zona guzti hau deskribatzen segituko dugu.

Arraroa izan arren, beltzarga arruntak ere bisitatu du Zumaiako padura.

Hondartza honek, Gipuzkoan gelditzen den azkenetariko duna-hondartzetako landare-sistema du, eta Zarauzkoarekin batera bakarra da. Horregatik, bertan bizi diren landareak desagertzeko zorian aurkitzen dira, bizi-leku hauek desagertzen ari direnaren arabera. Oso tristea da urtean zehar landare hauek bertan bizi ahal izateko lortu behar izan duten espezializazio egokia egun batetik bestera txiringito zoragarriak, zementuzko ibilbideak, aparkalekuak... direla eta beren bizilekuak suntsituz pikotara bidaltzea, eta noski, beraiekin batera landare zoragarri hauek ere bai. Pentsatu hondartza eta dunetan bizitzea oso zaila dela. Alde batetik hondarra ez da batere trinkoa izaten eta haizeak oso erraz eramaten du alde guztietara.

Horregatik, sustrai-aparatu bortitzak garatu behar izan dituzte. Bestalde hondarra oso iragazkorra denez, ura erraztasun handiz iragazten da, eta ura behar denean ere, horra hor arazoak. Guzti hori konpontzeko, euria egiten duenean ura gordetzeko sistemak lortu dituzte batzuek; besteek sustrai luzeak. Gainera ekosistema hauetan eguzkiaren indarra edota haizearena oso indartsua izaten da. Halaber, itsasoak ur-partikulen bidez bidaltzen duen gazitasuna ere eta noski zona hauetan izaten den presioa kontutan hartuz, begibistan dago bertan bizitzeko baldintzak oso gogorrak direla, eta landare hauek beste tratamendu bat merezi dutela, ikerketa desberdinak egiteko oso aproposak izanik.

Lagurus ovatus
, duna eta hondartzetako espezie tipikoa dugu.

Horregatik Gipuzkoako Foru-Aldundiak zona hau babestua izan dadin egindako proposamena, bidezkoa ezezik beharrezkoa da eta aspalditik egin beharrekoa gure eritziz. Hala ere, proposamen hau gauzatzen den bitartean dagokionak neurri minimo batzuk hartzea komenigarria litzatekeela pentsatzen dugu: zenbait lekutan zaborrak bildu eta bertan su ematen zaienez, zona honen txukuntasuna zaintzea, informazio orokorra eskaintzea, landaretzaren kontrol zehatza egitea...

Dena den, nahiz eta espezie batzuk aipatu ez, irakurleak zona honetako landaretzari buruz informazio orokorra eta zehatza jaso nahi badu, kalean aurkitzen diren bi liburutan (“Catálogo floristico de Alava, Vizcaya y Guipuzcoa” eta “La Vegetación de la Comunidad Autónoma del Pais Vasco” izenekoak, bertako egile desberdinek eginak eta Eusko Jaurlaritzak gaztelaniaz argitaratuak) aurkituko du.

Duna-hondartzetako krabeliña.

Esan bezala, Zumaia inguruko ekosistema honen aberastasun ekologikorik garrantzitsuenak aipatzen saiatu gara, oraindik ere hirugarrena gelditzen zaigularik. Baina bitartean, leku hauetara bueltatxo bat emango bazenute, nahiz uda garairik txarrena izan, goiz edota arratsalde partez joanez gero duten edertasunaz jabetuko zaretela ziur gaude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia