}

Zuhaitzek hostoen tenperatura kontrolatzen dute, baina zenbat?

2008/06/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batek polemika sortu du. Artikulu horretan, Pennsylvaniako Unibertsitateko talde batek proposatu du zuhaitzak gai direla hostoen tenperatura zehaztasun handiz kontrolatzeko. Haien ustez, negua edo uda izan eta iparraldean edo hegoaldean egon, hostoen tenperatura 21 º C-tik ez urruntzea lortzen dute zuhaitzek.

Hostoen tenperaturak ia konstante irautea garrantzitsua izan daiteke zuhaitzarentzat fotosintesiaren ikuspuntutik, tenperaturarekiko oso prozesu sentikorra baita. 21 º C tenperatura egokia da fotosintesia egiteko. Pixka bat hoztuz gero, gradu gutxi batzuk badira ere, fotosintesian parte hartzen duten proteinak moteldu egiten dira, eta eragiten duten erreakzio kimikoa mantsotu egiten da; pixka bat berotuz gero, berriz, hostoaren zelulen mintza desitxuratu egiten da, eta fotosintesiaren proteinei, hain zuzen, mintz horrek eusten die. Beraz, hostoen tenperatura kontrolatuz gero, fotosintesia egiteko kondizio perfektuak lortzen ditu zuhaitzak.

Zuhaitzen kimika ez da animalia handiena bezalakoa; ezin dute tenperatura kontrolatu erreakzio kimikoen bitartez. Baina beste sistema batzuk erabiltzen dituzte. Hostoen angelua alda dezakete, Eguzkitik bero gehiago edo gutxiago jaso dezaten. Izeiek eta iparraldeko zuhaitz askok, gainera, hostoak elkarren kontra pilatzen dituzte hotzetik babesten dituzten aire-geruzak sortzeko. Bestalde, hostoen estomak irekita eta itxita ere kontrola dezakete hostoaren tenperatura.

Galdera da zenbateko zehaztasunez kontrolatzen duten zuhaitzek tenperatura sistema horien bitartez. Pennsylvaniako taldearen neurketen arabera, kontrola oso zehatza da. Beste ikertzaile batzuek neurtze-sistema kritikatu dute.

Pensylvaniako taldeak zuhaitzaren enborraren oxigeno-atomoak aztertu ditu, zehazki, oxigenoaren bi isotoporen arteko proportzioa (oxigeno-16 eta oxigeno-18).

Airean, proportzio hori tenperaturarekin eta hezetasunarekin aldatzen da. Horregatik, une eta toki jakin bateko datua esku artean izanda, konparatu daiteke zuhaitzak enborrean pilatu duen isotopoen proportzioarekin. Ezberdintasunik balego, ustez, hostoen berezko tenperaturak eragindakoa litzateke, eta hortik hostoaren une hartako tenperatura kalkula daiteke. Horrela neurtu du Pennsylvaniako taldeak hostoen tenperatura.

Baina neurketa horien emaitzak ez datoz bat aspalditik eta metodo zuzenagoen bitartez egindakoekin. Hostoetan termopareak jarrita, adibidez, ikertzaile batzuek oso tenperatura aldakorrak neurtu dituzte hostoetan. Korner alemaniarrak ere, hostoen arteko aire-geruzen eragina neurtu zuen ikertzaileak, neurtze-metodoa kritikatu du; izan ere, zuhaitzak ez dira une oro hazten, eta, beraz, ez dute oxigenoa enborrean etengabe pilatzen.

Argazkia: Morguefile

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia