}

Hostorik ez, fotosistesirik ez.

2002/12/26 Elhuyar Zientzia

Zientzia.net-eko foroan egindako galdera. Xabi.
Fotosintesia egiteko prozesua hostoetan gertatzen baldin bada, zer gertatzen zaie zuhaitzei neguan, hostoak galdu dituztenean?

Hostoak galtzen dituzten zuhaitzek, neguan, ez dute fotosintesirik egiten. Beren jarduera metabolikoa minimora jaisten dute eta ezinbestekoak diren funtzioak baino ez dituzte aktibo mantentzen; hibernatu egiten dutela esan daiteke.

Hala ere, zuhaitz denek ez dituzte hostoak galtzen eta, klimaren arabera, hiru taldetan banatzen dira.

Klima beroko lurraldeetan, Mediterraneotik behera, zuhaitzek urte guztian edukitzen dituzte hostoak eta, beraz, urte osoan egiten dute fotosintesia.

Klima epelekoetan, berriz, Europan esaterako, neguan hotz egiten du eta zuhaitz gehienek hostoak galdu egiten dituzte, bestela kaltetu egingo bailitzaizkieke. Ikuspuntu energetikotik, zuhaitzentzat hostoak urte guztian gordetzea baino 'merkeagoa' da udazkenean hosto guztiak galdu eta negua hibernatzen pasatzea. Gero, uda luzea denez, hosto berriak sortzeko eta hazteko denbora nahikoa izaten dute.

Ez zaie gauza bera gertatzen, ordea, klima oso hotzeko tokietan; poloetatik gertu edo mendi garaietan. Neguak luzeak eta gogorrak dira eta udak, berriz, motzegiak zuhaitzek zikloa ongi bete ahal izateko. Herrialde horietan, pinua bezala hosto erresistenteak dituzten zuhaitzak dira nagusi. Zuhaitz horiek, neguan, ez dituzte hostoak galtzen dagoen argi apurra ere aprobetxatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia