}

Zientzia-lerroak prentsan

2008/11/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Teknologia, osasuna eta informatika izan dira zientzia-gai ohikoenak Euskal Herrian editatzen diren egunkarietan 2008ko lehen lau hilabeteetan. Hala ere, egunkarietako azalei begiratuta, sailkapena aldatu egiten da: osasun-gaiak agertu dira gehien azaletan; ondoren, ingurumena eta teknologia, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
Zientzia-lerroak prentsan
2008/11/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: G. Roa)

Horiek dira Elhuyar Fundazioak egindako azterketa baten emaitzetako batzuk. Euskal Herrian editatzen den prentsa aztertzea zuten helburu, eta, horretarako, hamaika egunkari aztertu dituzte ( Berria, Deia, Diario de Navarra, El Correo Español, El Diario Vasco, Gara, Le Journal du Pays Basque, Diario de Noticias, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava eta Sud Ouest ). Azterketan, 2008ko urtarrilaren 1etik apirilaren 30ean argitaratutako aleak hartu dituzte kontuan. Zientziak prentsan duen presentzia aztertzeko, zientzia-, teknologia- edo berrikuntza-gaiak hizpide dituzten testu guztiak jaso nahi izan dituzte.

Guztira, 6.448 testu jaso dituzte. Testu gehienak gaztelaniaz daude argitaratuta, % 82, hizkuntza horretan argitaratzen baitira aztertutako hedabide gehienak. Testu gehien Vocento taldeko bi egunkariek argitaratu dituzte, El Correo Español eta El Diario Vasco egunkariek (932 eta 741 testu, hurrenez hurren), eta sailkapen horretan hirugarrena Noticias de Gipuzkoa egunkaria izan da (715 testu).

Zientzia ez da garrantzitsua

Argitaratutako testu gehienak oso garrantzi txikikoak izan dira (1.089 testu), Richard Budd-en garrantzi-eskala irizpide hartuta (albistearen tamaina, hartzen duen espazioa, orrialdearen zenbakia eta erabilpen grafikoan oinarrituta), eta erabateko garrantzia izan duten testuak, berriz, 55 besterik ez dira izan.

Garikoitz Otamendik, Ixabel Charrittonek eta Bego Zubiak osatu dute lantaldea. Argazkian, Garikoitz Otamendi eta Bego Zubia.
E. Carton

Azterketaren emaitzek argi adierazten dute teknologiarekin, osasunarekin, informatikarekin eta ingurumenarekin lotutako gaiak aukeratu ohi dituztela kazetariek zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-alorreko informazioak lantzean.

Gai horiek lantzean, informazio hutsa --albisteak luzeak eta laburrak-- eskaini ohi dute egunkariek, nahiz eta ezin esan daitekeen interpretazio-generoa albo batera uzten dutenik.

Garbi gelditu da, baita ere, egunkariek ez dutela zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko iritzi askorik ematen, eta are gutxiago euren iritzi propiorik. Hamaika egunkariek 26 editorial besterik ez dute argitaratu.

"Nahiz eta gutxi izan, gero eta iritzi-artikulu gehiago dago; atentzioa eman dit horrek", dio Bego Zubiak, azterketaren arduradunak. "Editorialak eta iritzi-artikuluak gutxi dira, baina ugaritzen ari dira. Horrek adierazten du gai hauen inguruan hausnartzeko beharra dagoela."

Positiboak nagusi

(Argazkia: M.K. Urdangarin)

Edonola ere, egunkariek zientzia, berrikuntza eta teknologiaren aldeko jarrera dutela esan daiteke, nahiz eta eurek zuzenean iritzi hori ez adierazi. Izan ere, argitaratzen diren informazio gehienen ikuspegia positiboa da, nahiz eta kazetaritzan, oro har, albiste bihurtzeko aukera gehiago duten albiste txarrek albiste onek baino.

Zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-alorreko Euskal Herriko zein Europako informazio ofizialak dira nagusi egunkarietan; izan ere, iturrien erdiak baino gehiago, % 60, erakundeak izan ziren. Ezin aipatu gabe utzi testuen % 25ean ez dagoela esaterik albistea non sortu den, edo nor den informazioaren erantzule, egunkariek ez baitute datu hori eman.

Egunkariek zientzia-albisteak zein ataletan argitaratzen dituzten ikusteak beste datu interesgarri bat eman du. Azterketa horrek islatu du zientziak, gaur egun, ez duela ikerketarekin bakarrik zerikusia. "Lehen kolpean harritu egin nau zientzia-albiste gehienak aisialdian eta kultura-orrialdeetan izateak" dio Zubiak. "Baina hori aztertuz gero, ez da horren harrigarria, atal horietako gauza askok teknologiarekin zerikusia baitute. Esate baterako, motorra azaltzen da asko, eta informatika, ordenagailuak eta komunikazio-tresna berriak."

Europari begira

(Argazkia: M.K. Urdangarin)

Azterketa Euskal Herrian editatzen den prentsaren isla da, baina lortutako emaitzak azterketa zabalago batzuek emandakoen antzekoak dira. Lan honek hori ere jaso izan nahi du, eta, horretarako, Europa mailan egindako azterketa batekin alderatu dute. Europako Batasunak 2007ko abenduan plazaratutako azterketa bat da, kazetarien pertzepzioa jasotzen duena, European Research in the Media: what do Media Professionals think? (Ikerketa europarra komunikabideetan: zer iritzi dute komunikabideetako profesionalek?).

Konparaketan ikusten da euskal hedabideek zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-gaiak lantzeko hautatzen dituzten gaiak Europako kideek hautatzen dituztenen antzekoak direla, eta albisteen jatorria eta egilea identifikatzeko dituzten arazoak ez direla euskal kazetarienak bakarrik, Europako profesionalek arazo bera nabarmentzen baitute dituzten erronken artean.

Zientzia komunikabideetan: bi iritzi
Txema Ramirez de la Piscina EHUko kazetaritza-irakaslea
Komunikabideetan, gero eta hobeto tratatzen da zientzia?
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, emaitzak hor daude; zientzia gero eta toki gehiago ari da hartzen komunikabide guztietan, bai prentsan, bai irratian, bai telebistan eta bai Interneten. Horrek esan nahi du kezka egon badagoela. Askotan esaten da oso gutxi hitz egiten dela zientzia-kazetaritzaz, baina gero mundu guztiak hitz egiten du Genevako LHC azeleragailuaren inguruan; agian, kontakizun huts batekin. Nire lagun bati alabak esan zion munduaren akabera etorriko dela. Pertsona horrek egin duen irakurketa okerra da, baina, gutxienez, horretaz hitz egin da. Duela urte batzuk ia pentsaezina zen horrelako zerbait gertatzea: LHC famatuaren albistea albistegi guztietan azaldu zen.
Nolakoa da zure esperientzia?
Nik Kazetaritza Espezializatua izeneko ikasgaia irakasten dut Euskal Herriko Unibertsitatean, eta horren barruan sartzen da zientzia-kazetaritza. Galdera bat egiten diet urtero ikasleei: zuen artean nork du gustuko zientzia-kazetaritza? Eta oso gutxi ausartzen dira eskua jasotzera. Askoz arrakasta handiagoa dute beste diziplina batzuek, kirol-kazetaritzak, esate baterako. Horrek ematen du, apur bat, zientzia-kazetaritzaren inguruan gertatzen denaren neurria.
Benetan, aurreiritzi franko daude zientziaren inguruan; betidanik ikusi dugu zaila, aspergarria, elitista eta minoritarioa. Eta batzuetan horrela da. Batzuetan gauzak zaildu egiten dira, edo dibulgatzaileek ez dute asmatzen. Baina egia ere esan behar da: ahalegin ikaragarriak egiten dira, eta gero eta dibulgatzaile hobeak ditugu, toki eta diziplina guztietan. Eta, horri esker, uste dut zientzia-kazetaritza ari dela pixkanaka gero eta gehiago zabaltzen; alde batetik, zientziaren profileko asko eta asko komunikazioaren eremura etorri direlako, eta, alderantziz ere bai, komunikazioaren mundutik hainbat eta hainbat profesional joan direlako zientziaren mundura. Sinbiosi hori, zubi-lan hori, ezinbestekoa da zientziaren dibulgazioa behar bezala egin ahal izateko.
Txema Ramirez de la Piscina
(Argazkia: EHU)
Zerk egiten du ona zientzia-albiste bat?
Konplexutasuna errazteko kazetariak erabiltzen dituen baliabideek. Esate baterako, oso gai konplexua izan daiteke, baina kazetaria gai baldin bada analogia eder baten bitartez gauzak azaltzeko, oso gertuko adibideak jarriz, horrek gauzak erraztuko ditu, eta askoz errazago irentsiko ditu irakurleak edo entzuleak. Baina askotan zaila da.
Lehenik eta behin, kazetariak jakin-mina izan behar du; etengabe egin behar dizkio galderak bere buruari. Betidanik eman diguten bertsio horrekin konformatzen baldin bada, bada, ez du jakingurarik. Eta ezinbestekoa da. Eremu ezezagunetan sartzeko ausardia, Kantek esaten zuen sapere aude! (ausartu gaitezen gure kabuz pentsatzen), ezinbestekoa da. Esandakoa: dibulgatzaile ona izateko, erabili analogiak, erabili metaforak, gertuko adibideak eta umorea, zergatik ez. Beti pentsatu dugu zientzia aspergarria dela, eta hori ez da inolaz ere egia. Ikasi behar dugu entretenimenduaren bitartez dibulgatzen. Hainbat eta hainbat tokitan egunero frogatzen da posible dela, eta gure artean ere lortu behar dugu hori.
Michel Claessens
Europako Batzordeko Ikerketa Zuzendaritza Nagusiaren informazio- eta komunikazio-unitatearen burua.
Komunikabideetan, gero eta hobeto tratatzen da zientzia?
Michel Claessens
(Argazkia: Europako Batzordea)
Nire ustez, alde batetik aurrerapenak daude, baina, bestetik, atzerapenak. Aurrerapenak: zientzia-orri onak daude Europako prentsan, eta irrati- eta telebista-programa onak. Gainera, ikusten dut gero eta albistegi gehiagotan ari direla zientzia- eta teknologia-elementuak sartzen. New York Times egunkariaren politika jarraitzeko moduko eredu bat da. Gai garrantzitsu bat tratatzeko, beti jartzen dute lanean zientzia-kazetari bat barne duen talde bat. Adibidez, Irakeko gerraren berri eman zuen taldean, zientzia-kazetari bat zegoen.
Atzerapenak: komunikabide batzuek zailtasunei aurre egin behar diete, bai eta zientzia-kazetari batzuek ere ( freelancer -en proportzio handiena zientzia-kazetaritzan dago). Eta ikusten da edozein komunikabidetan zientziako zutabeak lehian daudela beste gaietakoekin. Eta komunikabide batzuk erabat utzi diote zientzia tratatzeari. Gure azken Eurobarometroak, 2007ko abendukoak, erakutsi zuen, oro har, europarrak pozik daudela komunikabideek zientzia maneiatzeko duten moduarekin.
Zein izan da zure esperientzia?
Esperientzia positiboa izan dut komunikabideekin. Kimikaria naiz, eta gustuko dut esatea zientzialariak eta kazetariak gauza askotan berdinak direla. Hala ere, uste dut zientzialariek ez dutela behar bezala errespetatzen kazetarien lana. Ikerketa-kazetaritza behar-beharrezkoa da demokrazian.
Jarrera ona dute komunikabideek zuek bidaltzen diezuen materialaren aurrean?
Oro har, komunikabideen erantzuna ona da. Baina saiatzen gara selektiboak izaten, eta garrantzi gutxiko albisteak eta errealak ez direnak ez dizkiegu bidaltzen, ito ez daitezen. Ikusten dugu kazetariek gustuko dituztela gai bakar bati buruzko informazio-bilerak (uholdeak, osasun-ikerketa eta abar). Horrelakoetan, saiatzen gara Europako ikerketa onena aurkezten kazetariei (eta ikertzaile onenak, 3-4 hizlari), eta ikerketa-baliabideak erakusten dizkiegu. Asko gustatzen zaie. Komunikabideetako arazorik handienetako bat da informazio gehiegi dutela. Bilera horiek jatorrizko eta kalitateko informazioa eskaintzen diete kazetariei.
Roa Zubia, Guillermo
3
247
2008
11
032
Giza zientziak; Elhuyarren berriak
Artikulua
39

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia