}

Zenbat poluitzen dut nik?

2001/04/25 Elhuyar Zientzia

Berotegi-efektuan norberaren ekarpena kalkulatzen laguntzen duen web gunea ireki da.

Klimaren aldaketak azkenaldi honetan Estatu Batuetan polarizazioa eragin du. Kiotoko protokoloa ez sinatzearen arrazoi nagusia hango industriak eragindako presioa izan da. Gobernuak ez du protokoloa sinatu eta, ondorioz, beste hainbat herrialdek ere bertan behera utzi dute proiektua. Berotegi-efektua sortzen duten gasen murrizketa interes askoren kontrakoa da.

Munduko herrialderik aurreratuenaren jarrerak kritika asko jaso ditu, gizakiak ekoitzitako karbono dioxidoaren % 25 han isurtzen baita. Zientzialarien eta ekologisten erakunde asko erabat kezkatuta daude arazo horrekin eta kontzientziazio-kanpainak jarri dituzte martxan.

Ideietako bat Munduko Baliabideen Institutuak (WRI) garatu du eta Internet erabiltzen du hedatzeko. WRIk SafeClimate.net izeneko web gunea ireki berri du. Gune horretan pertsona edo enpresa batek zenbat karbono dioxido isurtzen duen kalkulatzeko aukera ematen da. Kalkulua eraikinetan gastatzen den energiaren eta garraioan xahutzen den erregaiaren kontsumoan oinarritzen da.

Gainera, web gune horretan arazoari buruzko informazio asko dago eta norberaren egoeran isurketa murrizteko alda daitezkeenari buruzko aholkua ere ematen da. Iniziatiba ona da, batez ere, arazoari aurre egiteko jarrerak sustatzea lortzen badu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia