}

Zelula amak, bihotza sendatzeko

2007/11/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelula amen ahalmen terapeutikoak arreta handia eta ahalegin asko bildu ditu azken urteotan adituen artean. Esaterako, duela urte batzuetatik, hankatik erauzitako zelula amak erabiltzen dira bihotza sendatzeko. Egun, teknika hori bera emaitza oraindik ere itxaropentsuagoekin datorrela esan liteke.
Zelula amak, bihotza sendatzeko
2007/11/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Klinika)

Nafarroako Unibertsitate Klinikako kardiologo-talde batek, Terapia Zelularraren Sailarekin eta Madrilgo Gregorio Marañon Ospitalearekin elkarlanean, entsegu kliniko bat egiten dihardu. Miokardioko infarturen bat jasan duten 50 gaixotan zelula ama helduen transplantea zenbateraino eraginkorra den aztertzen dihardute. Kasu honetan, mioblastoen edo muskulu-zelulen zelula ama helduak erabili dituzte. Lan horren berrikuntza nagusia da zelula ama horiek kateter bidez txertatzen dituztela, eta ez, mota horretako orain arteko entseguetan bezala, ebakuntza irekia eginda. Teknika berritzaile hori dagoeneko probatu dute animaliekin egindako zenbait esperimentutan. Espainiako Sendagaien Agentziak onartutako lan bat da, eta erakunde ofizial horren ziurtagiria lortzeak esan nahi du ikerketak baldintza legalak, etikoak eta gaixoaren segurtasunaren alorrekoak betetzen dituela.

Azterketa horretan parte hartu duten eta parte hartuko duten gaixoek miokardioko infartua izan dute, eta egun disfuntzio bentrikularra dute. Halaber, bestelako tratamendurik ez izatea eskatzen zaie; hala, emaitzak puruagoak dira.

Zelulen hazkuntza

Lehendabizi, zelula amak --mioblastoak-- erauzi behar dira gaixoaren hankako muskulu-ehunetik, biopsia bidez. Lan horretan, anestesia lokala erabiltzen dute. Ikertzaileek muskulu-ehun horretako laginetik zelula ama helduak bakartzen dituzte, eta zelula horiek berariazko hazkuntza-medioan hazten edo ugaltzen uzten dituzte hilabete inguru, transplantea egin ahal izateko behar adina zelula izan arte.

Zelulen hazkuntza hori Nafarroako Unibertsitate Klinikako GMP (Good Manufacturing Practice) laborategian egiten dute. Bestelako hazkuntza-ikerketetan ez bezala, zelula horien hazkuntzan gaixoaren beraren seruma erabiltzen dute, eta, horrenbestez, aurkako erreakzioak gertatzeko arriskua murrizten da (oro har, animalia-jatorriko seruma erabiltzen dute bestelako ikerketetan). Hala, Juan José Gavira Nafarroako Unibertsitate Klinikako kardiologoaren esanean, infekzio, alergia nahiz erreakzio immunologiko posibleak saihesten dira, ez baitituzte proteina arrotzak txertatzen.

(Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Klinika)

Gutxi gorabehera hilabete pasatu ostean, hazitako zelula horiek gaixoaren bihotzean txertatzen dituzte kateterismo bidez; alegia, injekzio-kateter berezi batez. Zelulak infartua jasan duten muskulu kardiakoan eta haren inguruan txertatzen dituzte. Dena den, aurrez, zelula ama heldu horien lagin bat aztertzen dute mikrobiologia-laborategian, infekziorik ba ote duten edo ez ikusteko, eta osasuntsu daudela ziurtatzeko.

Mioblastoak txertatzeko, ezinbestekoa da ezkerreko bentrikuluaren erreprodukzio anatomiko bat egitea. Izan ere, Joaquín Barba kardiologoak azaldu digunez, ezkerreko bentrikulua eskuinekoa baino handiagoa da, eta garrantzi handiagoa du odol-ponpaketan. Horregatik, ezkerreko bentrikuluko infartuak larriagoak dira eta gaixoaren pronostikoa nabarmenago asaldatzen dute. Hori dela eta, eremu horretan txertatzen dituzte zelula amak.

Erreprodukzio birtuala kartografia elektroanatomiko ez-fluoroskopiko izeneko nabigazio-sistema baten bidez egiten dute. Teknika horri esker, ezkerreko bentrikulua hiru dimentsiotan berregiten dute. Ondoren, eremu horretako tentsio baxuko guneak aztertzen dituzte. Jarduera elektrikorik gabeko guneak dira, eta, anatomikoki, miokardioaren infartua islatzen dute. Nabigazio-sistemari esker lortzen den bentrikuluaren molde horretan, infartuak kaltetutako eremua identifikatzen dute, Ignacio García Bolao Nafarroako Unibertsitate Klinikako kardiologia-adituaren arabera.

Ezkerretik hasita, Alfonso Macías, Eduardo Alegría, Juan José Gavira, Joaquín Barba eta Ignacio García medikuak.
Nafarroako Unibertsitate Klinika

Hain zuzen ere, gune edo eremu horretan txertatu behar dira zelula amak. Prozesu hori guztia muturrean oso orratz mehe eta bilkor bat duen kateter baten bidez egiten dute. Oro har, kateterismoa arteria femoraletik abiatuta egiten da, zelulak txertatu behar diren bihotzeko leku zehatzera iritsi arte. Han, mioblastoen 15 edo 20 injekzio ezartzen dituzte. Hori guztia anestesia lokalarekin egiten dute, gaixoa esna dagoela, eta bizpahiru ordu irauten du prozesuak. Orain artean, 14 gaixorekin egin dituzte entseguak, eta emaitzak onak izan dira guztietan.

Teknika hori lantzen ari dira oraindik ere, eta haren helburua da tratamendu berri horren eraginkortasuna egiaztatzea eta miokardioko infarturen bat jasan duten gaixoen bihotzaren funtzionamendua hobetzen den edo ez ikustea.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
236
2007
11
031
Osasuna; Medikuntza
Artikulua
24

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia