}

Urrutiko supernoben berri, fisikako Nobel sarian

2011/10/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Saul Perlmutter, Brian P. Schmidt eta Adam G. Riess ikertzaileek jasoko dute saria "unibertsoaren hedapenaren azelerazioa aurkitzeagatik, urrutiko supernoben behaketaren bidez".
Ezkerretik eskuinera, Saul Perlmutter, Brian P. Schmidt eta Adam G. Riess, 2011ko Fisikako Nobel saridunak. Arg. Nobel Sarien webgune ofiziala

Unibertsoa hedatzen ari da, Big Bang leherketan sortu zelako. Baina leherketa baten ondorio hutsa balitz, hedapen hura mantsotu egingo litzateke denboraren poderioz. Aurtengo Fisikako Nobel saria jasoko dutenek, aldiz, kontrakoa aurkitu zuten,alegia, unibertsoaren hedapena gero eta azkarragoa dela. Inork ez daki zerk bultzatzen edo indartzen duen hedapen hori, baina azelerazioa aurkitze hutsak merezi du Fisikako Nobel sari bat.

Perlmutter, Schmidt, Riess eta beste astronomo asko harrituta geratu ziren azelerazioa aurkitutakoan. Emaitza bi bidetatik etorri zen; izan ere, saridunak lehiakideak ziren. Azelerazioa aurkitu zuen lehena Perlmutter izan zen Supernova Cosmology Project proiektuan, eta, geroago, Schmidtek eta Riessek aurkitu zuten High-z Supernova proiektuan; Perlmutter-ek sariaren erdia jasoko du, eta beste erdia Schmidtek eta Riessek banatuko dute.

Bi taldeek sistema bera erabili zuten: urrutiko supernobak erabili zituzten unibertsoaren mugak zein diren aurkitzeko. Izarren leherketa handiak dira, eta igortzen duten argitasunaren arabera kalkula daiteke zer distantziatara dauden. Metodo hori jatorrian lehertzen ez diren izarrekin garatu zuen Henrietta Leavitt astronomoak 1920ko hamarkadan, baina unibertsoaren mugako izarrak ez dira ikusten. Urrutiegi daude. Horregatik aztertu behar dira izarren leherketa urrunekoenak. Horretarako aukera 1990eko hamarkadan iritsi zen, aurtengo saridunen ikerketen garaian, teleskopio ahaltsuak eta CCD irudi-sentsoreen sistema eskuragarriak zeudenean.

Hala eta guztiz ere, edozein supernobak ez du balio unibertsoaren mugak aztertzeko. Perlmutter, Schmidt eta Riess ikertzaileek 1a motako supernobak aztertu zituzten, nano zurien leherketak. Eta emaitza, unibertsoaren hedapenaren azelerazioa, kalkuluen akats moduan hartu zuten hasieran. Riessek, adibidez, kalkuluak ikusita pentsatu zuen "Ni bezalako jendeak ez du aurkikuntza handirik egiten". Baina hori ez da egia; kalkuluetan ez zegoen akatsik. Gainera, supernoba asko behatu zituzten. Eta bi taldeek emaitza bera lortzeak adierazten du egia dela: unibertsoa gero eta azkarrago ari da hedatzen.

Hurrengo ondorioa da unibertsoaren etorkizuna hotza dela, oinarrizko fenomeno fisikoa baita hedatzen den edozer hoztu egiten dela. Hedapena azkartzen ari bada, gainera, ez du atzera bueltarik. Aditu batzuek diote unibertsoa hotz hilko dela, eskala makroskopiko horretan tenperaturak duen esanahiarekin behintzat.

Edonola ere, zalantzarik ez dago hedapena azkartzen ari dela, eta horrek hurrengo galdera bat uzten die astronomoei: zerk azeleratzen du hedapena? Ez dago horretarako erantzunik, nahiz eta errudunak baduen izena bat: energia iluna. Hain zuzen ere, gaur egungo astronomiaren erronka nagusietako bat da energia ilun hori zer den argitzea. Hipotesi guztien arabera, argitzen duenak ere jasoko du noizbait Fisikako Nobel saria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia