Elhuyar zientziaren komunikazioa

Uraren kudeaketa jasangarrirako ikuspegi berria

2002/05/12 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Europako Batasuneko herrialdeek ura babesteko ikuspegi zabalagoa ukan beharko dute, muga politiko-administratiboak gainditu eta arro hidrografikoen arabera lan egin beharko baita.

Mundu mailako arazo zabalduen eta kezkagarrienetakoa da uraren kudeaketarena. Eta zorionez, administrazioa, erakundeak zein hiritarrak uraren garrantziaz jabetzen ari dira. Baina, zoritxarrez, ezin esan arazoari zor zaion arreta eskaintzen zaionik. Uraren kalitatea berreskuratu eta babesteko oraindik gauza asko dago egiteko, eta, besteak beste, muga administratiboak eta politikoak gainditu beharra azpimarratzen da Europako Batasunetik. Hori da behintzat arteztarau berriaren helburu nagusietako bat.

Europako Uraren arteztarau berriak uraren kudeaketa jasangarria lortzeko oinarrizko politika aldatzea ekarriko du. Lehen aldiz, arteztarau bakar batean jasoko da ekosistema urtar guztien babesa. Gainera, Europako Batasuneko herrialdeek ura babesteko ikuspegi zabalagoa ukan beharko dute, muga politiko zein administratiboak gainditu eta arro hidrografikoen arabera lan egin beharko baita.

Historia luzea atzean

Europako Batasuneko araudia uraren kalitate zein kudeaketa hobetzeko asmoz 1975etik ari da aurrerapausoak ematen. Horrela, hogei bat urtean, uraren poluzio-motei aurre egiteko dozena bat arteztarau inguru onartu dira. Baina hainbeste arteztarauen artean bat baino gehiago ito da, eta lege horien emaitzak ez dira espero bezain ikusgarriak izan. Horrenbestez, argi gelditu da planteamendu berria beharrezko zela.

Uraren kalitatea zein kudeaketa hobetzeko asmoz, Europako Batasuneko araudia aurrerapausoak egiten ari da.

Alde batetik, uraren arazoa ikuspegi zabalago batetik landu behar da (poluzio-mota desberdinen elkarreragina kontuan hartuta) eta, bestetik, administrazioen arteko elkarlana ezinbestekoa da. Ideia hori gauzatzeko asmoz, hiru urteko negoziazioen ondotik, 2000ko martxoaren 23an Uraren Esparru Arteztaraua onartu zen.

Arteztarau horrek komunitateko ur guztiak hartzen ditu aintzat (azaleko eta lur azpiko ur kontinentalak, trantsiziokoak eta kostaldekoak). Helburua ekosistema urtarrak babestea eta gaur egungo egoerak hobetzea izango da. Epea, berriz, 2015. urtea. Ordurako, maila guztietako uren kalitateak egokia izan beharko du.

Nola definitu uraren kalitatea ?

Arteztarauak uraren kalitatea neurtzeko irizpideak ematen ditu. Azaleko uren kasuan (aintzira, erreka, ibai…), egoera ekologiko eta kimikoa hartuko dira kontuan. Besteak beste, espezieen aniztasuna eta kopurua, oxigeno-kontzentrazioa, tenperatura, ur-kantitatea, etab. neurtuko dira. Egoera kimikoa, aldiz, agente poluitzaileen maila neurtuta ikusten da.

Lur azpiko urei dagokienez, oinarrizko parametro batzuk kontrolatu behar dira, hala nola, oxigenoa, eroankortasuna, pHa, nitratoak… Parametro horien arabera uraren kalitatea txartzen ari dela ikusiz gero, hori galarazteko neurriak hartu beharko dira. Kantitatea ere kontuan hartu beharko da. Hau da, lur azpitik zenbat ur ateratzen den neurtuko da. Izan ere, kalitatea definitzeko, kantitatearen oreka eta poluitzaileen eragina hartuko dira aintzat.

Arro hidrografikoan lanean

Arteztarau horren berrikuntza nagusia uraren kudeaketa arro hidrografikoan oinarritzea da. Izan ere, kudeaketa jasangarria bideratzeko ezinbestekoa da erabakiak ibai-arroan hartzea eta ez, orain arte bezala, muga administratibo zein politikoetan oinarrituta. Errekak edo ibaiak muga nazionalak zeharkatzen dituen kasuetan nazioarteko mugaketa hidrografikoa jarri beharko da eta herrialdeek elkarlanean jardun beharko dute. Danubio edo Elba ibaien kasuan, esaterako, jadanik martxan daude kudeaketarako hitzarmenak.

Hori guztia gauzatzeko, arteztarauak epeak finkatu ditu. 2003rako herrialde bakoitzak arro hidrografikoak identifikatu eta mugaketa hidrografikoa jarri beharko ditu, baita arteztarauak jarritako arauak aplikatzeko erakunde egokia izendatu ere. Ondoren ur- masa guztiei buruzko informazioa batu beharko da, baita masa horien sailkapena egin ere. 2004rako, giza jardueren eragina ere finkatu beharko da, eta ingurumen-helburuak betetzen ote dituzten kontrolatu.

Ondoren, egindako ikerketa horietatik abiatuta, arroaren plan hidrologikoa finkatu beharko da. Plan horretan, lortu beharreko helburuak izendatuko dira. 2008rako lan programaren egutegia plazaratu eta publikoaren eta interesa duen ororen iritziak eta iradokizunak jasotzeko zirriborroak ezagutaraziko dira.

Uraren eta ekosistema urtarren kalitate ona lortzeko Europako Batasuneko herrialdeek 2015. urte arteko epea dute. Hasiera batean epe luzea dela badirudi ere, kontuan izan behar da orain arte inoiz planteatu ez den uraren kudeaketa planteatzen duela arteztarauak. Sektore askok hartuko du parte: administrazioek, erakundeek, nekazari zein arrantzaleek, partikularrek… Guztien elkarlana ezinbestekoa izango da eta, horixe da, hain justu ere, zailtasun handiena. Baina argi dago zaila bezain ezinbestekoa izango dela, eta, gainera, uraren kalitatea hobetzekotan guztion parte-hartzea nahitaezkoa dela.

Gara-ko Geltokia Gehigarrian argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia