}

Ur-zozoak: urpeko txori ibiltariak

1994/07/01 Diez, Felix | Zabala Arteaga, Alexander Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arrantzaleren bat honez gero txundituta geratuko zen erreketako urpetik txori txiki arre bat ateratzen ikusita! Sinesgaitza badirudi ere, badago urazpian ibiltzeko gai den hegazti bat. Hegazti akuatiko ugari uretan murgiltzeko gai bada ere, orain azalduko dugun espezie-taldea da ibai eta erreketako hondoetan zehar ibiltzeko gaitasuna duen bakarra: ur-zozoen taldea, hain zuzen.

Cinclidae familia eta eskakizun ekologikoak

Gris koloreko C. mexicanus Iparramerikako ur zozoa, mendikateetako erreketan topa dezakegun espeziea dugu.
A. Elosegi

Hegazti paseriforme hau, Zinklidoen familia monogenerikoan dago sailkaturik. Cinclus generoan bost espezie daude: Cinclus cinclus , ur-zozo arrunt izenaz ezaguna dena; Cinclus mexicanus , Iparramerikako ur-zozoa; Cinclus leucocephalus , Ekuatoreko ur zozoa; Cinclus schulzii , Hegoamerikako ur-zozoa, eta Cinclus pallassii , Asiako ekialdeko ur-zozoa. C. cinclus espeziea dugu mundu-mailan hedatuena; Europako iparraldean eta mendebalde osoan, Afrikako iparmendebaldean eta Asiako ekialdean topa baitaiteke.

Aldiz, espezierik eskasena eta banaketa-area murritzena duena, Cinclus schulzii dugu, Hegoamerikako mendebaldean soilik bizi delarik. Cinclus leucocephalusen banaketa area, Hegoamerikako ipar mendebaldera dago mugaturik. Cinclus mexicanus aldiz, Iparramerikako mendebaldean eta iparmendebaldean bizi da.

Europako mendebaldeko C. cinclus ur-zozo arrunta arre kolorekoa bada ere, papar zuri nabaria du, adituen ustez, elkarren arteko komunikazioa errazteko.
A. Zabala

Genero berean bildu diren bost espezie hauek, ingurune akuatikoak ustiatzen dituzte; ibai eta erreketako tarte laster eta oxigenatuak, hain zuzen. Ibai-tarte hauek baldintza ekologiko bereziak dituzte eta ur-zozoek bertan bizitzera egokitu dira. Ibai eta errekak ez dira ingurune homogenoak euren ibilbide osoan zehar. Horregatik, malda nabaria duten tarte lasterrak eta tarte motelak desberdin ditzakegu.

Tarte bizkor horietan, ur-jauzi eta estugunetan zehar arin jaisten diren urek, oxigeno kontzentrazioa asetasun-puntuan dute. Beheko tarteetan, aldiz, uraren abiadura moteldu egiten da eta ur-jauzien kopurua txikiagotu. Era berean, uraren oxigeno edukina ere murriztu egiten da. Badira ibaietako goi- eta behe-ibilguetako baliabide energetikoak ustiatuz bizi diren hegazti-espezie batzuk. Besteak beste, bitxiena eta deigarriena, martin arrantzalea ( Alcedo athis ) dugu, zeina, duen moko luze eta zorrotzari esker, ibai-tarte hauetako arrain iheskorrak harrapatzeko gai baita.

Ur-zozoen moldaerak

Ur-zozen habitata, erreka eta ibai garbiak dira.
A. Elosegi

Ur-zozoa, zenbait ezaugarri morfologikoren garapenaz baliatu da urlaster horietan bizi ahal izateko: ibaietako hondo harritsuetan zehar ibili ahal izateko, hatzapar luze eta kurbatuez amaituriko behatzak sendotu ditu. Horrela erraz itsats daiteke harrietara behatz luzeei esker edota hatzaparrak harritarte eta zartaduretan sartuz. Mokoa, aldiz, motza eta sendoa du, trikopteroen larbak ezkutatzen direneko kapsulak apurtzeko, larben bila harriak irauli ahal izateko, eta uretan murgiltzen denean egitura hidrodinamikoa lortzeko.

Buztana erabat murriztua du, beharbada murgiltzean oztopo suertatuko litzaiokeelako. Bestelako hegaztien lumajea urarekiko babesgarria bada ere, ur-zozoek babes-maila gorena lortu dute. Gorputzeko luma gehienak, hegaztiaren isatsaren goialdean dagoen guruin uropigialak ekoizturiko substantzia koipetsuaz babesturik daude. Lipidotan joria eta urarekiko iragazkaitza den substantzia honek, ez du dermisa eta lumen azpiko lumaskak bustitzen uzten, hegaztia uraren baitara gorputz osoa sartu eta 30-50 segundo bitartean murgilean ibili arren.

Baina, hegazti honek zergatik burutzen ditu horrelako ibilaldiak urazpian? Erantzuna hegaztiak ustiatzen duen jaki-motan topatu beharra dugu.

Erreketan ageri diren ur-jauziek, ura oxigenatzeaz gain uren kalitatea hobetzen dute eta, ondorioz, ornogabeen komunitateak gara daitezke bertan.

Ur-zozoa, ibai garbietan bizi diren ornogabeez bakarrik elikatzen da. Intsektu-larba askok, trikoptero, plekoptero, efemeroptero, diptero eta abarrek hain zuzen ere, euren ziklo biologikoaren lehen faseak ibaietan igarotzen dituzte. Ibaiak eskaintzen duen baliagai energetiko hori hainbat espeziek ustiatzen du (batez ere arrainek), baina baita ur-zozoak ere. Hori dela eta, ur-zozoa ibai-ertzetan gora eta behera ikus dezakegu jaki bila harri txikiak mugitzen ari den bitartean; intsektu-larba askok harripetan kokatzeko joera baitute, ibaiaren ur-korrontearen eragina saihestearren.

Halaber, ibaiko gune sakonagoetan murgil igerian ikus dezakegu. Lumajeak eskaintzen dion babes onuragarriaz gainera, flotagarritasun handia ematen dio, eta, beraz, murgildu behar duenean, ur-korrontearen indarraz baliatzen da urazpian sakontzeko. Hondora iristen denean (1 eta 1’5 metro bitarteko sakoneraraino hel daiteke) atzapar luzeei esker harriei heldu eta ibai hondoan zehar ibiltzen da harripetan egon daitezkeen intsektuen bila.

Erreka- edo ibai-ertzetan ageri diren harri- blokeak oso gustuko ditu ur-zozoak, eta ez da harritzekoa harrietan zehar saltoka ikustea, era berean jauziak lurraldea finkatzeko erabiltzen dituelarik.
A. Elosegi

Lehenago aipatu bezala, Europan topa ditzakegun ur-zozoek kolore txuri deigarria dute paparrean, gainerako lumaje guztia arre kolorekoa izanik. Bularreko kolore txuriari eta hegaztiak urazalean zehar abiadura handiz hegan igarotzeko duen ohiturari esker, erraz ikus daiteke ibaiko gune garbietan.

Ziklo biologikoa

Urtarrila eta otsaila bitartean, ur-zozoen eztei-hegaldiak ikusteko aukera eskaintzen digute Euskal Herriko ibai eta erreka lasterrek. Hilabete horietan zehar, bikotekideak lurraldea mugatzen aritzen dira ibaian zeharreko hegalaldi paralelo eta zuzenez. Lurraldea finkatu eta gero, habia eraikitzeaz arduratzen dira. Hala ere, sarritan ez da erraza izaten berau kokatzeko lekua erabakitzea.

Erreka-ertzetan ageri diren horma naturaletan eraikitzen dituzte sarritan ur-zozoek euren habiak, bertako landaretzarekin mimetizatzen direlarik.
A. Elosegi

Habiaren kokagunea finkatzeko paradan, euri eta bestelako faktore klimatiko kaltegarriekiko babesteko sabai natural edo artifiziala duten guneei ematen diete garrantzia. Hori dela eta, habia asko zubipetan eraikitzen dira, bestelako babesgune naturaletan eraiki badezakete ere, hala nola horma naturalen azpian, harkaitz artean, edota zulogune harritsuetan. Ezaguna da halaber, hegazti honek habia ur-jauzien barruko aldean egiteko duen ohitura.

Eraikitzen bi sexuetakoek hartzen dute parte. Ur-zozoaren habia benetan deigarria dugu: esferikoa izaten da, eta ibai- edo erreka-ertz batean kokatzen dute normalean, urazaletik 1-3 metroko altuera bitartean. Habia osatzen duten goroldio, belar lehor eta hostoek egitura sendoa eskaintzen diote. Lehenik, habiaren oina eraikitzen dute, parterik sendoena izaten delarik. Ondoren alboetako hormak altxatzen dituzte, eta bukaeran sabaia. Egitura osoa 1 edo 2 asteko epean zehar burutzen dute kideek. Habiaren egituran goroldioak paper nagusia jokatzen badu ere, habiaren kanpoko hormen goroldio-geruzak gramineoen belar lehorrez tartekaturik egoten dira, sendotu egiten dutelarik. Barneko sakonunea hosto lehorrez estalirik egoten da.

Habiak horma naturaletan eraikitzen dituztenean, guztiz kriptikoak izan daitezke aditu ez diren begientzat.
A. Zabala

Zenbait kasutan, habiaren itxura kokagunearen arabera desberdina izan daiteke. Zokogune naturaletan eraikitako habiek adibidez, ez dute sabairik izaten, eta eraikitzailearen nortasuna zalantzan jar dezakegu, beste zenbait hegaztirenen antzekoak izan baitaitezke, hala nola zozo arrunten habiaren itxurakoak.

Edozelan ere, emeak 4-5 arrautza txuri erruten ditu martxoa eta apirila bitartean. Hilabete horietan izaten dute ur-zozoek lehen txitaldia, eta arrautzak emearen ardurapean geratzen dira txitaketak irauten dueneko 2-3 asteetan zehar. Denboraldi hori iragandakoan, txitak jaio eta gurasoak berehala bazkatzen hasten dira; trikoptero larbez nagusiki. Txitoak hazten ari diren neurrian, gurasoek beste intsektu-larba batzuk (plekoptero- eta efemeroptero-larbak batez ere) tartekatzen dituzte haien dietan. 2-3 aste pasatu ondoren, txitak habia uzteko prest egoten dira eta arriskuren bat somatuz gero, ez dute habiatik uretara salto egiteko zalantzarik izaten; igeri egin eta murgiltzeko gai baitira, nahiz eta oraindik hegan jakin ez.

Martxoa eta apirila bitartean, emeak 2-3 zentimetroko 4-5 arrautza txuri erruten ditu.
A. Elosegi

Gurasoek elikatzen segituko dute aste batzuetan zehar, eta lehenengo egunetan habia ingurura etorriko dira txitoak lo egitera. Ekaina aldera, bigarren txitaldirako sasoia heltzen da (urtean zehar, txitaldi bakarra edo bi izaten dira, klimaren eta elikagaien ugaritasunaren arabera). Bigarren txitaldia burutzen duten kideek, hala ere, aurreko txitaldiko txitoak elikatzen segi dezakete; ez baitute habiarik eraiki behar (aurreko txitaldiko habia berbera erabiliko dute).

Lehen zein bigarren kumaldiko txitoak gurasoengandik independizatzen diren unetik aurrera, jaio direneko ibai-tartea utzi eta 1-2 urtean zehar ez dira ibai-tarte zehatz batean finkatuko. Epe hori pasatu ondoren, heldutasunera iritsi eta jaio zireneko ibaitik gertu finkatzen dira, 1 km-ko luzera duen konkistaturiko lurralde berria defendatuz. Arrak izaten dira lurraldea lortzen dutenak, eta alboan egon daitezkeen emeak bereganatzen saiatzen dira. Emeren bat onartzen denean, ugalketa-prozesuari hasiera ematen diote, lehenik habiaren kokapen-lekua erabakitzen dutelarik. Segidan, elkartu berri diren bi kideak, lurraldean zehar gora eta behera hegan ibiliko dira, lurraldearen jabe direla erakutsiz.

Zubipeak ere oso gustuko ditu ur-zozoak habiak erakitzeko. Horrelakoetan ez dute habiaren egitura osoa eraikitzen.
A. Zabala

Ugal garaia amaitzen denean, bikotekideek ez dute lurraldea ugal garaian bezain adoretsu defendatzen, eta euren lurraldetik at ere ikusteko aukera edukiko dugu.

Urtero jaiotako txitoen % 60ak ez du lehenengo negua jasango, bizirik iraun duten txitoek bizi-itxaropen altua edukiko dutelarik. Bigarren urte hori da ur-zozo gazteentzat erabakiorrena, lurraldea finkatu, eta bikotekidea topatu behar dutelako. Oro har, ur zozoek 5-6 urte bizi dira. Beraz, urtean zehar behin bakarrik ugalduz gero 4 edo 5 txitaldi atera ditzakete bizitza osoan zehar.

Txitoen biziraupena klimak mugatzeaz gain, harrapakariek ere badute eragin negatiboa; habian mantentzen diren bitartean oso zaurgarri baitira (arratoi, erbinude, suge eta bestelako animaliekiko bereziki). Helduetan ordea, harrapakarien eragina eskasa izaten da, helduek bizi-itxaropen altua dutelarik.

Jaiotzatik 2 aste igaro ondoren, txitoek lumaje gehiena garatua dute, eta astebete barru, habia uzteko prest egongo dira.
A. Elosegi

Ipar hemisferioko erreka ugari, izozturik geratzen da neguan, eta ur-zozoek behar duten jakia eskuratu ezin dutelako, hegoalderanzko mugimendu txikiak egin behar izaten dituzte. Izotz artean egon daitekeen zulorik txikiena aski da hegaztia bertatik urazpira murgildu eta jakia lortu ahal izateko. Hala ere, ezusteko izozte bortitzak ur zozoen populazioan eragin negatibo nabarmena sortaraz dezake, jakia eskuratzea galarazita. Gure latitudean, ordea, horrelakorik ez da izaten, eta negu latzenetan ere, ur-zozoak aurrera ateratzeko gai dira.

Egoera Euskal Herrian

Ur-zozoa Euskal Herri osoan topa badaiteke ere, batez ere Iparraldean aurkitzen ditu habitat egokienak, Bizkaiko mendebaldean eta Gipuzkoako ekialdean. Iparraldeko ibaien fisionomia oso egokia da urpeko ibiltari honentzat; bertako ibaiak korronte handikoak eta ur iraunkorrekoak baitira. Bestalde, gure lurraldeko klima epel euritsua, oso gustukoa du paseriforme honek.

Gizakiek ibai askotan eragindako zenbait eraldaketaren ondorioz, hauen egoera egonkorra apurtu egin dute, eta ondorioz ibaiko biozenosia eraldatu. Kanalizazioek, poluzio-arazoek, eutrofizazioak, ur-aprobetxamenduek eta abarrek, Euskal Herriko ibai gehienetan ur zozoa desagertarazi egin dute.
A. Elosegi

Aipatutako ezaugarri hauek direla eta gure eskualdeko ibaietan ur-zozoen populazio ugaria espero izanik ere, errealitatea oso bestelakoa da. Gizakiak betidanik izan du ingurugiroa bere mesederako eraldatzeko joera, gaur egun hori nabarmenagoa delarik. Azken urteotan, ingurune lehortarretan zein urtarretan eragindako eraldaketak oso bortitzak izan dira. Hain zuzen ere ibaietan sortarazitako kanalizazio, landaretza erriparioaren (altzen eta bestelako espezieen) ezabaketa, urtegien eraikitzea, ibaietako uraren poluzio, etab. guztiz desegokiak suertatu dira bertako bizidunentzat. Ibaiko landaretza erriparioa ezabatzeak ibaiaren dinamika eraldatzen du, aukak ugalduz, eta, beraz, ur-zozoen murgilketa eragozten da. Horrez gain, jateko desegokiagoak dituzten ornogabeak agertzen dira.

Egiten diren kanalizazioak ere, eragin negatiboa izan dute ur-zozoarengan; uraren turbulentzia txikiagotu egiten baita tarte horietan, ur-emaria korronte homogeno bilakatuz, eta ondorioz, ornogabeentzat leku deserosoa bilakatzen da kanalizaturiko ibai-tartea.

Irudiko trikoptero-larbez gain, plekoptero, hefemeroptero eta zenbait dipteroren larbez bakarrik elikatzen da ur-zozoa, negu garaian molusku zein arrain-espezie batzuk ustiatzen ikusi bada ere.
A. Elosegi

Ur-zozoaren banaketa-arean eragina duen beste faktore bat uraren presatan biltzea litzateke. Presa horien ondorioz, ur-fluxua eten eta korrontegabezia eragiten da. Horri sakonera handiagotzearen arazoa gehitzen badiogu, ur-zozoak bertan murgiltzea ezinezkoa duela berehala uler dezakegu, eta ondorioz janaria ezin dute eskuratu. Bestalde, batez ere Gipuzkoan eraikitzen ari diren minizentral hidroelektrikoak direla eta, bizi ezineko eremu bihurtu dituzte zenbait ibaitako tarte aproposak.

Hala ere, ikerlan zientifiko ugarik frogatu ahal izan duenez, urpeko ibiltari honentzat eragin bortitzena izan duen faktorea uraren poluzioa izan da; paseriforme hau poluzioarekiko oso sentikorra baita. Poluituenak ibaien behe-tarteak direnez, dagoeneko ibaietan iturburu eta erdiko ibilguetara baztertu da.

Aipatutako eraldaketa-faktore guzti hauek direla eta, garai batean seguruenik ugaria izan zen hegazti zoragarri hau, gaur egun oso bakan bihurtu zaigu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia