}

Txantxangorria, lurraldearen zaindari amorratua

1994/07/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ba ote da Euskal Herrian txantxangorria baino hegazti ezagunagorik?

Ahozko zein idatzizko literaturan maiz agertu zaigu txori eder honen konturen bat eta halaxe dio hauetako kondaira ezagun batek: Jesukristo gurutzean zegoela txantxangorri bat hurbildu omen zitzaion eta buruan zituen arantzak kendu omen zizkion. Baina horretan ari zela, odol-tanta bat bularrera erori, eta egunsenti ederrenetako eguzkia bezain gorri gelditu zitzaion betirako.

Txantxangorriak berehala hazten dira eta jaiotzean 2 g zituen txitoak, 20 g izango ditu 13 egunen buruan, habia uzteko prest dagoenean.
M.M. Elosegi

Beste kondaira batzuetan ere, gizakiaren beldur ez den animalia maitagarri gisa agertzen zaigu txantxangorria. Ez da harritzekoa! Erakusten duen itxura potxolo eta izaera lotsagabe horri esker, hegaztirik ezagunenetarikoa izatea lortu du. Baina hara non, itxuraz hain ahul eta goxo den txoritxoak, lurraldea zaintzeko orduan izaera oldarkorra eta odolberokoa duen, eginkizun honetaz denbora luzez arduratzen delarik.

Txantxangorria (Erithacus rubecula) 14 cm-ko luzera eta 16-22 g-ko pisua duen paseriforme txikia dugu. Sexu bietako helduak, hain deigarria den kopeta eta papar gorriska, bizkarralde arre-berdeska eta sabelalde zuriz jantzita daude. Hanka fin eta luzeek, moko meheak eta begi beltz handiek osatzen dute animalia alai eta eztiaren irudia.

Ornitologiaz ezer gutxi dakien jendeak ere ederki asko ezagutzen du gure txoritxoa. Izan ere, normala da hori, bere janzkera ederra eta ugaritasuna kontutan hartuta. Gainera, itsas ertzetik, goimendietako basoaren mugaraino ager daiteke, eta baso, lorategi, baratzetako hesi eta, oro har, sastraka ugari duen zuhaizti guztietan bizi da.

Leku hauetan, lurrean edota sastraketan bilatzen dituen intsektu, armiarma, zizare, marraskilo eta bestelako ornogabe txikiak jaten ditu. Hala ere, neguan intsektuak topatzea zailagoa zaionean, fruitu eta haziekin osatu behar izaten du dieta, herrietako parke, lorategi eta alorretara hurbilduz.

Txitatzean inor inguratzen bada, geldi-geldirik egoten da bere mugimenduek etsaien begirada erakar ez dezaten.
M.M. Elosegi

Hasieran aipatu denez, txantxangorria oso zorrotza da bere lurraldearen mugak zaintzen eta borroka egiten du bertara hurbiltzen diren espeziekide guztiak bidaltzeko. Gainera, urte guztian —negua barne— mantentzen dute jokabide hau arrek zein emeek, bi ale lurralde berean ugaldu eta txitoak aurrera ateratzeko garaian soilik elkartzen direlarik. Lurraldearen jabetza aldarrikatzeko, normalean ustiatzen dituen sastraketara, edo zuhaitz zein antzeko leku deigarrietara igota, txorrotxioz eta firurikaz beteriko kantu dotore eta ederra abesten du.

Espeziearen banaketa geografikoari dagokionez, Europan oso hedatua dago eta Eskandinaviako iparraldean bakarrik falta da. Negua hurbildu aurretik, abuztu bukaeran, Europako iparraldeko txantxangorriak migratzen hasten dira negua Mediterranio aldean pasatzeko. Europako erdialdean, berriz, batzuek hegorantz migratu eta besteek bertan pasatzen dute negua, eta azkenik, Iberiar penintsulako populazioek ez dute neguan migratzeko joerarik ageri.

Euskal Herriko alderdi hezean, baso eta sastrakadietan habiagile arrunta da oso, baina hegoalderantz goazelarik, erreka inguru eta mendietako basoetan baino ez da agertzen. Nafarroako Erriberan, azkenik, ez dugu aurkituko, ez pinadi eta ez erreka inguruko makaldietan, negupasa biltzen direnak asko badira ere.

Habia, lurretik gertu, eta hostoek ongi disimulaturiko adartarte edo zulotxoren batean kokatuta egoten da eta eraikuntzarako, hosto, belar, goroldio eta ileak erabiltzen ditu, txitoak goxo-goxo haz daitezen. Bertan, 20 mm-ko gorri-arrez zipristindutako 4-6 arrautza jarriko ditu emeak. 12-15 egunen buruan, eklosioa burutzen da eta bikoteak erruz egin beharko du lan jana bilatzen, txitoak 13-14 egun geroago habia uzteko prest egon daitezen.

Txantxangorriaren ezaugarririk bereizgarriena, bularralde gorria edukitzea da.
M.M. Elosegi

Jartzen diren 10 arrautzetatik ugal sasoira helduko den ale bakar bat egongo dela kalkulatzen da eta urteko % 50eko hilkortasun-tasa eta 1,5 urteko batezbesteko bizi iraupena dituenez, txantxangorriak ahalegin handia egin behar izaten du ugalketan, urte berean 2 eta batzuetan 3 bider ere txitoak ateraz.

Dagoeneko aipatu denez, txantxangorrikumeek ez dute kolorazio gorri deigarririk ageri eta janzkera kriptikoa dute lumajea aldatzen zaien arte. Honek, bizitzaren lehen egun gogor horietan harrapakariengandik babesteaz gain, txantxangorri helduek beren lurraldetik ez bidaltzeko aukera emango die. Baina uda bukaeran lumajea aldatzen dutenean, bakoitza bere lurraldea hartzen saiatuko da, inguruko espeziekide guztiekin berehala eztabaida eta liskarrak sortuz.

Dena den, lurraldea defendatzeko sortzen diren gora-behera hauek beste espezie askotan ere ikus daitezke, eta zeregin hauetan gastatzen duten denbora eta energia, segurtatzen duten janariarekin orekatuko dute, dudarik gabe.

FITXA TEKNIKOA

Txantxangorria

Espeziea: Erithacus rubecula
Familia: muszikapidoak
Ordena: paseriformeak
Klasea: hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia