}

Unibertsoaren mugak eta erronkak Donostiako Koldo Mitxelenan

2002/03/13 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

'Zientzia-ikerkuntzaren mugak XXI mendearen hastapenetan' titulupean sei hitzaldi antolatu ditu EHUko Miguel-Sánchez Mazas Katedrak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Atzo, martxoaren 12an, hasi eta hiru egunez luzatuko dira. Jesus Ugalde eta Alberto Galindo Kimikaz eta Unibertsoaz aritu ziren.

Alberto Galindo Tixaire 'Unibertsoa eta materia: mugak eta erronkak' izenburuko hitzaldiarekin aritu zen atzo. Galindo Tixaire Zaidinen (Huescan) jaio zen 1934an; nahiz eta matematikaria den, Zaragozako Fisika Matematikoko Katedraduna da eta baita Madrileko Fisika Teorikoko Katedraduna ere. Madrileko Unibertsitate Konplutensean, Fisika Teorikoaren Unibertsitatearteko Taldearen sortzailea eta lehen zuzendaria izan da, eta hainbat sari irabazi ditu.

Atzoko bere hitzaldian oso garbi azaldu zuenez, "zer datorren iragartzeak badu bere arriskua". Izan ere, 1900ean Unibertsoan gure galaxia baino ez zegoela uste zen, eta 2000n badakigu unibertsoa ehun mila milioi galaxiak osatzen dutela. 1900ean izarren argia euren grabitazio-uzkurketak sorrarazten zuela uste zen, eta 2000n badakigu horien barnean gertatzen den fusio termonuklearraren ondorio dela. Izan ere, bere garaian atera zen ondorioa egia izan balitz, Eguzkia 70 m/urte-ko abiaduran txikituko zen eta, hala balitz, duela 10 milioi urte bere erradioa Lurretik Eguzkirako distantzia bestekoa izango zen. Ezinezkoa, ordurako bizia baitzegoen Lurrean. 1900ean unibertsoa aldaezina, periodikoa eta ziklikoa zela uste zen, eta 2000n badakigu Unibertsoa modu azeleratuan ari dela hedatzen. Eta 1900ean orduko taula periodikoko 92 elementuek bakarrik osatzen zuten materia; aldiz, 2000n uste da Unibertsoan % 65 hutseko energia dela eta % 35 besterik ez dela materia. Gainera, materia horretatik % 5 baino ez da ohiko materia; beste guztia materia iluna da.

Alberto Galindok, fisikaren mugei buruz ere hitz egin zuen; eta baita Fisikak aurrerantzean izango dituen erronkei buruz ere. Ba ote zegoen zerbait Big Bang-a baino lehen? Zerez osatuta dago materia iluna? Zer da energia iluna? Ez ote da izango gure Unibertsoa beste 'Multibertso' anitzago baten barneko zerbait? Zerk sorrarazi zuen Big Bang-a? Galdera horiek ez dute erantzunik oraingoz, beraz, oraindik ere badute zer ikertu fisikariek.

Kimikaren erronkak, Jesus Ugalderen eskutik

Lehenago EHUko Jesus Ugalde irakasleak kimikak gaur egun zer erronka dituen aztertu zuen. Besteak beste, molekulen konplexutasuna gutxi ikertutako esparrua dela adierazi zuen, baina ez da hori etorkizunean tratatu beharreko gai bakarra.

Kimikariak molekulen dinamika ulertzen hasi besterik ez dira egin, nahiz eta jada atosegundutan (10-15 segundotan) gertatzen diren prozesuak aztertzeko bidean dauden. Bestalde, sintesia, molekulen egitura elektronikoa eta analisi-metodo ez-suntsitzaileak ez dira guztiz menderatu. Horrez guztiaz gain, gizarteak zientziaren komunikazioa indartzeko duen beharra azpimarratu zuen Ugaldek. Erronka ugari oraindik, urteetan garatutako zientzia-adar batentzat.

Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian badago hitzaldirik oraindik entzuteko. Jardunaldiek gaur eta bihar jarraituko dute. Programaren berri, hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia