}

Ulysses-en odisea Eguzkirantz

1999/04/25 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Argi eta bizi-iturri, Eguzkia guregandik gertuen dagoen izarra da. Hala ere, bere ezaugarrietako batzuk ikerlarientzat oraindik guztiz ezezagunak dira. Horretaz jabetuta —jakinmina asetze aldera—, ikerlariek Ulysses zunda Eguzkirantz bidali zuten duela urte batzuk, Eguzkiko poloetarantz hain zuzen ere. Datorren urteko irailean Ulysses berriro Eguzkiko poloei begira jarriko da.

Gizateriaren hasieratik, Lurrean bizi diren eta bizi izan diren arraza eta kolore guztietako herriek Eguzkia gurtu dute. Izan ere, argi barik eta berotasun barik ez dago bizitzarik. Hala ere, garaiak aldatu egin dira eta Eguzkiarekiko ikuspegi erromantikoak bizirik dirauen arren, zientzia-ikuspegia gailentzen ari da. Dagoeneko Eguzkiari ez zaio espiritu edo jainko deitzen; egun, fusio nuklearraren prozesua garatzen duten gasez eta plasmaz betetako esfera erraldoi gisara ikusten da.

Hori dela eta, zientzialariak Eguzkiaren funtzionamenduaren eta eboluzioaren mekanismoen bila ari dira. Astronautikaren eta behaketa-sistemen garapenari esker, Eguzkiari buruzko datu ugari pilatu ahal izan da. Zalantza barik, Eguzkiaren behaketa-bidaiako urratsik garrantzitsuenak harantz bidalitako zundek egin dituzte.

Lehen ikerketak

Lurraren orbita uztea eta Eguzkira gerturatzea ez da batere erraza. Egia esan, kanpoko planetetara hurbiltzea baino zailagoa da. Horren arrazoia zera da: hurbiltzean, zundek, azeleratu beharrean frenatu egin behar dute, beren orbita heliozentrikoa —Eguzkiaren jira-birakoa— murriztu eta traslazio-abiadura bateratzeko. Horretarako guztirako energia handia behar da. Potentzia handiko koheteak garatu ziren arte, ez zen posible izan Eguzkiaren orbitara hurbiltzea.

Potentziaren arazoa gaindituta beste handiago bat ere sortu zen: Eguzkira gerturatu ahala tenperatura modu esponentzialean igotzen da. Beraz, babes-aleazioak asmatu behar izan zituzten. Pioneer estatubatuarrak eta garai bateko Sobietar Batasuneko espazio-ontziak abiatu ziren lehenik Eguzkirantz, baina oso urrutiko orbitan geratzen ziren, propultsio metodoak ez baitziren egokienak.

Geroago, 1974 eta 1976 urteetan Alemaniak eta NASAk egindako bi zunda bidali ziren, Helios izenekoak. Orduko Titan kohetea erabiliz, Helios-1 izeneko zunda Eguzkitik 48 milioi kilometrora iragan zen, orduko 238.000 kilometroko abiaduran. Espazio-ontziaren kanpoaldean 370 ºC-ko tenperatura zegoen bitartean, barrualdean 30 ºC zeuden. Helios-2 zunda Eguzkitik 45 milioi kilometrora hurbildu zen, beraz 3 milioi kilometro aurrerago, baina tenperatura % 10 igo zen. Datuak argi adierazten du tenperaturaren igoera esponentziala.

Ordura arte Eguzkiari orbita ekliptikotik begiratzen zitzaion; hau da, plano bakar batetik. Ordutik aurrera zientzialariek beste asmo bat azaldu zuten, Eguzkia beste plano batzuetatik ikustea, poloetatik alegia. Beste era batera esanda, Eguzkia gainetik eta azpitik begiratzea litzateke. Behar horren ondorioz, 1978. urtean ISPM programa sortu zen, ESAk eta NASAk elkarlanean sortu eta —hasieran behintzat— bideratu zutena.

Ulysses

1981. urtean aurkeztutako proiektuaren arabera, Eguzkirantz bi zunda bidaliko ziren, bata europearra eta bestea amerikarra, bata Eguzkiaren gainaldera eta bestea azpialdera, aldi berean polo bietako informazioa lortzeko helburuarekin. Aurrekontu-arazoak zirela eta, NASAk atzera egin zuen. Hala eta guztiz ere, aurrez hartutako konpromisoei —neurri txiki batean behintzat— heldu zien, eta europearren zunda jaurtitzea bere gain hartu zuen NASAk.

Proiektuan gertatutako aldaketen ondoren, ESAk izen berria eta —aldi berean— mitikoa jarri zion proiektuari, Ulysses bidaiariarena. Mitologiako Ulises hura bidaiari azkarra izan bazen ere, ESAko honi kosta zitzaion abiatzea. Atzerapenak atzerapen, 1986ko maiatzerako jarri zitzaion abiatzeko data. Ulysses zunda jaurti baino egun batzuk lehenago, ordea, Challengerren istripua gertatu zen. Hori ikusita, Estatu Batuek Centaur jaurtigailua aldatzea erabaki zuen; beste atzerapen bat beraz.

Asko itxaron eta gero, 371 kiloko Ulysses zunda 1990. urteko urriaren 6an jaurti zuten espaziora, Discovery transbordadorean. Eguzkiaren eremu-magnetikoak, planetetako partikulak, kosmoseko hautsa, Eguzkiko haizea… aztertzeko helburuarekin abiatu zen, baina ordura arteko ikuspegi zeharo desberdinetik ikusita.

Mitologia izena duen zundaren helburua Eguzkia izan arren, kontrako norabidean irten zen zunda, Jupiterrerantz. Zergatik? Oso azkar abiatuta ere, Ulysses zundak ezin izango luke ekliptika —Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen zirkulu maximoa— berez utzi. Jupiter ordea, bere erakarpen-indarra dela medio, zundaren norabidea aldatzeko gai zen, zunda Eguzkiaren poloetarantz jaurtiko lukeen habaila balitz bezala. Bidea luzea izanagatik ez zen beste aukerarik ikusten ekliptika uzteko eta, beraz, horrela abiatu zen zunda.

1.000 milioi kilometro egin ondoren, Ulysses zunda 1992ko hasieran Jupiterreko inguruetara hurbildu zen. Planeta erraldoiaren atmosferaren gainean ibili zen, 378.000 kilometro ingurura, norabidez aldatu eta Jupiterren eraginez ekliptikatik atera zen arte, Eguzkiko Hego Polorantz.

1994ko ekainaren 26an ofizialki Eguzkiaren Hego Polora iritsi zen, 345 milioi kilometrora bazegoen ere. Urruti, oso urruti, baina ordura arte ezagutzen ez zen perspektiban. Urtebete pasatxo geroago, 1995eko uztailaren 31n zunda Ipar Poloaren gainera iritsi zen. Eguzkiaren eremu magnetikoari eta Eguzkiko haizeari buruzko hainbat datu jaso zituen Ulysses zundak —besteak beste polo magnetikorik ez dagoela aurkitu zuen, polo bietako eremu magnetikoak uniformeak eta erradialak direla, eta poloetatik ekuatorera haizearen abiadura erdira jaisten dela, segunduko 800 kilometro egitetik 400 egitera.

2000 urtean berriro

Orbita osatu eta gero bere bidean egiten jarraitu du Ulysses zundak. Duela urtebete 3.800 milioi kilometro eginda zituen, aparteko arazorik gabe, uneren batean akats txikiren bat edo beste egin badu ere.

Datorren urteko irailean berriro Hego polora iritsiko da eta 2001. urteko urtarrilean osatuko du Hego Poloko ibilaldia; irailean berriz, Ipar Poloan izango da. Oraingo honetan datu berriak eskuratzea espero da, Eguzkiaren egoera ez baita —jarduerari dagokionez— duela 6 urtekoaren berdina. Eguzkiko zikinguneei buruzko datuak jaso nahi dituzte oraingoan. Ofizialki horrekin Ulysses zundaren bidaia luzea bukatutzat emango da, iraupenez beharbada ez, baina distantziaz mitologiako Ulises harena baino askoz ere luzeagoa. Zientzialarien bidaia hasiko da orduan, jasotako datu piloa ikertzeko denbora ugari hartu beharko baitute.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia