Uhandre palmatua, eztei-dantzari bitxia
1996/06/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Normalean animalia basati gehienak ziztu bizian ezkutatzen zaizkigunez, zaila da, liburuen bidez ez bada, beraien bizimodu eta ohiturei buruzko xehetasunak ezagutzea. Alabaina, bada patxadaz begiratzen ahal den salbuespenik. Ia beti saihesten ditugun putzuetan erreparatzen hasiko bagina adibidez, beste bizidun asko eta askoren artean uhandreak aurkituko genituzke. Izaeraz lasaiak eta inguruotan hedatuenak direnez, uhandre palmatuak topatzeko errazenak ditugu. Horregatik, beren eztei-dantza harrigarria ikuskizun bikaina izan daiteke saiatzen den edonorentzat.
Uhandre palmatua ( Triturus helveticus ) tamaina txikiko anfibio liraina dugu. Arrek 55-70 mm-ko luzera izaten dute eta emeek zertxobait gehiago, 60-80 mm inguru. Anfibio hauen gorputza orbain beltzez apainduriko larru arre leunez jantzita dago. Azpialdea zuriska izaten da eta erdialdean eta luzetara, laranja koloreko arrastoa dute, apaingarri gisa.
Buruaren bi aldeetan berriz, begietatik pasatzen den arrasto iluna bereiz dakieke. Sexuen arteko dimorfismoa nabaria da. Oro har, emea arra baino handixeagoa eta biribiltsuagoa da, eta kolore argiagoa du. Baina zalantzarik gabe, arra eta emea bereizteko garairik aproposena araldia da, arrek eztei-janzkera nahastezina hartzen baitute tenore horretan: bizkarrean eta batez ere isatsean gandor dotorea garatzen dute eta isatsaren punta 5-6 mm-ko filamentu beltz batean bukatzen da. Bestalde, barrabilak erabat puztu egiten zaizkie eta atzeko hanketako atzamarren artean mintzak garatzen dituzte, oin palmatuak sortuz. Izan ere, hortik datorkie “palmatu” delako izena.
Anfibio gehienetan bezala, uhandre palmatuen bizi-zikloaren fase bat uretan bete beharrekoa da, larba direnekoa alegia, eta beraz, ugaltze-garaian hezegunetan bizi dira. Putzu, urmahel, laku, aska, zingira edota erreka inguruak dira hortaz, ohizko bizilekuak. Ur-korronteetan ager daitezkeen arren, putzu geldoak askoz gehiago atsegin dituzte.
Dirudienez, landaretza egoteak edo ez, edota putzuaren tamainak ez dute anfibio hauen agerpena baldintzatzen, eta iturritako askak bezalako ur-gune txikiak ere egokiak dira kuma daitezen. Bestalde, lautadan eta behe-lurretan zein mendian (1.500-2.000 metrotaraino) aurki daitezke. Beraz, basoak, mendiko larreak eta beste habitat askotan ere bizi dira, beharrezkoak dituzten txoko hezeak egonez gero.
Banaketari dagokionez, Europako mendebaldeko espeziea dela esan dezakegu, eta kantauriar eskualdetik Frantzia, Britainia Handia, Benelux eta Suitzaraino (Elba ibaiaraino) hedatzen da; horixe da hain zuzen ere latinezko “helveticus” izenaren jatorria. Iberiar penintsulan, berriz, iparraldean soilik aurki genezake, Galiziatik Kataluniaraino doan lerroan. Euskal Herrian espeziea aurkitzeko lekurik aproposenak alde atlantiarreko hezeguneak dira. Dena dela, mediterraniar isurialdean ere ugaria da Lizarrerriko Erriberako hegoaldea eta Bardeak bitartean. Lurralde lehor horietatik hegoaldera, tarteka topa daitekeen arren, ikaragarri eskasa da.
Nahiz eta urodelo hauek urarekiko lotura handia izan, ugaltze-sasoitik kanpo lehortarrago bihurtzen dira. Dena den, lehorrean daudenean, eguna harri edo enborpean gordeta pasa behar dute ez deshidratatzeko eta soilik ilunabarrean utz dezakete ezkutalekua ehizara irteteko. Ehizaldietan intsektuak, zizareak, krustazeoak, eta bestelako ornogabe txikiak harrapatu ohi dituzte. Udazkenaren bukaeran eskualde hotzenetan orbela eta harri artean gordetzen dira hibernatzeko, baina orokorrean, ia urte osoko iharduera dute.
Udaberriaren hasieran, udara bitartean luza daitekeen araldia hasten da. Urtarriletik edo otsailetik aurrera uretara jotzen hasten dira eta berehala ekiten diete aipatutako eztei jolas harrigarriei. Ematen den lehen urratsa elkar ezagutzea da eta orduantxe arra, inguruan dituen espeziekideak arretaz aztertzen hasten da. Beste ar batekin topo egiten duenean berehala banatzen dira, baina emea baldin bada, eztei-dantza bitxiari ekiten dio. Hasteko, emearekiko trabeska jarriz, bidea moztu egiten dio. Ondoren, isatsa emea dagoen aldera okertu eta astintzen hasten da, punta dantzan jarriz.
Mugimendu honen ondorioz, ur-korrontea eragiten du eta mezu biokimikoa duten substantzia usaintsuak bidaltzen dizkio bikoteari, ernalketarako seinalea iradokiz. Ernalketa gerta dadin ordea, arraren espermatoforoak (espermio-masa duen egitura txikiak) emearen kloakara iritsi behar du eta horretarako ondoko jokaera bitxi hau erabiltzen dute: emea kilikatu ondoren, arra oinez abiatzen da eta bikotea ugalketarako prest baldin badago, atzetik segika joango zaio. Arrak orduan espermatoforoa ur hondora askatzen du eta bikoteak kloakaz jaso eta barneratu egiten du, barruan daramatzan arrautzak ernaltzen dituelarik. Ez da beraz kopularik ematen, baina barne ernalketa gertatzen da.
Ernaldu eta egun batzuetara, martxoa edo apirila aldera, emeak kontu handiz eta banan banan 200-300 arrautz erruten ditu. Baina etsaiek aurki ez ditzaten, arrautzek duten estalki itsaskorraz baliatzen da, landare-urtarrei loturik ongi gordeta uzteko. Eguraldiak laguntzen duenean aste-pare bat edo bestela, zertxobait gehiago behar izaten da eklosioa gertatzeko. Nolanahi ere, arrautzetatik ateratako larbak, anuruen (apoen eta igelen) larbetatik erraz bereiz ditzakegu. Izan ere, uhandreen larbak ez dira zapaburuak bezain buruhandiak eta kanpo-brankiak ageri dituzte.
Bestalde eta zapaburuei ez bezala, aurreko hankak ateratzen zaizkie lehenik. Larba hauek intsektuez, kruztazeoez, moluskuez eta beste larba txikiez biziki elikatzen diren harrapakari trebeak dira. Garapen-maila egokia lortzen dutenean, metamorfosi-prozesua pairatzen dute eta bizimodu lehortarrerako beharko dituzten egiturak garatzen dituzte. Guzti horren ondoren, helduen itxurako 30 mm-ko uhandretxo bihurtzen dira. Hala ere, hilkortasun handiaren ondorioz, gutxi iristen dira metamorfosia burutzera eta hauetatik, bakarren bat baino ez da eztei-dantzari bitxi horietakoa izatera helduko.
Espeziea: Triturus helveticus |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia