Uhandre marmolairea dragoi-itxurako anfibio ikusgarria
1993/06/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Anfibioak aipatzen direnean igel eta apoak datozkigu gehienetan burura. Eta ez da harritzekoa, beren kantu ozenak eta hankaluze-itxura xelebrea deigarriak baitira oso. Uhandreak ere anfibioak ditugula gogorarazten badugu aldiz, sarritan harridura somatuko dugu gure inguruan; naturarekiko zaletasun berezirik ez duen jendeak gehientsuenetan animaliatxo interesgarri hauek ez baititu ezagutu ere egiten. Ezjakintasun honen salbuespen haurrak izaten dira, noski; hauek, heldutasunarekin zimeltzen zaigun jakinmin aseezinak bultzaturik, eta ingurunea etengabe arakatzen ari direla, maiz topatzen baitituzte sugandilaren antzerako anfibio leun eta lingirdatsu hauek udaberrian, ur lokaztuz osatutako putzuren baten hondoan.
Euskal Herrian aurki daitezkeen uhandreen artean, uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) izanen da ziurrenik espezie ikusgarriena. Baita handiena ere; bere luzera 16 cm ingurukoa izaten baita osotara, isatsak 6-7 cm-ko luzera duelarik. Uhandre marmolairea itxura sendoko animalia da bestalde, eta bizkarrean ageri duen orbain berde eta beltzez osatutako kolorazio-eredu disruptiboa eta luzetarako marra laranja deigarria direla eta, bitxia suertatzen da oso.
Baina gainerako uhandreekin gertatzen den legez, uhandre marmolairea ere ez da normalean erraz ikus daitekeen animalia. Izan ere, eta anfibio izanik, beren epidermia ez da erabat iragazkaitza, eta ondorioz, lehorrean dabiltzala deshidratazio-arrisku nabaria izan ohi dute. Arrisku hau saihestearren, uhandre marmolaireak ere bizimodu gautarra burutzen du, egunean zehar harri edo enborren azpitan, goroldiopetan, edo bestelako ezkutalekuren batean mantentzen delarik. Jokamolde hau ordea, erabat aldatzen da udaberria iristen denean.
Martxotik aurrera, eta ugaltzeko beharrari erantzunez, uhandre marmolaireak ur geldoz osatutako putzu eta urmaeletan biltzen dira. Eta sasoi horretan lortzen dute uhandre arrek beren itxurarik ikusgarriena: eztei-janzkera gisara, barrabilak erabat puztuta ageri dituzte, eta bizkar eta isatsean zehar gandor dortsal bikaina garatzen dute, ipuin zaharretako dragoiak bailiran.
Zertarako ordea horrenbesteko hornidura eta apaingarri? Hau ez da gutizia hutsez gertatzen, noski: uhandreak barne-ernalketaz ugaltzen dira, baina arrek zakilik ez dutenez, barne-ernalketa hori burutu ahal izateko eztei-dantza konplexuak gauzatu behar izaten dituzte. Ar batek beste uhandre batekin topo egiten duenean, lehenbizi ukimenaz ezagutzen du, eta emea dela jabetu ondoren, gorteiatzeari ekiten dio intentzio guztiaz: kidearen aurrean paratuta, isatsa horren aldera okertu eta astintzen hasten da bortizki, emearenganazko ur-korrontea sortuz. Lan horretan ari delarik, isats-muturrean kokaturik dituen guruin hedonikoen bitartez feromonak —mezulari biokimikoak— bidaltzen dizkio emeari, bere asmoen berri emanez. Emea ernalketarako prest baldin badago, baiezko erantzun gisara arrarengana hurbildu eta muturra haren barrabilen parean jartzen du.
Une horretan arra ur-hondoan oinez hasten da astiro, emea atzetik duelarik, eta bapatean geldituz, espermatoforo bat uzten du ur-hondoan. Berehala oinez hasten da berriro ere, emea atzetik duela, eta honen kloaka espermatoforoaren gainean dagoenean geratu egiten dira biak, emeak makurtu, ezpain kloakalez espermio-zorroa jaso, eta bere baitan gordetzen duelarik.
Ernalketa burutu ondoren, emeak gainerako arrei buruz ez du ezer jakin nahi izaten. Une horretatik aurrera bere betebeharrak bestelakoak dira, hurrengo asteetan hirurehun arrautzatik gora errun beharko ditu eta (banaka-banaka eta ardura handiz). Arrautza hauek zuri-horiskak izan ohi dira, eta 3 mm inguruko diametroa izaten dute, kanpo-aldetik hainbat geruza gelatinotsu gardenez babestuta daudelarik. Baina estalki hauek ez dira arrautzaren babes bakarrak. Aitzik, emeak errutean arrautza bakoitza landare urtarren hostoren batean itsasten du ardura handiz, hostoak arrautza erabat biltzen eta babesten duela. Horrela, arrautza makina bat etsairen ahaleginetatik libre izanen da enbrioia garatu eta eklosioa gertatu artean.
Arrautza horietatik jaioko diren larbek 7 mm-ko baino ez dute, baina jaio eta denbora gutxira ehiztari gupidagabe izanen dira jadanik. Izan ere, eta igel eta apoen apaburuak ez bezala, uhandreen larbak ehizerako moldatutako forma aktibo eta lurraldekoiak izaten baitira. Jaio orduko aurreko hankak eratuta dauzkate, eta atzekoak ere denbora gutxi barru garatuko dituzte. Uda iristen denerako, larba hauek 4 cm inguruko luzera izanen dute, eta metamorfosia hasten da, kanpo-brankiak galduz eta airetiko arnasketarako egokituz doazelarik, aldi berean bizimodu lehortarrerako beharko dituzten gainerako egokitze guztiak gauzatzen direlarik.
Baina larbek urmaela utzi eta lehorrerako bideari ekiten diotenerako, helduak itzuliak dira jadanik beren ohizko ohituretara. Egunez harripe, goroldio-azpi eta gainerako babeslekuetan ezkutatzen dira gaua iritsi zain, eta iluntasunarekin batera freskura eta hezetasuna nagusitzen direnean baino ez dira abiatzen munduan barrena, zizare, bare eta gainerako ornogabeak ehizatuz beren premiak asetzera. Udazkena iristen denean ordea, urritik aurrera, eta gainerako anfibio gehientsuenek bezala, uhandre marmolaireek ere babes egokia bilatzen dute neguko letargia bertan egiteko, eta bertan mantenduko dira, hibernazioan, otsailaren azkenerarte.
Uhandre marmolairea asko hedatutako espeziea da Euskal Herrian, bertan itsas mailatik hasi eta 1000 m inguruko altitudeetaraino ikus daitekeelarik. Muga horien baitan ez du eskakizun zorrotzegirik ezartzen habitatari dagokionez, eta Kantauri aldeko munoetako larretatik hasi, eta Bardeetako eremu idorretaraino aurki genezake. Nolanahi ere, uhandre marmolaireak urmael iraunkor eta osasuntsuak behar ditu ugaltzeko eta larbak garatzeko, eta horrelako hezeguneak etengabe desagertzen ari direnez, gero eta urriagoa da gure Herriko eskualde gehienetan.
Fitxa teknikoa Uhandre marmolairea Espeziea: Triturus marmoratus |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia