}

Txanponak

1997/03/01 Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egunero eskuartean ditugu. Kafea hartu nahi badugu, ogia erosteko edota autobusez ibiltzeko; badaezpada ere beti poltsikoan.

Ez da zaila txanponek zertarako balio duten azaltzea. Ondo baino hobeto dakigu. Txanponei esker erosten dugu eta baita saldu ere. Gizakia historian zehar beti aritu da nolabaiteko salerosketan, baina ez du beti txanpona erabili, ezta gutxiagorik ere. Askoz geroago otu zitzaion gizakiari txanponez baliatzea.

Txanpona trukean oinarritzen da; txanponaren truke, izan ere, balio bereko beste zerbait jasotzen dugu, dela janaria, arropa, lan-tresnak eta abar. Gizakiok adostasunera iritsi gara salerosketa txanponen bidez egiteko. Horregatik izan du arrakasta truke-sistema horrek.

Esan dugu, ordea, sistema bera ez dela beti erabili. Antzina trukean ez zen txanponik erabiltzen. Euskal Herrian bertan, duela gutxira arte baserri-giroan oiloak, barazkiak, arrautzak eta olioa erabili dira trukean. Baserrian behinik behin, dirua eskutan oso gutxi erabiltzen zen eta baserrian sortzen ez zutena etxeko produktuen truke eskuratzen zuten.

Txanponaren aurrekaria

Europan eta Ekialde Ertainean duela ia 4.000 urte txanponaren egiteko bera zuen zerbait erabiltzen zuten: kobrezko lingoteak. Gure arbasoek kobrearen truke beharrezkoa zutena erosten zuten. Kristo aurreko 700. urtean ausartu zen gizakia lehen txanponak egitera. Kondairaren arabera, Asia Txikiko mendebaldean, Lydia izeneko herrian egin zen lehen txanpona.

Kristo aurreko bostgarren mendeko txanpona da argazkikoa. Atenasko txanpon horrek lau drakma balio ditu eta hontza grabatu diote zilarrezko txanponari.

Txanpona egiteko erabilitako teknika esanguratsua da guretzat; gaur egun ere oso antzeko moduan egiten baitira txanponak. Lydiako asmatzaileek urrea aukeratu zuten txanponak egiteko. Lehenengo, urre-pieza hartu eta puska txikitan egiten zuten, puska bakoitza pisatuz. Hurrengo urratsa sakonera txikiko buztinezko molde biribilak egitea zen.

Urre-puskak sakonera horretan sartzen zituzten eta urrea berotu egiten zuten. Urtutako urreak buztinezko moldearen hutsune osoa betetzen zuen. Urre-puska hozten zenean atera egiten zuten eta pieza bakoitza ingudearen gainean jartzen zuten. Trokelaren bidez, urrezko txanponari zigilua jartzen zioten. Batzuek erregearen edo erreginaren irudia izango zuten eta beste batzuek lurraldea adieraziko zuten. Zigiluaren helburua oso garrantzitsua zen: urrearen pisua eta purutasuna bermatzen zuen zigiluak. Urrezko txanponak erabiltzen hasi baziren ere, txanpon bidezko merkataritzarik ez zen sortu. Urrezko txanpon horiek dira lehenak, baina erabiltzaileak aurkikuntzaren garrantziaz ez ziren ohartu.

Txanpon bidezko merkataritza Kristo aurreko bigarren mendean hasi zen. Erromatar Inperioaren botereari esker, berehala hedatu zen txanpona Europan zehar. Urrezko txanponak egiteaz gain, balio gutxiagokoak ere egiten hasi ziren; zilarrezkoak eta brontzezkoak, esaterako.

Txanponak egitearen lanbidea gero eta hobeto ikasten zuten bitartean, txanpon faltsuak egiten ere trebatu zen asko. Faltsifikatzaile batzuek trokel faltsuak egiten zituzten eta molde horiekin egiten zituzten txanpon guztiak. Beste batzuek benetako txanpona hartu eta moldea prestatzen zuten; gero molde horretan egiten zituzten txanponak. Bi eratara ere, nahiz eta faltsifikatzailea oso trebea izan, txanpona ondo aztertuz gero laster igar zitekeen faltsua zela.

Nola egiten dira txanponak?

Txanponak egiteko prozesua sinplea da funtsean, baina txanponaren arabera, urrats batzuk aldatu egiten dira; batzuetan gehituz eta beste batzuetan gutxituz. Txanponak egiterakoan ezinbesteko urratsak ondokoak dira:

  • Galdaketa: gaur egun erabiltzen ditugun txanponen materialek oso balio gutxi dute, metal merkeak erabiltzen baitira.
    Ez dira ez txanponak iturria irekita ateratzen. Hala ere, erruz erabiltzen dugu txanpona eskuartean. Txartelak ere, azken aldian asko ugaldu dira eta agian egunen batean, txanponak desagertu egingo dira, nork daki!
    Txanpona egiteko aukeratutako metala zein aurreko prozesuetan erabilitako lingoteen puskak labean sartzen dira eta nahasketa labean urtzen da. Metal urtua moldeetara isurtzen da ondoren, lingote-itxura har dezan.
  • Ijezketa: metal-lingoteak arrabolen artean pasarazten dira ijeztu ahal izateko. Ijezketaren bidez, lingoteen bolumena txikiagotzen da, behar den neurria lortu arte. Horrez gain, lingoteei ertzak ere mozten dizkiete. Batzuetan mozketa eta ijezketa lingoteak berotu eta gero egiten dira eta beste batzuetan, berriz, hotzean.
  • Bobinak: lingoteek hurrengo urratsetan itxura galduko dute eta metala bobinatan bilduko da. Bobinek ere tratamendu berezia jasotzen dute, metala txanpon bihurtu aurretik.
  • Zizailaketa edo mozketa: azaldu dugun bezala, prozesuaren hasieran lingoteei ertzak mozten zaizkie ijezketarako prestatzeko. Urrats honetan, aldiz, mozketen bidez bobinako metal-zintak txanpon-itxura hartzen du. Egia esan, ezin zaio txanpona deitu metal-puska horri. Oraindik ez du zigilurik, baina badu jada txanpon-itxura. Behin metalak txanpon-itxura hartu duenean, ijezketa eta mozketaren ondorioz soberan gelditu diren metal-puskak prozesu osoaren abiapuntura eramaten dira, labera, hain zuzen ere.
  • Zigilua: urrats honetara heldutako txanponarekin dendara joango bagina ez genuke aurpegi goxorik ikusiko. Zigilurik gabeak dira eta beraz, baliorik gabeak. Azken urrats honetan zigilua jartzen zaio orain arte metal-puska besterik izan ez denari. Txanpona erabiltzeko prest dago.

Une honetan mundu osoan zehar, makina-txanponak txanponak sortu eta sortu ariko dira. Hala ere, ezin ziurta daiteke makina horiek txanponak egiten luzaro segituko dutenik. Gero eta gehiago erabiltzen dira mota anitzetako txartelak eta txartel horiek zein bileteak, agian, tokia kenduko diote txanponari. Beharbada, hemendik laster ezin abestuko dugu “Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa...”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia