}

Tekniker, euskal ikerketa-elkartea IMS programan

1993/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteotan, IMS (Intelligent Manufacturing Systems) izenez ezagutzen den produkzio-automatizazioaren kontzeptu berri eta goi-mailakoa agertu da. Produkzio-teknologien kontzeptu berri honek enpresa-eremu eta alor guztiei eragiten die, hasi hornitzaileen kontroletik eta merkatuan produktuak duen sostenguraino.

CIM ikuspuntuak ez bezala, IMSetan enpresa-iharduera bakoitzaren zati egituratzaileak adimendun, bere buruaren jabe, integragarri eta, multzo gisa, goi-mailako unitate bat sortzeko gai dira. IMSean gizakiaren eginkizuna indartzen da. Ez produkzio-sistema konplexuaren elementu soil gisa; sormen-iturri gisa baizik.

IMSaren ideia Japonian 1990.ean jaio zen, MITI, Industria eta Nazioarteko Merkatalgorako Japoniar Ministraritzaren babespean, 10 urtean erabiltzeko mila milioi dolarreko aurrekontuaz eta nazioarteko ikerketa-programa zenbait aurrera atera nahiz. EEBB, EK, EFTA, Australia eta Kanadan helburu eta eskuduntza bereko beste erakundeekin harremanetan jarri ondoren, IMSeko hiru batzorde zuzentzaileak osatu ziren, hau da, Koordinaziorakoa, Teknikoa eta Jabego Eskubideak Babestekoa.

Mundu-mailako egitura gorpuzturik, urtebeteko proiektu-saiakuntza batzuk burutzea erabaki zen programaren lehen urrats gisa, non planeta-mailan IMS ideiaren behin-betirako bideragarritasuna aztertu beharko den.

Helburu honekin, proposamen-dei bat zabaldu zen, Europan Informazio Teknologia eta Telekomunikabideen XIII. Zuzendaritza Orokorrak kudeatzen zuelarik. Eskabideak jaso ondoren, eta horien ebaluazioa buruturik, IMS programak hainbat eta hainbat planteamendutatik 6 proiektuok aurrera eramatea erabaki zuen:

  • Clean Manufacturing (ICI)
  • Global Concurrent Engineering (Northern Telecom)
  • Enterprise Integration (British Aerospace/Toyo Eng)
  • Holonic Manufacturing Systems (Allen Bradley/Hitachi)
  • Rapid Product Development (UTC/Daimler Benz)
  • Knowledge Systematization (Mitsubishi)

Alta, “Holonic Manufacturing Systems” proposamenak, Allen Bradley (EEBB) eta Hitachi (Japonia) enpresek gidatzen dutenak, Tekniker euskal ikerketa-elkartea du bere europar bazkideen artean.

Etorkizuneko lantegiaren ikuspegi “holonikoa” bat dator guztiz IMS ideiarekin, enpresari zalutasun handiagoa ematearen bidean; bere produkzio-bitartekoak “holon” deritzen unitate adimendun, beren buruen jabe, malgu eta lankideetan integratzetik abiatu nahi baita.

Mundu-mailako proiektu honen barruan, Teknikerrek kontrol holonikorako sistemak diseinatzeari, sistema hauentzako frogak aukeratzeari, kontrol holonikorako estandarrak proposatzeari eta emaitzen teknologi transferentziari dagozkien eginbeharretan esku hartuko du. Konpromezuan gutxi gora-behera 2 gizon-urteko dedikazioa aurrikusten da: berau, industrialdutako mundu guztiko 32 enpresa eta erakundek parte hartuko duten proiektu batean, non guztira 44 gizon-urte eta, erabat zehazturik ez badago ere, 700 milioi pezetatik gorako aurrekontua erabiliko baita.

Kontsorzioaren egitura honako hau da:

EEBB
Allen Bradley/ Rockwell
Bostongo Unibertsitatea
Carnegie Mcllon Unibertsitatea
UTC
Calgary/Berkely-ko Unibertsitatea
Conneticut-eko Unibertsitatea
Illinois-ko Unibertsitatea

EUROPA
Softing
AITEC
FhG-IPA
IFW/Hannover-ko Unibertsitatea
Lovaina-ko Unibertsitate Katolikoa
Mandelli
Nestlé
Tekniker
TGI (INI)
Keele-ko Unibertsitatea
VIT

JAPONIA
Hitachi
Fanuc
Hitachi Seiko
Keio-ko Unibertsitatea
Kobe-ko Unibertsitatea
Toshiba
Yaskawa

KANADA
Queens Unibertsitatea
Alberta Ikerketa-Kontseilua
Basic Technologies
Calgary Unibertsitatea

AUSTRALIA
BHP
CSIRO
RMIT

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia