Supereroankortasuna bero-bero
2001/08/31 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Elektrizitatea inolako erresistentziarik gabe 117 K-etan (-96 ºC) garraiatzeko gai den materiala prestatu dute Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Bell laborategietan.
-96 ºC oso hotz da gizaki arruntarentzat, baina supereroaleekin lanean dabiltzanentzat bero dela esan daiteke, supereroankortasuna material askok erakusten baitute, baina tenperatura ikaragarri baxuetan. Orain hilabete batzuk, esaterako, magnesio diboro konposatua 39 K-etan supereroale zela atzeman zen eta izugarrizko aurkikuntzatzat jo zen.
Zientzialari askok nitrogeno likidoaren tenperaturatik gora (-196 ºC) supereroaleak diren materialak bilatzen dihardute, eta gaur Science aldizkarian aurkeztu dutena horietako bat da. Izan ere, nitrogeno likidoaren muga oso garrantzitsua da, laborategitik kanpora begira muga ekonomikoa baita. Tenperatura horiek airean hain ugaria den nitrogenoaren bitartez lor daitezkeenez, merkea da.
Etorkizun handiko materiala
Hain material interesgarria fulerenoak (karbonozko pilotak, C 60 ) triborometanoarekin nahasiz eta nahastea transistore baten bihotzean jarriz lortu dute. 1991. urtean fulerenoz eginiko kristalei metal alkalinoak gehituta 18 K-etan supereroalea zen produktua atzeman zuten AEBtako Los Alamos Laborategi Nazionalean. 90eko hamarkadaren amaieran, Bell laborategietan estrategia berri batekin hasi ziren lanean. Elektroiak garraiatu ordez, fulerenoek elektroirik gabeko zuloak garraiatzen bazituzten tenperatura altuko supereroaleak lortzea posible zela susmatzen zuten, eta horretan hasi ziren buru-belarri.
Gaur aurkeztutako materiala ikerketa horien emaitza da. Hamaika gehigarri probatu ondoren, orain arteko emaitza hoberenak triborometanoak eman ditu: 117 K-etan elektrizitatea inolako erresistentziarik gabe garraiatzen duen materiala. Baina ikerketa erabat irekita dago eta aspaldiko helburua inoiz baino gertuago: giro-tenperaturan supereroalea den materiala.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia