Elhuyar zientziaren komunikazioa

Sumendiak, hegazkinak eta dinosauroak

2010/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Eyjafjallajökull sumendiaren erupzioak krisia sortu du aire-zirkulazioan. Kaosa sekulakoa izan da, bai, baina iraganean ondorio are gogorragoak eragin izan dituzte sumendi-erupzioek. Askoz ere gogorragoak, baita erupzioek eragin izan dituzten hildakoen kopuruak alde batera utzita ere.

Esate baterako, duela ia hogei urte, 1991n, Pinatubo sumendia (Filipinak) lehertu zen . XX. mendeko erupzio handienetako bat izan zen. Sumendiak 10 kilometro kubiko material jaurti zuen, eta atmosferan hedatu ziren errautsek eragin globala izan zuten: eguzki-izpiei lurrazalera iristea oztopatu zieten, eta Lurraren tenperatura 0,4-0,5 ºC jaitsi zen urte hartan.

Lurra orain baino gazteagoa zenean, etengabeak ziren sumendi-erupzioak.

Historialariek jasotako erupzio bortitzena, hala ere, Tambora sumendiarena da (Indonesia). 1815. urtean gertatu zen, eta, geologoen esanean, azken 10.000 urteotako erupziorik handiena izan zen seguru asko. Kalkulatzen dutenez, 50 kilometro kubiko material baino gehiago jaurti zuen, mendiaren garaiera 1.300 metro gutxitu zen gutxi gorabehera, eta askatu zuen sufre dioxidozko eta errautsezko hodeia mundu osora zabaldu zen ikertzaileek (errauts bolkaniko haren arrastoak topatu dituzte Groenlandiako eta Antartikako izotzetan).

Horrenbestez, tenperatura 0,4 eta 0,7 ºC bitarte jaitsi zen, eta 1816a "udarik gabeko urtea" izan zen Europan eta Ipar Amerikan. Garai hartako zientzialariek eguzki-orbanei edo Ipar poloan askatzen ziren izozmendiei egotzi zieten klimaren gogortzea. Errua tximistorratzek zutela uste zuenik ere bazen; haien ugaritzeak korronte elektrikoen dinamika aldarazi omen zuen atmosferan, eta horren ondorioz izaten ari omen zen uda hain hotza. Ez zuten susmatzen munduaren beste muturrean lehertu zen sumendi batek halako eragina izan zezakeenik kliman.

Sumendien eragina eboluzioan

Orain, ordea, zientzialariek badakite erupzio handiek eragin zuzena dutela kliman. Eta eboluzioaren bilakaera klimarekin zuzenean erlazionatuta dagoenez, espezie batzuen desagertzean eta berrien sorreran ere eragiten dute sumendiek.

Esaterako, duela 70.000 urte inguru Toba sumendia lehertu zen Indonesian. Supererupzio bat izan zen; klima aldarazi zuen, eta, horren ondorioz, giza populazioa asko txikitu zen. Hainbeste txikitu zen, ezen zientzialari batzuek uste baitute aldakortasun genetikoa gutxitu zuela. Horri botila-lepoa efektua deitzen diote genetistek, eta erabateko eragina du giza espeziearen eboluzioan. Hain zuzen, hipotesi honen arabera, oraingo populazioa sumendiaren erupziotik bizirik geratu zenaren ondorengoa da, eta, kalkulatzen dutenez, 5.000-10.000 banako baino ez ziren atera bizirik.

Denboran askoz ere atzerago joanda, duela 65 milioi urte inguru, dinosauroak desagertu ziren , eta galera hori ere sumendiekin lotzen dute batzuek. Nahiz eta dinosauroen desagertzea azaltzeko teoriarik onartuena talkaren teoria den, ikertzaile guztiak ez datoz bat horrekin. Adibidez, Princetongo Unibertsitateko Gerta Keller paleontologoak uste du Deccango (India) erupzioek eragin zutela desagertzea.

Orain dela gutxi, berriz, alderantzizkoa iradoki dute Brown Unibertsitateko paleontologoek; hau da, dinosauroei gailentzen lagundu zietela sumendi-erupzioek. Izan ere, duela 200 milioi urte Pangea superkontinentea banatzen ari zen, eta erupzioak etenik gabe gertatzen ziren. Paleontologo horiek ondorioztatu dutenez, erupzioen ondorioz garai hartan nagusi zen espeziea desagertu zen, crurotarsan izeneko krokodilo-antzeko animalia bat. Eta horretaz baliatu ziren dinosauroak planetaren jaun eta jabe bihurtzeko.

Bulkanologoek ohartarazi dute Islandian erupzio gehiago gerta daitezkeela hemendik aurrera, jarduera handiko ziklo bat hasi dela baitirudi. Hala eta guztiz ere, ez da pentsatu behar duela milaka milioika urteko egoera berrituko denik: Lurra zahartzen ari da, eta ez dago garai hartan bezain bizi eta oldartsu.

Gara -n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia