Islandia, hotzean bero

2010/05/01 Elhuyar

Azken hilabetean nonahi ikusi ahal izan dira uharte honetako irudiak. Aire-zirkulazioan eragin duen kaosagatik, famatu bihurtu da Eyjafjallajökull sumendiak jaurtitako errauts-lainoa. Ez da aitzakia txarra uharte hartara begira jartzeko; izan ere, errauts-lainorik ez dagoenean ere, nahikoa ikusgarria bada Islandia.

Barrutik bero eta kanpotik hotz. Ozeano Atlantikoaren iparraldean, zirkulu polar artikotik oso gertu dago Islandia. Glaziarrak, izotza eta elurra ohiko elementuak dira han. Eta elurrak urtzean, erreka eta ibai ugari sortzen dira. Islandian nonahi daude errekasto, ibai, putzu, aintzira eta ur-jauzi ikusgarriak.

Putzu horietako asko ur berokoak dira. Izan ere, barrua irakiten dauka Islandiak. Uharte osoan ur beroko 600 iturburu baino gehiago daude; batzuk 150 gradutik gorako urekin. Islandiako etxeen % 89 lurpeko ur beroarekin berotzen dira.

Barruko bero horren adierazle garbia da Eyjafjallajökull sumendia ere. Islandiako 35 sumendi aktiboetako bat da. Martxoan hasi zen laba isurtzen, eta, geldialdi baten ondoren, apirilaren 14an berriz piztu zen sumendia, errauts-laino famatua jaurtitzen hasteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia