Elhuyar zientziaren komunikazioa

Sexu-aldaketa? Bai mesedez

1990/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zenbait animalia sexuz aldatzen da bizian zehar. Sexu batekin jaiotzen dira eta sexuz aldatzen dira biziaren azken fasean. Zoologoek hermafroditismo sekuentzial esaten diote prozesu horri. Gertaera hori azaltzeko teoria ere eraiki dute, baina orain arte frogatzeko modurik ez dute izan. Uppsalako Unibertsitateko Anders Berglund zoologoak teoria zuzena dela frogatzeko bidea aurkitu berri du.

Hipotesiak esaten duenez, tamainak sexuen ugaltze-arrakastari desberdin eragiten dio eta ondorioz, hautespen naturalak sexuz aldatzeko gaitasuna hobetsiko luke. Esaterako, zenbait espezietan emeak arrautza gehiago errungo ditu handiagoa baldin bada, baina arrari handitasunak ez dio abantaila berezirik ematen. Espezie horretan, onuragarria izango litzateke arrak eme bihurtzea baldin eta sexu-aldaketak energi eta denbora-gastu handiegia sortzen ez badu.

Zoologo asko hipotesi honen alde daude, baina orain arte frogatzeko biderik ez da egon. Esperimentuak egin direnean, emaitzak zalantzazkoak izan dira.

Hipotesia frogatzeko zoologoek bi gauza egin behar dituzte: alde batetik, sexurik handienaren ugaltze-arrakasta tamaina handiagotzen den heinean handiagoa dela ikusi, eta bestetik, sexu handienarentzat tamaina-handiagotzea ugaltze-arrakastan txikienarentzat baino erabakiorragoa dela frogatu.

Berglund-ek Itsas zizare poliketo bat, Ophorotrocha puerilis puerilis izenekoa, aztertu du hipotesia frogatzeko. Emeak handiak eta arrak txikiak dira. Arrak txikiak dira, gazteak direlako edota borroketan gorputz-zatiak galdu dituztelako. Berglund-ek ikusi duenez, emeen ugaltze-arrakasta izugarri handiagotzen da tamainaren arabera eta hori ez da arretan gertatzen. Espezie horretan, arren arrakasta tamaina handiagotu ahala txikiago bilakatzen da. Emeek ar txikiak nahiago dituzte. Horrexegatik, ar handiak sexuz aldatu eta txikiagoak baino maizago eme bihurtzen dira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Zientzia.eus-en

Erreferentziazko webguneetan

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia