}

Schiaparelli modulua, Marten “lurreratzeko” prest

2016/10/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

schiaparelli-modulua-marten-lurreratzeko-prest
Schiaparelli modulua, TGO satelitetik askatu berritan (irudi artistikoa). Arg. ESA/ATG medialab

Duela bi egun askatu zen Schiaparelli modulua TGO satelitetik, eta, ondo bidean, bihar jarriko da Marteren azalean, hemen 16:48ak direnean. ExoMars egitasmoaren une garrantzitsuenetako bat izango da. Haren helburua: Marteren ingurunea aztertzea eta 2020rako prestatzen ari diren misioetarako teknologia probatzea.

Europako (ESA) eta Errusiako (Roscosmos) espazio-agentzien egitasmoa da ExoMars. Haren barruan, Schiaparelliren txanda da orain. Hain zuzen, 2017an TGO sateliteak atmosferako gasak aztertuko ditu, bereziki metanoa. Bihar, baina, Marteren orbitan geratuko da, eta Schiaparellik jasoko du arreta guztia. 16:42an 21.000 km orduko abiadurarekin Marteren atmosferan sartuko da, azaletik 121 km-ra , eta sei minutu geroago iritsiko da azalera, 15 km orduko abiaduran.

Abiaduraren galera kontrolatzea gako izango da. Izan ere, maniobrak baino denbora gehiago behar du seinaleak Martetik Lurrera iristeko (9 minutu baino gehiago); beraz, ezinezkoa da da Lurretik eragitea. Horrenbestez, zorrotz planifikatuta dute balaztatzea. Hala, azalera kalterik gabe iristeko, paraxut bat, propultsatzaileak, ezkutu bat eta inpaktua xurgatuko duen egitura deformagarria ditu.

Elementu horiez gain, kamera bat ere badu, bidea argazkiak ateratzeko. Irudi horiei esker, jaitsierako maniobraren ibilbidea jasoko dute, eta lur hartuko duen lekuaren (Meridiani Planum) gertuko xehetasunak ezagutuko dituzte.

Marteren azalean, berriz, sentsoreen bidez, inguruneari buruzko datuak bilduko ditu, bateriak iraun bitartean (egun gutxi batzuk): haizearen abiadura, hezetasuna, presioa, tenperatura, hautsa, eremu elektrikoa… Informazio horrek guztiak are-ekaitzak argitzen lagunduko duela uste dute astronomoek.

Maniobra osoa bere webgunearen bidez jarraitzeko aukera emango du ESAk.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia