Elhuyar zientziaren komunikazioa

Sarrera-artikulua

1994/01/01 Nogeras, Itziar - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Argazkilaritzari buruzko sarrera-artikulu honek, gai horren inguruan arituko den sail berriari eman nahi dio hasiera.

Gaur egun oso hedatuta dagoen zaletasuna da.

Gutxi-asko denok izan dugu noizbait argazki-kameraren bat gure eskuetan eta denok atera dugu argazkiren bat. Gaur egun ez da horretarako inongo prestakuntza tekniko edo artistikorik behar. Dena dela, askotan emaitzak botoia sakatze hutsarekin ez dira nahi bezalakoak izaten eta, inongo zalantzarik gabe, kameraren funtzionamenduaz jabetuz, zenbait arau artistiko jakinda eta esperientziak lagunduta, emaitza horiek asko hobe litezke. Horixe da, bada, sail honen helburua: argazkilaritzaren oinarrizko nozioak aztertuz, emaitza horiek hobetzen laguntzea. Edo, besterik gabe, argazkilaritzaren mundu erakargarrian murgiltzea.

Francis Frith, Samuel Bourne, Lewis Carrol eta Julie Cameron argazkiak ateratzen ibili ziren garaian (XIX. mendearen bigarren erdian), argazkilaritza iharduera konplexua zen oso. Edozein egiteko prest ez zegoen lana eskatzen zuen eta gure ikuspuntutik nekez pentsa dezakegu garai hartan argazkiak ateratzeak zer esan nahi zuen. Emultsio fotografikoa kolodioi hezekoa zen, hau beirazko xafletan zabaldu behar zen argazkia atera baino momentu bat lehentxeago (lehorra ez baitzen argiarekiko sentikor); argazkia atera eta berehala xaflak errebelatu egin behar ziren; prozesu hau erabateko iluntasunean baino ezin zen egin (beraz, laborategia izango zen denda beltza eraman behar zen); eta gainera, kamera izugarri astuna zen. Guzti hori medio, gutxi batzuen esku egon zen argazkilaritza, harik eta George Eastman-ek bere ekarpenak egin zituen arte.

Orduz geroztik argazkiak ateratzea gero eta errazagoa da, aurrerapen teknikoak egundokoak izan direlako.

Denboraren poderioz, argazkia tresna zientifiko eta dokumental garrantzitsu bilakatu da; baita norberaren sormen-tresna ere.

Zaila da argazkiak gure mundu-ikuskera zenbat zabaldu duen konturatzea, eguneroko gauza bihurtu zaigu eta.

Argazkia, hasieran erlazionatu ez ziren baina aspalditik ezagutzen diren bi fenomeno elkartzearen emaitza da: kamera iluna eta zilar gatzak argitan belztea elkartzearena.

Kamera iluna (argazki-kamera azken batean), ganbara ilunaren printzipioan oinarritzen da. Zirritu bat besterik ez duen gela ilun batean, hartatik kanpoko objektuek isladatzen duten argia sartuz gero, objektu horien irudia aurreko horman alderantziz eratzen da. Kristau Aroa baino lehenagotik ezagutzen da eta eguzki-eklipseak ikusteko eta gero marrazteko erabili zen.

Bestetik, Erdi Aroko alkimistek bazuten argiaren eraginez bere tonalitatea aldatzen zuen substantzia kimiko baten berri. “Zilar korneo” izena eman zioten, guk zilar kloruro izenez ezagutzen dugun konposatuari.

Thomas Wedgwood izan zen bi fenomeno hauek uztartzen saiatu zen lehena (1800. urte inguruan). Zilar nitratozko paperean irudiak lortu zituen, baina ez zuen horiek finkatzea lortu. Niepce izan zen hori lortu zuen lehena.

Oharra: Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Argazkia, argiaren eta substantzia kimikoen bitartez pelikula zein paper batean irudiak modu iraunkorrez gordetzeko prozesua da. Kamera baten bitartez, pelikula edo xafla bat, irudi enfokatu bat aurrean duela denbora mugatu batez argitan jartzen da, pelikula edo xafla horri irudi horrek isladatzen duen argia iritsiko zaiolarik. Zuri-beltzeko argazkilaritzan, pelikula edo xafla zilar gatzez osatutako emultsioz estalita dago. Argia iritsitako pelikula edo xaflaren zatiak bainu egoki batzuetan eduki ondoren belztu egiten dira; intentsitate desberdinez belztu ere, iritsi zaien argiaren arabera.

Horrela irudiaren negatiboa lortzen da eta bi eratara inprima daiteke: ukipenez zein proiekzioz. Era batera edo bestera, negatiboan barrena iragaten den argia emultsio berezi batez estalita dagoen paperera iristen da. Paper horretan, negatiboan ilun ziren tonuak argi azalduko dira, argi gutxiago iragan baita, eta alderantziz, lehen negatiboa zen irudia positibo bihurtuz eta errealitateko irudiaren tonuekin bat etorriz. Koloretako argazkilaritzan pelikulek hiru emultsio dauzkate, bakoitza oinarrizko kolore batekiko (gorri, berde eta urdinarekiko) sentikor delarik.

Mundua dugu argazkilaritzako lehengai. Baina mundu hori argiari esker ez balitz ez genuke ikusiko eta era berean ez litzaiguke kameretako pelikuletara iritsiko. Argazkia zer den ulertzeko hortaz, argia zer den ulertzea ezinbestekoa dugu.

Eguzkitik datorren argi zuri hori, kolore desberdinak ikustarazten dizkiguten luzera desberdineko uhinez osatuta dago. Gorputzek uhin batzuk bereganatu eta beste batzuk isladatu egiten dituzte. Horregatik ikusten ditugu kolore batekoak ala bestekoak. Objektu zuriak joaten zaion argi guztia isladatzen du eta ez du ezer bereganatzen. Beltzak, berriz, argi guztia bereganatzen du eta ez du ezer isladatzen. Kolore gorriko objektuak, espektroko uhin gorria isladatzen du batez ere.

Begiak, objektuek isladatzen duten argia atzematen du. Argi hau begi-ninian barrena sartzen da, argiak begi-globoaren kontrako ertzean dagoen erretina inpresionatzen du eta han objektuen alderantzizko irudia osatzen da. Informazio hau nerbio-bulkada gisa transmititzen da garunera. Argiaren kolorea eta intentsitatea, kono eta makila izeneko zelulek atzematen dute erretinan.

Argazki-kamerak, giza begiaren oso antzera atzematen ditu irudiak. Argia, objektiboaren irekidura zeharkatuz kameraren erretina den pelikulara iristen da. Argi hau, irisak egiten duen antzera, diafragma baten bidez erregula daiteke. Objektiboa lentez osatuta dago eta begiko lenteak bezala, enfokatu egiten dituzte irudiak, irudi horiek ere alderantziz eratzen direlarik.

Baina, antzekotasun hauek garrantzitsuak badira ere, badira kontutan hartu beharreko desberdintasunak ere, begiez ikusitakotik kamerak ikusitakora alde handia dagoela pentsa ez dezagun. Kamerak ez du diskriminatzen; aurrean duen guztia jasotzen du. Hori dela eta, sinplifikatzen saiatu behar dugu, argazkia nahasgarria eta astuna gerta ez dadin. Kamerak ez du bere kabuz enfokatzen. Bisoretik begiratzen dugun guztia enfokatuta azaltzen bazaigu ere, kamerak enfokatze-distantzian dagoena besterik ez du aterako aratz. Beraz, interesatzen zaigunaren distantzia jarri beharko dugu kameran.

Pelikulak kontrastea handiagotu egiten du, eta horrek irudi baten zona argituak atera ahal izateko oso gutxi argitutakoak ilun uztera behartzen gaitu, edo alderantziz. Argazkiak bi dimentsio besterik ez ditu, irudia launa delarik. Hirugarren dimentsioa lortu ahal izateko, irudiko osagaien lerroekin edo perspektibarekin eta argiztapenarekin jokatu beharko da.

GEORGE EASTMAN. Industriari eta asmatzaile estatubatuarra (1854-1932). Ordurarte gutxi batzuen esku egon zen zaletasuna herri xehera zabaltzea lortu zuen. 1880an argiarekiko koloide hezezkoak baino sentikorrago ziren xafla lehorrak egiten hasi zen. Baina benetako iraultza 1885ean erroiloko pelikula bildua asmatuta eragin zuen. Hiru urte geroago, pelikula bildua erabiltzen zuen “kodac” kamera eramangarria kaleratu zuen. 100 argazki atera zitezkeen eta kamera eta guzti bidali behar zen errebelatzera. Handik urtebetera “Brownie” kamera sortu zuen; erabiltzaileak berak karga eta deskarga zezakeena. Lortutako argazkiak biribilak ziren, ertzetako desenfokea nabari ez zedin.

NICEPHORE NIEPCE. Fisikari frantsesa (1765-1833). Kamera ilunean proiektaturiko irudia kimikoki finkatzea lortu zuen lehena izan zen, historian ezagutzen den lehen argazkiaren egile bilakatuz (1827). Etxe baten teilatua ikusten da eta zortzi ordu behar izan zituen ateratzeko. Zilarraren ordez, gai litografikoak erabili zituen; berun eta zinkezko plaka bat betun zuriz estali zuen eta berau argiaren eraginez gogortu egiten zen, irudia isladatuta utziz.

JACQUES LOUIS DAGUERRE. Asmatzaile frantsesa, jatorriz euskalduna (1787 1851). Niepcerekin batera lan egin zuen. Argitako esposizioa 20 minutura laburtuz eta 50 kg-tik gorako ekipoaz, 1837an kobrezko plakako lehen argazkia lortu zuen; “dagerrotipo” izenekoa. Akatsetako bat kopiak egin ezina zen.

W.H. FOX TALBOT. Fisikari britainiarra (1800-77). Kamera iluneko irudiak kimikoki finkatzeko ahaleginetan ihardun zuen eta 1839an, dagerrotipoenari kontrajarri nahirik, “kalotipo”en prozesua asmatu zuen. Esposizio-denbora laburtu egin zuen, nahiz eta frantsesarenaren kalitatea lortu ez zuen. Berari zor zaizkio negatibo/positibo prozesua asmatzea, esposizio beretik kopiak egiteko aukera eskaini zuena, eta irudi sorra lantzea. Argazkilaritza modernoaren aitzindaritzat hartu da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia