}

San Valentin egunerako lore dotoreak

2001/02/14 Elhuyar Zientzia

Burdina urre bihurtzea alkimisten ametsa izaten jarraitzen du, baina hostoak lore bilakatzea egiazkoa da dagoeneko ikertzaile mexikarrei eta estatubatuarrei esker.

1970an, Johann Wolfgang Von Goethe idazleak loreen metamorfosiari buruzko teoria aurkeztu zuen. Berak zioenez, lorearen atal guztiak, hala nola sepaloak, petaloak baita lorezilak ere, eraldatutako hostoak baino ez dira. Orain, Mexikoko eta Kaliforniako Unibertsitateetako ikertzaileek elkarlanean teoria hori egiaztatu dute.

Lorearen organoak hosto bihurtzeko era duela hamar urte ere ezagutzen zuten, baina ez alderantziz. Nonbait, puzzlea osatzeko fitxa bat falta zitzaien eta, hain zuzen ere, ziapearen genoman topatu dute. Bi gene-talde konbinatuz (SEP 1 eta 2 geneak alde batetik eta A, B eta C geneak bestetik), lortu dute bilatzen zutena.

Gene horiek landarearen garapenean duten eragina dela eta lehendik ere ezagunak ziren ikertzaileentzat. A genea sepaloez arduratzen da, C genea karpeloez, A eta B geneen konbinazioa petaloez eta B eta Cren konbinazioa lorezilez. Hiru gene horiei adieraztea eragozten bazaie, lorearen atal denak landarearen garapenean hosto moduan azaltzen dira. Beraz, badirudi ikerketa honek Goetheren teoria baieztatzen duela.

Gainera, A, B eta C geneek berez, eta mutaziorik jasan ez badute, ezin dute hostoak petalo bezala gara daitezela egin. Horretarako beste gene-hirukote baten parte-hartzea beharrezkoa da, hau da, petaloen, karpeloen eta lorezilen garapenean ere eragina duten SEP 1, 2 eta 3 geneena. Orain arte nola gertatzen zen ez jakin arren, duela 2000 urte ere ezaguna zen "lore bikoitza" izenez ezagutzen den ezohiko bitxikeria. Lore berezi hori petaloak, lorezilak eta karpeloak petalo bihurtzen direlako gertatzen da, eta orain hiru gene horiek batera mutatzean gertatzen dela ikusi dute. Gene-hirukotea adierazten ez denean, lore bat bestearen barruan sortzen da behin eta berriz, lorezaleen eta lore-saltzaileen ametsak betez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia