}

RNA mezularian oinarritutako immunoterapia, minbizia tratatzeko

2021/02/18 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

rna-mezularian-oinarritutako-immunoterapia-minbizi
Arg. Nano Letters aldizkaritik moldatua.

COVID-19ari esker egin dira ezagunak mRNA-txertoak, eta, oraingoan, antzeko sistema probatu dute minbizia tratatzeko ere: mRNAn oinarritutako immunoterapia. Saguetan, melanoma murriztu eta biriketara metastasi bidez zabaltzea eragotzi du immunoterapia berriak.

Minbiziaren kasuan, mRNAk, birusen aurka egin beharrean, tumoreen aurka aktibatzen du immunitate-sistema; antigorputz espezifikoak eta T zelulak sortzen ditu tumore-zelulak suntsi ditzaten. Tumore-zelulek mintzean kanporantz erakutsi ohi dituzten proteinak kodetzeko diseinatu dituzte mRNAk. Hala, antigenoak aurkezten dituzten zelula immunitarioetan sartzen direnean mRNA horiek, proteina tumorala sorrarazi eta mintzean erakusten dute haiek ere. Hala erakutsiko diote immunitate-sistemari proteina horien aurka jo behar duela. Ondorioz, sortutako antigorputz espezifikoek eta immunitate-zelulek proteina hori duten zelula tumoralak suntsituko dituzte.

Saguekin egin dute lehenengo proba, eta mRNA-tratamendu bakar batez T zelulak eta antigorputzen sorrera aktibatzea lortu dute, espero bezala; saguen tumoreak txikitu dira, eta ez dute metastasirik ikusi biriketan. Nano Letters aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Orain arte teknologia garatzeko izan duten eragozpen nagusia mRNA molekulak garraiatuko dituen sistema bera izan da. mRNA hain ezegonkorra izanik, nanopartikuletan sartzen probatu izan dute, baina 1-2 egunetara suntsitzen jarraitu zuten mRNA molekulek. Kasu honetan, hidrogel bat garatu dute, grafeno-oxidoaz eta polietileniminaz egindakoa. Hidrogela azalaren azpian injektatutakoan, poliki-poliki askatzen ditu mRNA nanopartikulak: 30 egunez jarraian askatzea lortu dute. Beraz, hidrogelak minbiziaren aurkako mRNA-immunoterapiarako baliagarriak izan daitezkeela ondorioztatu dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia