Plazebo-efektua, sendagairik gabe sendatu
2009/05/24 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Plazebo-efektua gaixotasunaren aurkakoa da ia (latinez placebo = atsegina sortuko dut). Gure garunak sugestio bati erantzuteko duen gaitasuna da; hain zuzen ere, mesede egingo dizun zerbait hartzen ari zarelako sugestioari erantzuten dio garunak; hala, ematen dituen erantzun neuronalak egiaz lagungarriak dira sendatzeko eta “gaixoa” bere onera etortzeko.
Garunaren sekretuak
Mesede egingo dizun zerbait hartzen ari zarelako sugestioari erantzuten dio garunak. (Artxibokoa )
Pertsona batzuetan, plazebo-efektuak indar handia du, eta beste batzuetan, berriz, batere ez. Horren arrazoia argitzeko ikerketa bat egiten dute Michigango Unibertsitatean. Ikerketa horren arabera, badirudi saria lortzeko aukerak plazer handia sortzen dien pertsonetan eragin handiagoa duela plazebo-efektuak besteetan baino. Alegia, zenbat eta handiagoa izan gaixoak botika horretan duen itxaropena, orduan eta handiagoa da plazebo-efektua.
Azalpena burmuinaren nukleo jakin batean dago. Saria edo plazera jasotzea espero dugunean aktibatzen da nukleo hori, baita zenbait drogaren eraginpean ere. Substantzia edo tratamendu jakin batek mina kenduko digula uste dugunean, nukleo horrek dopamina izeneko neurotransmisorea askatzen du, eta hark analgesiko natural gisa funtzionatzen du. Dopamina da, hain juxtu, plazer-sentsazioa sorrarazten duena.
Handia bezain txikia
Dena den, arestian aipatu dugun bezala, alde ikaragarria dago pertsona batetik bestera. Zergatik da batzuetan hain handia plazebo-efektua eta beste batzuetan hain txikia? Ez dago oso argi oraindik. Horretarako, alderdi genetikoa aztertu behar da, pertsonen arteko aldeak, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldeak eta pertsona baikorrek eta ezkorrek erantzun desberdina ote duten, besteak beste.
Horretan dihardute, hain zuzen ere, adituek. Michigango Unibertsitateko ikertzaileek, esaterako, pertsona baikorrek ezkorrek baino plazebo-efektu handiagoa duten edo ez aztertu dute, eta ikusi dute baikortasunak ez duela inolako zerikusirik plazebo-efektuarekin. Plazebo-efektua hori baino konplexuagoa dela, alegia.
Plazebo-efektuarekin lotuta dagoela ikusi zuten gauza bakarra antsietatea da: antsietate handia duten pertsonek plazebo-efektu txikiagoa dute. Zentzuzkoa ere bada, noski. Izan ere, tratamendua jasotzen ari bazara, eta antsietate handia baduzu, eta asko kezkatzen bazaitu tratamenduak, normala da neurri batean eragina apaltzea.
Gaur egun, botika berrien saiakuntza klinikoak egitean, beti hartzen da kontuan plazebo-efektua. Saiakuntzan parte hartzen duen pertsona-talde bati probatu nahi den botika ematen zaio, eta kontrol-taldeari, berriz, plazebo bat. Hala, botikak, funtzionatzen duela egiaztatzeko, plazeboak baino efektu nabarmenagoak lortu behar ditu.
Plazebo-efektuaz dihardugula, aurkako fenomenoa ere kontuan hartu behar da. Izan ere, zenbaitetan, aurkakoa gertatzen da. Alegia, zenbaitek nozebo-efektua pairatzen dute (latinez nocebo = kalte egingo dut): berez tratamenduak ez du inolako eraginik, baina tratamenduan daudela uste izateak neurona-sistemetan sortzen duen erantzuna, mesederako izan beharrean, kalterako da.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia