}

Pentsamenduak grabatzea

1999/02/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Zer pentsatzen ari ote da parkeko bankuan eserita dagoen hori? Eta presaka doan beste hark, zer ote du buruan? Erdi-etsita dirudien lankideak, berriz, zer gorabehera izango ditu buruan? Jakingo banu berak ere maite nauela, duda barik aitortuko nioke nik ere maite dudala… aspalditik jakin nahi izan du gizakiak hurkoak zer pentsatzen duen. Gogo hori ez da atzo goizekoa, eta azkenaldian garatzen ari diren teknikei esker, badirudi laister gauzatzeko moduan egongo dela.

Pentsamendu denak ez dira berdinak; batzuk, sinpleenak, dagoeneko graba daitezke, besteak beste, gorputzaren mugimenduan eragina dutenak. Baso bat ur hartu edo lerro hauek irakurtzeko begiak zuzentzea, gaur egun aztertzen diren eta ezagut daitezkeen pentsamenduak dira. Erraz samar aurki daitezkeen pentsamenduetariko beste batzuk emozioak dira; gezur-detektoreak, esate baterako, pentsamendua graba dezaketen makinen aurrekariak lirateke. Pentsamendua irakurtzeko gaitasunik ez duten arren, gezur-detektoreek emozio jakin batzuen ondorioz sortzen diren erreakzio fisiologikoak interpreta ditzakete. Pentsamendu konplexuagoak, berriz, oroimenekoak esate batera, ihes egiten diete gaur egungo azterketa-tresnei.

Burmuineko lana, oinarrian, elektrikoa da. Horregatik pentsamenduak kinada elektrikotzat har daitezke, harrapa daitezkeenak, handitu daitezkeenak, deskodetu daitezkeenak, eta berriro bidera daitezkeenak kinada kontrolatzen duen gogoaren arabera. Alde horretatik begiratuta, argi dago burmuin-zirkuituak antzekotasun handia duela beste sistema batekin: ordenadorearekin. Horregatik garatzen ari dira gaur egun burmuinean dabilen informazio-formatoa ordenadoreetan dabilen informazio-formatura egokitzeko ikerketak. Aipatutako formatu-egokitze hori lortzeko erabiliko den teknika alde batera, azkenean pentsamenduak kode bitar bihurtu beharko dira, ordenadoreak hartu ahal ditzan. Kode bitarra datuak biltzeko modur bat da. Eguneroko jardunean ordenadoreetan kode bitarreko irudi, soinu eta testu ugari gorde eta erabiltzen dira.

Proiektuak eta prototipoak

Gero eta erakunde gehiago ari da burmuineko seinaleak irakurtzeko bideak ikertzen, eta gero eta erakunde gehiago ari da prototipoak egiten. Ekimen horietako asko gutxitu fisiko sakonen -paraplejikoak eta tetraplejikoak adibidez- eta beren ingurunearen arteko komunikazioa hobetzera bideratzen ari dira. Gutxitu horiei interfazea konektatzen zaie, gorputzeko atalen bati agindua emateko erabiltzen duten nerbio-kinada ordenadoreari bidaltzeko gaitasuna duen tresna. Horretarako ez da beharrezkoa nerbio-kinada horiek giharretan eragitea. Dagoeneko garatu dira oinarrizko agindu horiek jaso eta erantzuna ematen dieten ordenadore-prototipoak. Era horretan gutxituak -bidal dezakeen nerbio-kinadaren arabera- esaldiak egin ditzake ordenadore-pantailan, ordenadoreari argia edo berogailua pizteko agin diezaioke, norbait etortzeko seinalea eman dezake, edo eta antzerako agindu sinple ugari bete ditzake. Beraz, argi dago aurrerapena itzela izan dela, batez ere gizarte honetako osasun- eta inkomunikazio-arazoei aurre egiteko.

Ikerketa sekretuak

Beste hainbat garapen-kasutan bezala, pentsamenduaren irakurketaren kasu honetan, bestelako irakurketa egitea ere badago, garatzen ari den teknika honek era guztietako aplikazioak izan ditzakeelako. Egia da ikerketa gehienak osasun arloari begira garatzen ari direla, baina izaera militarreko ikerketei ere lehentasuna ematen ari zaie. Adibidez hegazkinak pentsamenduarekin gidatzea. Argi dago hegazkin-gidari batek hegazkina pentsamenduarekin kontrolatzea lortuko balu ondoen prestatutako ohiko hegazkin-gidariak baino abantaila izugarri handiagoak izango lituzkeela. Ikerketa burmuineko uhinen maiztasunean oinarritzen ari da. Behar bezala entrenatuz gero, hegazkin-gidariek gorabehera txikiak eragin ditzakete beren burmuineko uhinen maiztasunean, sistemak aurrez lotutako agindu bezala ulertuko dituen gorabeherak. Ikerketak ez du oraindik emaitzarik ekarri, baina badirudi bide horretatik zerbait etor daitekeela. Aipatu ikerketa orain 30 urte hasi zuen Estatu Batuetako armadak, baina hamarkada honen hasiera arte ez zuen onartu horrelakoak egiten ari zenik.

Irteera zaileko arazoa

Sekula ez dago esaterik ikerketa norberak nahi duen helburura iritsiko dela. Hala eta guztiz ere, zertan ari diren ikusita, denbora eta garapen tekniko kontua dirudi pentsamenduaren grabazio osoa egunen batean errealitate izatea. Komunikazioaren ikuspegitik begiratuta, alde onak ditu garatzen ari den teknikak, gizakien arteko komunikazioa hobetzeko bidea ematen baitu. Intimitatearen ikuspegitik, berriz, haustura galanta dator, edozeinen pentsamenduak ezagutu ahal izango dira eta. Zientzia-alorrari leiho eta helburu berriak zabalduko dizkio teknikaren garapenak; gizateriak betidanik argitu nahi izan dituen galderen erantzuna ekar dezake: zer sentitzen da heriotza iristerakoan? Heriotzaren ondotik, zer gertatzen da pentsamenduarekin? eta abar.

Pentsamenduaren grabazio osoak gizakiaren burmuinaren eta makinaren arteko komunikazio-bateragarritasun osoa eskatzen du. Ez hori bakarrik, aukera berriak ere agertzen dira ikerketa-arloan, adimen artifizialaren eta adimen naturalaren bategitea esate baterako. Ez dirudi, printzipioz, ondorengo urteetako makina aurreratuenak ere kontzientzia izan dezakeenik -makina eta gizakia bereizten dituen ezaugarri nagusia-, baina zer gertatuko litzateke ordenadoreari bizirik dagoen burmuin-ehuna erantsiko balitzaio? Psike-dun datu-prozesatzaile baten aurrean egongo ginateke? Batek daki! Zorionez eta oraingoz pentsamendu osoaren grabaketa eta adimen natural eta artifizialdun ordenadorea gertuago daude fikziotik zientziatik baino.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia