Parke natural piriniarra Nafarroan
1988/02/01 Elosegi Aldasoro, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Honek, ez du esan nahi parkeez gain ondo kontserbaturiko ingurune naturalik ez dagoenik; ezta data hori baino lehen balio naturalistiko handiko espaziorik ez zegoenik ere. Baina lurralde baten zati garrantzitsua legalki eta definitiboki babesteko erabakia, egintza guztiz garrantzitsua (eta eskola sortuko zuena gainera) izan zen.
EEBBetako adibidea, neurri handi edo txikiagoan beste herrialdeek imitatu egin dute, nahiz eta batzuk horretan aspalditik aritu eta beste batzuk berriki hasi diren.
Espainian 1916. urteko Parke Nazionalen legearekin (Europako lehenengotakoa) ingurune babestuen sarearen sorkuntzari hasiera eman zitzaion. Sare horren lehenengoko mailak Covadonga eta Ordesako parke naturalak dira. Askoz ere geroago, 1975ean, Ingurune Natural Babestuen legea promulgatu zen. Lege hau ingurune babestuen figura legal desberdinekin, Parke Nazional, Erabateko Erreserba, Parke Natural eta Paraje Naturalaren figurekin osatzen saiatzen da. Azken lege hau oso era murriztuan erabili zen urte askotan, Naturaren babeserako konpetentziak Komunitate Autonomoetara transferitu ziren arte.
Frantzian, ingurune naturalen babesaren garapena beranduago hasi zen. Parke Nazionalen legea 1960koa da eta honen fruituetariko bat 1967an aitortutako Mendebaldeko Piriniotako Parke Nazionala izan zen. Parke honen mendebaldeko muga Nafarroako ekialdeko mugatik 3,5 km-ra dago eta aurreparkea muga bertaraino iristen da. Gero Parke Natural Erregionalen andana (21 gaur egun) aitortu zen, hauen artean guretzat hurbilenekoa Landatakoa izanik.
Ingurune babestuen oinarrizko egitura Estatu zentralisten erizpideen arabera ezarri zenez, 1980.eko hamarkadaren hasieran Eukal Herriak babes juridiko sendoko inongo ingurunerik ez zuenaren paradoxarekin egiten dugu topo.
Nafar Pirinioaren balio naturalistikoa
Legalki babestutako ingurunerik ez egoteak, ez du esan nahi giza ihardueraren aztarna urriko lurralde-muturrik gureganaino iritsi ez denik, edo arrazoi desberdinengatik natura baldintza onetan mantendu ez denik, eta are gutxiago balio aipagarririk ez dagoenik. Edozein behatzaile arretatsuk ezagutzen ditu gure geografiako han-hemenkako txoko hauek. Zalantzarik gabe Nafar Pirinioak toki pribilegiatua dauka naturgune honen artean eta Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko haran-buruek babesa eta tratamendu berezia merezi duten balio naturalak dituzte.
Erronkari garaiko mendi-gailur altuenetan Euskal Herriko alpetar zoruari dagokion lurralde bakarra aurkitzen da, bere flora- eta fauna-espezie karakteristikoekin.
Azpialpetar zoruak duen elementurik aipagarrienetarikoa pinu beltzezko ( Pinus uncinata ) da, zeina Larrako paraje paregabeetan hazten bait da. Gainera paraje honek badu beste berezitasun bat; izan ere, zona karstikoa da, garapen handiko nahiz munduko desnibelik handieneko lurrazpiko sare hidrologikoa duena.
Izei zuriak ( Albies alba ) hemen du munduko mendebaldeko muga (Aezkoako haranean) eta pagoarekin ( Fagus sylvatica ) baso mistoak eratzen ditu. Oso famatuak dira Iratikoak, bertan Cuestion Zaraitzuar mendiko Lizardoia eta Erronkariar Belagoako Aztaparretako naturgune birjinak daudelarik.
Pinu gorrizko ( Pinus sylvestris ) pinudiek pagadi-izeidiekin banatzen dute baso-azalera, zeinak larre, harkaitz eta lur-landuekin batera mosaikoa osatzen bait dute.
Paisaia honetan fauna interesgarria mugitzen da bestalde. Hona hemen fauna honen espezierik esanguratsu eta aipagarrienak: Hartz arrea ( Ursus arctos ), sarrioa ( Rupicapra rupi-capra ), oreina ( Cervus elaphus ), orkatza ( Capreolus capreolus ), basurdea ( Sus scrofa ), erbinude zuria ( Mustela erminea ), desman piriniarra ( Galemys pyrenaicus ), lepahoria ( Martes martes ), ugatza ( Gypaëtus barbatus ), arrano beltza ( Aquila chrysaëtos ), lagopodoa ( Lagopus mutus ), basoilarra ( Tetrao urogallus ), zozo paparzuria ( Tordus torquatus ), okil beltza ( Dryocopus martius ) eta okil gibelnabarra ( Dendrocopos leucotos ).
Natur elementu hauek giza interbentzioaren aztarnarik falta ez den paisaian txertaturik daude. Baina aztarna horiek, batzuk oso zaharrak gainera, multzoari elementu natural eta artifizialen osotasun armoniotsuaren ezaugarriak atxekitzen dizkiote eta ez ekosistema naturalarena soilik.
Giza interbentzio hauen frogak, monumentu megalitiko prehistorikoen hondarretan, Belagoa eta Abodiko trikuharrietan, Azpegiko Cromlechetan, Urkuluko dorre erromatarrean, borda zaharretako arkitektura herrikoian eta geroztikoak diren interbentzioetan, hala nola Belagoako mendi-aterpean, aurki daitezke.
Hala ere aipatu behar da Nafar Pirinioaren kontserbazio-egoera ona ez dagokiola babes-borondate konzienteari. Aitzitik, distantziak eta topografia malkartsuak baliabideen ustiapenerako oztopo izan diren neurrian eta bidenabar, baldintza klimatikoen ondorioz ingurune degradatuen birsortze errazaren eraginez mantendu dira egoera on horretan.
Lurralde honen interes naturalistikoarekiko herritarren atxekipen hain ezagunaz gain, errekonozimendu ofiziala ere izan du. 1975ean adibidez ICONAk argitaratutako Paisaia aipagarrien Inbentario Nazionalean Nafarroan 10 ingurune aipatzen baziren, hauetako 4 Piriniotakoak ziren: Pagadiak, Irabiakoak 3.000 Ha eta Larrakoak 3.000 Ha, Aezkoako eremuak 1.000 Ha, Auritz eta Orreagako lautadak 500 Ha. ICONA eta Urbanismoko Zuzendaritza Orokorraren 1978ko Babes bereziko Naturguneen Inbentario irekian, Nafarroan inbentariatutako 7 ingurunetatik 3 piriniar zonakoak ziren: Larra 3.400 Ha, Iratiko Pagadiak (Aezkoako Mendiak barne) 13.448 Ha, Quinto Real 5.970 Ha. Baina errekonozimendu honek ez zuen gerotxorarte ondorio legalik izan.
Proiektuaren idea eta Parkea sortzeko baliabideak
Nafar Pirinioan ingurune babestua sortzeko idea lehenengoz, Francisco Intza eta Fernando Redón urbanistei Nafarroako Diputazioak enkargatutako Belagoako ingurunearen Antolaketa-Planean 1973an agertzen da. Plana burutu zutenek eski-pista handi bat egiteko hasierako idea, beste apalago batez eta Zaraitzu eta Aezkoako haran garaietarantz, mendebalderantz jarraituko zuen Parke Naturalaren proiektuaz ordezkatu zuten.
1980ean Nafarroako Aurrezki-Kutxak argitaratutako " Navarra. Guía ecológica y paisajística " liburuan, Parke Natural Piriniarraren barnean Nafarroako ingurune babestuen sarea izan zitekeena zirriborratzen da.
1985ean, Lurralde-estudioen Institutuaren aginduz egindako Nafarroako Inguru Fisikoaren Estudioa. Lurraldearen babes eta erabilerarako arauak txostenean, berriro ere Parke natural Piriniarra agertzen da ingurune babestuen sarearen pieza nagusi gisa.
Idea bidea eginez doa eta bere onarpena gero eta hedatuago dago.
Naturaren kontserbazio-gaietan Estatuak Nafarroako Foru-komunitateari konpetentziak transferitzearen ondorioz, bi lege garrantzitsu onartu dira, eta hauek Parke Natural Piriniarraren sorkuntza erraz dezakete.
1987ko apirileko lurraldearen babes eta erabilerarako Arau Urbanistiko Erregionalen legean, Erabateko Erreserba Aztaparreta (174 Ha), Ukerdi (309 Ha, Larrako bihotzean) eta Lizardoia (64 Ha), eta Erreserba Natural Larra (2.353 Ha) eta Mendilatz (119 Ha) aitortzen dira. Horrez gain, Lurraldearen gestio-era gisa, Parke Naturalaren figura finkatzen da. 1986ko azaroko Lurralde-Antolaketarako legean, Parke Naturalaren aitorpenera iristeko metodorik egokiena den Inguru Fisikoaren Antolaketarako Planen arautegia definitzen da.
Nafarroako Gobernuaren Lurraldearen Antolaketarako Sailak 1986ko Uztailean argitaratu zuen " El Parque Natural Pirenaico en Navarra. I. Larra-Belagoa " liburua Gobernu Foralak Parke hau sortzeko duen benetako borondatearen froga da.
Nafar Pirinioko Parke Naturalaren etorkizuna
Etorkizuneko parke honen muga zehatzak, eginkizun dauden estudioek finkatu behar dituzten arren, hasieran behinik behin badirudi Ibañetatik Hiru Erregeen Mahairaino hartuko duela, Orbaizta, Iriberri, Otsagi, Uztarroze eta Izabako herrien inguruko mendebaldeko mugarekin. Ezin da baztertu mendebaldetik Quinto Realeraino eta hegoaldetik haran-buruko herrietako batzuk hartuko dituenaren idea ere.
Badirudi lurralde honetarako Parke Naturalaren figura dela egokiena; ez bait litzateke batere logikoa Parke Nazionalarena hartzea, eritzi orokorraren arabera, honek baliabide-probetxamendu guztiak kanpoan uzten dituenean.
Parkearen helburu nagusiak oso labur ondorengoak izango lirateke:
- Naturaren babesa, eta horretarako lehen urratsa, erreserbak aitortzea litzateke.
- Ekogarapena sustatzea, hots, kontserbaizoarekin bateragarriak diren iharduera produktiboak, hala nola, basogintza, abelazkuntza eta nekazaritza.
- Gizakiaren eta naturaren arteko harremanak hobetu, kanping, kirol, txango, animali eta landare-behaketa, bisita gidatuak, etab... sustatuz.
- Ikerketa sustatu, bai naturarena eta baita nekazal probetxamenduena ere.
Helburu hauek lortzeko, Parke naturalaren aitorpen legalaren ondoren, ekipo zuzendaria antolatu behar da, bertan administrazioak, zientzilariek, babesleek eta, noski, afektaturiko herrietako bizilagunek ordezkatuta egon beharko lukete.
Bigarren fasean interesgarriagoa litzateke Nafar Parke hau, zatiketa autonomiko eta muga estatalez gaineko Pirinio batean sartzea, dimentsio eta proiekzio europarreko Parke handia eratuz.
(Mariaje Jauregi-k euskaratua)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia