Ozeanoen azidifikazioaren muga gainditu dela ohartarazi dute
2025/06/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela urte eta erdi, bederatzi muga planetarioetatik sei jada gaindituta zeudela, eta zazpigarren bat gainditzeko zorian zegoela baieztatu zuen Elhuyar aldizkariak, “Segurtasun mugetatik kanpo” erreportajean. Ozeanoen azidifikazioa zen zazpigarren hori, eta, orain, jada gainditu dela ohartarazi dute Global Change Biology aldizkariaren bidez.
Muga planetarioak biziari eusteko behar diren kondizioak definitzen ditu: muga gaindituz gero, arriskuan jartzen da bizigarritasuna. Ozeanoen kasuan, azidifikatzea kaltegarritzat jotzen da itsas ekosistementzat. Hain zuzen, artikuluan azaldu dutenez, dagoeneko agerikoak dira kalteak espezie kaltzifikatzaileetan, eta horren ondorioz, % 43 murriztu da koralezko arrezife tropikal eta subtropikalentzat habitata, % 61 pteropodo polarrentzat, eta % 13 kostaldeko bibalbioentzat.
Ozeanoen azidifikazioa zuzenean lotuta dago klima-aldaketarekin, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzeagatik jaisten baita uraren pHa. Ikertzaileek esan dute 2020rako balio arriskutsuetan zegoela, eta egoera okerragoa dela sakoneko uretan, azalekoetan baino.
Horri aurre egiteko, azpimarratu dute beharrezkoa dela karbono-isuriak murriztea. Hain justu, klima-aldaketa da gainditu den beste mugetako bat, biosferaren osotasuna, lurraren erabilera, ur geza, fosforoaren eta nitrogenoaren zikloak, eta ingurumen-kutsatzaileekin batera. Atmosferako aerosolak eta ozono estratosferikoa dira gainditu gabe daudenak, oraingoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia