}

Planeta muga seguruetatik kanpo

2023/09/22 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

planeta-muga-seguruetatik-kanpo
Arg. Andrew Z. Colvin / NASA / CC-BY-SA

“Lur planeta gizateriarentzat leku seguru bat izatetik urrun” dagoela ondorioztatu du nazioarteko zientzialari-talde batek egin duen azterketa sakon batek. Izan ere, azterketa horren emaitzek erakutsi dute planeta sistema egonkor bat izan dadin gainditu behar ez liratekeen bederatzi mugetatik sei gaindituta daudela dagoeneko, eta zazpigarrena gainditzeko zorian dagoela.

2009an definitu zituen Stockholm Resilience Centrek bederatzi muga, Lurreko sistemaren egonkortasunari eutsi nahi bazaio gainditu ezin diren bederatzi muga. Ordurako gaindituta zeuden lau: klima-aldaketarena, biosferaren osotasunarena, lurzoruen erabileraren aldaketarena eta fosforoaren eta nitrogenoaren zikloena. Eta, iaz, azterketa batek ondorioztatu zuen ingurumen-kutsatzaileen muga ere gaindituta zegoela.

Orain, zortzi herrialdetako 29 zientzialarik, 2.000 ikerketa baino gehiagotan oinarrituta, bederatzi mugen egoera zein den aztertu dute. Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Emaitzok garbi erakusten dute, lehendik gaindituta zeuden bostez gain, seigarren bat ere gainditu dela dagoeneko: ur gezarena. Gainera, ohartarazi dute zazpigarrena ere, ozeanoen azidifikazioarena, gainditzeko zorian dagoela. Eta, halaber, atmosferako aerosolen pilaketa ere, globalki muga seguruen barruan dagoen arren, leku askotan muga horren oso gainetik dagoela. Hala, ozono estratosferikoaren pobretzearen muga litzateke, egoera onean dagoen bakarra; klorofluorokarbonatuak debekatu zirenetik, onera egiten ari baitu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia