}

Otsoen itzulera

2001/11/19 Elhuyar Zientzia

Alemaniako basoek aspaldian izan ez zuten biztanlea berreskuratu dute: otsoa. Azken bi hamarkadetan, ehiztariren batek edo auto-gidariek istripuz harrapatuta banaka batzuk atzeman bazituzten ere, XIX. mendearen erdia geroztik Alemanian ez zegoen otsoen populazio iraunkorrik. Orain, ordea, Saxonian militarrek erabiltzen duten eremu babestua bikote baten bizileku dela ikusi dute. Gainera joan den udan lau otsokume zituzten beraiekin; ziurrenik, mende bat baino gehiagoko agorraldiaren ondoren Alemanian bertan jaiotako lehenengo otsokumeak dira. Geroago beste bi otsokume ere azaldu dira.

Dirudienez, bikotea Poloniako mendebaldetik joan da eremu militar horretara. Izan ere, bertan gizakiengandik babestuta daude; ondorioz, basozainek otsoen populazioa hazi egingo dela uste dute. Oraingoz otsoen eta gizakien artean arazorik ez badago ere, asko ugaltzen badira jendearen iritzia otsoen aurkakoa bihur daitekeen beldur dira animaliak babesteko elkarteko kideak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia