}

Osasun publikoa: mende berrirako erronka berriak

2001/07/04 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Horixe da Josep M. Antó i Boqué-k EHUko udako ikastaroetan eman duen hitzaldiaren izenburua. Hark udaleko Ikerketa Medikorako Udal Institutuan eta Bartzelonako Unibertsit BerHarkak atean dihardu lanean.

Haren ustean, osasun publikoa norbanakoaren kontrolpetik at dauden ingurune-faktoreek osatzen dute, eta, bereziki, baldintza fisikoek eta biologikoek. Berezitasun gisa aipatu du osasun publikoaren arloan, askotan, nahikoa izaten dela epidemia edo arrisku-egoera sortu duten faktoreak identifikatu eta zuzentzea, epidemiologiaren erabateko ezagutza izan gabe.

Osasun publikoa deritzonaren barruan sortzen diren arazoak bitan banatzen ditu: lokalak eta orokorrak.

Arazo ‘lokalak’ baldintza lokalen pean gune jakinetan eragiten dutenak. Horrelakoak dira epidemiak. Horiek bat-batean sortu ohi dira, askotan konplexuak izaten dira bai, eta berriak ere (lehendik ezagutzen ez ziren arazoak, gaixotasunak, patogenoak... agertuz). Zenbaitetan, arazoa ikerketa epidemiologikorik gabe konpon badaiteke ere, gerora ikerketa hori beharrezkoa izaten da.

Istripu industrialak ere arazo lokalak izaten dira (gehienak). Istripu horiek ikuspuntu tekniko-industrialetik ‘gertatzeko oso zailak’ izaten dira, baina ingurune-osasunaren ikuspuntutik ‘gerta daitezkeenetakoak’ dira eta oso larriak izan daitezke. Kontua nondik begiratzen den da, industria-ikuspuntutik ala osasun-ikuspuntutik. Horrelako istripuak garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzea errazagoa da, baina baita jakiten zailagoa ere. Horien inguruko ikerketak egitea ere ez da beti erraza izaten, tokian tokiko baliabideen mende baitago. Eta gezurra badirudi ere, zenbaitetan, ikerketa eta datu-bilketan jarraitu beharreko protokoloak finkatzea ere ez da erraza izaten. Edonola ere, datuen interpretazioak eta estatistikak, esanguratsuak izan ala ez, eztabaidagarriak izaten dira.

Azkenik, ‘kutsadura-guneak’ deritzonak (errauskailuak, zabortegiak...) aipatu ditu arazo lokal gisa. Horietan, askotan poluitzailearen eta biztanle/gaixotasun/heriotza faktoreen arteko lotura finkatzea oso zaila izaten dela dio. Zenbaitetan poluitzaileak isolatu eta identifikatzea zaila delako, eta beste batzutan zaila delako gaixotasunaren eta heriotzaren gaineko datuak eskuratzea. Adibidez, 10 errauskailuren inguruan (3-10 km bitartean) egindako ikerketak heriotza-kopuruan eraginik ez zuela adierazi zuen, ezta distantziaren arabera ere; baina ez zituen kontuan hartu heriotza eragiten ez duten gaixotasunak. Edo zabortegien inguruko ikerketa batek inguruan bizi zirenek hainbat anomalia (neurologiko, kardiako, arterietakoa, arnasbideetakoak...) izateko arriskua bikoitza zutela eta distantziaren araberakoa zela adierazi zuen; baina ezin izan zuen zerk eragiten zuen zehaztu, ez baitzegoen zabortegira botatzen zenaren inguruko daturik.

Oro har, arazo lokalek gabeziak dituzte ingurunerako arriskuen erregulazioan zein zaintza- eta kontrol-mekanismoetan; gizartean larritasuna eragiten dute eta norbanakoak duen erantzun-ahalmena txikia da.

Osasun publikoaren arazo ‘orokorrak’ ere aipatu ditu: eremu elektromagnetikoak, maiztasun txikiko uhinak, atmosferako poluzio-maila baxua, erretzaile pasiboa izatea, radona etxeetan, kloroa duten materialak eta ura, hainbat osagai kimiko... Horiek guztiek askotan eragin txikia dute norbanakoaren osasunean, ez oso bortitza, baina jende askori eragiten dionez, arazo larri bihur daitezke. Gainera, askotan, horiek ikertzea arazo lokalak ikertzea baino zailagoa da, esposizio-maila txikia, norbanakoan eragin txikia, oso ikerketa-lagin handiak, poluzioaren osagaiak banantzeko arazoak, interpretazio-arazoak eta abar direla eta.

Arazo horietarako guztietarako, gaur egun, ‘Inguruneko Arriskuen Aurreko Osasunaren Babeserako Eredua’ dago indarrean, arriskua aztertu, kudeatu eta gizarteari komunikatzen diona; baina Josep-en ustean, eredua oso zurruna da, eta mugak ditu. Izan ere, kaltea frogatu beharra eskatzen du, balizko arriskuen % 5 besterik ez du aztertzen, arriskuen arteko konbinazioak ez ditu aintzat hartzen, ikerketa zientifiko oso zorrotzak eskatzen ditu (egokienak bai, baina ondorioak behar dituena lan egiteko) eta ikuspuntu instituzionala ez da egokia (minbizi-sortzaileetarako eta beste hainbat gaietarako agentzia bakarra dago, eta horrek ikerketak geldotzea dakar, besteak beste). Eta hori guztia gainditzeko, ‘zuhurtzia-irizpideen’ arabera jokatzea proposatzen du; hau da, daturik izan ezean ezer egin gabe geratu ordez, zuhurtziaz jokatzea eta kalteak konpontzen aritu ordez aurretik segurtasuna bermatzea. Azken finean, gaur egun botikekin jokatzen den era berean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia