Elhuyar zientziaren komunikazioa

Oria, negarra darion ibaia (I)

1992/07/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

img height="332" src="images/A62020.jpg" width="411"/>
    Aginaga ondorengo meandro eta bazterrak.
    Motondoko padura, haltzadi eta erriberak.
    Portu-etxe inguruko padura.
    Oribar inguruko padura-erribera.
    Txanka behekoa baserriaren inguruko haltzadi eta padura.
    Orioko herria, portua.
    Bokaleko kanalizazio, betelan eta erribera.
    Hondartza eta dunak.
    Orbaizarreko hondartza.
    Bokaleko flysch-a
    Itsas labarrak, itsas maldak eta panoramika.

Behin eta berriz kantatu eta goraipatu den Oria ibaia, ia-ia bere sortze-ingurutik guztiz kutsatua egonik, 66 kilometroko ibilbidea egin ondoren goibel itsasoratzen da. Oraindik ere (bere azken ibilgunean itsasoa lagunmin duelarik) dituen azken aberastasunek negarrari ekin behar izan diote, bere etsairik bortitzenek axolagabekeriaz eraso egiten dietela ikusirik.

Kostaldeko txoko xarmant honetatik, gauzak beste era batera ikusi nahi ditugu. Ibai eder honen negar-zotinak alaitasunez ezkutarazi nahi genituzke, berak dituen azken bitxikeria ekologikoak zuei aurkeztuz. Ea denon artean galtzeko zorian dauden bizileku zoragarri hauek (erribera, padura, zona heze guztiak alegia) ezagutu, kontserbatu eta maitatuz berpizten ditugun.

Itsasoaren eraginez, ibaiak etengabe aldatzen du bere fisonomia.

Dakigunez, ibaiaren azken ibilgunean itsasoratzear dagoen leku horretan, ur gazi/ur geza binomio bereizgarriari esker, estuarioa agertzen zaigu. Ibaia lurralde hauetan zehar dantzan hasten da, abiadura lortu nahian meandro zabalak sortzen dituelarik. Ibilgune honetan uraren abiadura txikia izaten da, eta eguzkiak gogor jotzen duenean uraren tenperatura narbamen doa gorantz.

Espazio hauetan oraindik ere agertzen diren putzu eta kanaleen egoera askotan zabortegikoa bezalakoa da.

Mareen eraginez, eguneroko tirabiran bokaletik kilometro batzuetaraino gazitzen dira Oria ibaiko bazterrak. Eragin honek baldintzatuko du, hain zuzen ere, landare eta animali espezializatu desberdinak egotea, eta landare-komunitateak zonatan bilduko dira, gazitasunaren arabera, erribera eta padurak agertuz.

Baina estuario honen beste ezaugarri orokorrak deskribatzen segi dezagun. Oxigeno disolbatuaren tasa asko aldatzen da, bokaleko uraren tenperaturaren eta fitoplanktonaren menpe egoten delarik.

Zenbait zonatan landaredi tipikoa kontserbatzen da
lezkadiak, tamarisak,...

Estuarioko sistemak, prozesu geomorfologiko bereziak ditu; ibai eta itsasoaren gorabeherek sortutako garraio-prozesuen arteko harremanak eraginda, hain zuzen ere. Eragin hauek batera gertatzen direnean, sedimentu asko sortzen da, garrantzitsuenak buztina eta materia organikoz osaturikoak izaten direlarik. Beren azken ibilguneko ezker-eskuineko tarteak jalkin berriz osatutakoak direla esan dezakegu; Koaternariokoak hain zuzen ere, kasu gehienetan antropizazio-maila altua dutelarik.

Oria ibaiaren inguruan sortutako "polderrak" oso ondo txertatuta daude paisajean eta espezie askorentzat leku garrantzitsuak dira.

Dena den, Euskal Herriko estuario guztietan gertatu den bezalaxe, giza okupazioa oso nabaria da. Bertako kanalen dragaketa eta (nola ez) helburu desberdinez buruturiko betelanek eta kanalizazioek, Oria ibaiaren estuarioa erabat baldintzatu dute. Gainera estuario hau, beste asko bezala, portu natural bilakatu zen, bere inguruan populazio ugaria kokatu eta gure kasuan Orio herria sortuz.

1. Carcinus; 2. Esparidoak; 3. Aingira; 4. Palaenon; 5. Gobidoak eta 6. Crangon.

Herri hau zabaltzeak eta nekazaritza nahiz abelazkuntzarako espazioak sortu beharrak, estuarioko zati handiak lehortzea eragin zuen, aldi berean bere balio ekologiko naturalak galdu egin zirelarik.

Estuarioa zer den eta dituen bereiztasun garrantzitsuenak (neurri batean behintzat) aipatu ondoren, Oria ibaiaren estuarioak dituen txokorik interesgarrienak eta beren inguruko gorabeherak aipatuko dizkizuegu. Horretarako begiratu ondoko mapari; adierazgarri izango den zona bakoitzarekiko argazki eta komentarioak aurkezten saiatuko bait gara.

Aginaga ondorengo meandro eta bazterrak

Motondoko padura.

Bokaletik 6 kilometrora, gutxi gorabehera, Oria ibaiak bere abiadura bizkortu nahian meandro politak osatzen ditu. Ibai ertzetako harrizko zaindariak ezkutatu dira. Lur berri hauen gainean gizakiaren eragina inguruneari egokitu zaio eta eskaintzen zaigun panoramika paregabea da. Bere horretan lagatzea nahikoa litzateke, ekosistema eta txoko politak suntsitzeko dugun ohitura inozoak baztertuz. Administrazioak, berak markatutako lege eta araudiei jarraituz, babes legala eman beharko lioke ibai honi, azken kilometro hauetan dauden bitxikeriak beti kontserba daitezen.

Scirpus pungens.

Bestalde, ibaien egoera tamalgarria konpontzeko bada garaia. Goraipatu den premia eta plangintza gauzatuz, ea ibai honek besteek bezalaxe kendu zitzaiona berreskuratzen duen. Dena den, itsasoaren eraginez batez ere, ibilgune horretan dexente itxuratzen da, egindako ikerketa desberdinek frogatzen dutenez. INSUBE-k adibidez, aipaturiko ibilgune honetan fauna demertsala aztertu zuen. Horretarako azkenengo 6 kilometro hauek sailkatuz oso lan interesgarria burutu zuen: barne-zona, erdialdekoa eta kanpokoa.

Adibide modura, egindako ikerketan 1.000 metro karratuko fauna suprebentikoaren (krustazeoak, misidazeoak, isopodoak, krimazeoak, anfipodoak) kopurua 10 milakoa izan da, dentsitate hau oso aipagarria delarik. Oso interesgarria izango da, ibaiaren egoera ekologikoa berreskuratu ondoren, ikerketa konparatiboak egitea.

Motondoko padura, haltzadi eta erriberak

Typha latifolia
lezka hostozabala

Oria ibaiaren ibilguneari jarraituz, erdialeko zonan ezker-eskuin padura, haltzadi eta erriberak topatuko ditugu. Dagoenekoz, aipaturiko sistema hauetan Euskal Herriko kostalden padurak oso egoera kezkagarrian daude. Ibilgune honetan daudenak bakarretakoak eta kontserbazio aldetik onenetakoak direla baiezta dezakegu. Hauetan bere hedadura eta konfigurazioa dela medio, Motondokoa aipatzekoa da.

Aipaturiko paduran ondo egiazta daiteke landarediaren eboluzio naturala: zona lohitsuetako landareak (aster, ihiak, ...), eta zuhaixka subhalofitoak (Baccharis-ak) daude eta ur gezaren emaria nagusitzen denean lezkadia agertzen da, atzekaldean haltzadiak basoaren hasiera markatzen duelarik.

Alnus glutinosa
Haltza

Paduretan oso landaretza (halofiloa eta suhalofiloa) gutxi dago Euskal Herrian, bera kokatzen deneko bizileku hauen urritasuna dela eta. Leku hauetara bakarrik moldaturik, Oria ibaiko estuarioa oraindik ere landaretza honen adibidez aproposa da, dudarik gabe zona honen balio ekologikoa indartuz.

Dagoenekoz, landarediaz egindako ikerketak kontutan harturik (Aranzadi Zientzi Elkarteak egindakoak, Jaurlaritzaren enkarguz egindakoa eta plazaratutakoak) zona guzti honek tratamendu berezia izan beharko luke. Gainera, ikerketa sakonagoak eginez gero, ekosistema honen balio botanikoa aberastu egingo litzatekeela esan daiteke. Orain arte azaldutako espezieen artean, bakar batzuk oso bakanak dira, duten garrantzia gehiago azpimarratzen delarik.

Althaea officinalis.

Landaretza halofito honen barruan (nitrofilo ezaugarriak dituztenak ere bai), oro har azken ibilgune honetan eta zona guztiak kontutan harturik, ondokoak aipatzekoak lirateke: Triglochin maritima, Ruppia maritima, Puccinellia fasciculata, Aster tripolium subsp. tripolium, Inula crithmoides, Halimione portulacoides, Spergularia maritima, Spartina alterniflora, Scirpus maritimus subsp. maritimus, Scirpus pungens, Juncus maritimus eta Cochlearia pyrenaica subsp. aestuaria.

Bestalde, komunitate halofito honen inguruan, beste komunitate batzuk ere badira (subhalofitoak, hidrolifoak, nitrofiloak, helofitoak, ...).

Phragmites australis
Lezka

Komunitate hauen barruan aipatzekoak lirateke: Althaea officinalis, Tamarix africana, Alnus glutinosa, Phragnites austrlis, Typha latifolia, Typha angustifolia, Baccharis halimifolia, Apium graveolens, Galim palustre, Galium elongatum, Samolus valerandi, Scutellaria galericulata, Stachys palustris, Xanthium strumarium subsp. italicum, Bidens tripartita, Alisma plantago-aquatica, Potamogeton pusillus, Iris pseudacorus, Polipogon monspeliensis, Equisetum ramosissimun, Equisetum fluviatile, Lepidium ruderale, Melilotus altissima, Euphorbia pubescens, Alopecurus pratensis subsp. pratensis, Eleocharis palustris, Carex otrubae, Carex punctata, Carex extensa, Dactylorhiza maculata, ...

Irakurleak gaur egungo egoeraren banaketa gehiago zehaztu nahiko balu, ikus Jaurlaritzak argitaratutako Euskal Autonomi Elkarteko Landarediaren Mapa: 64–I orria.

Oria gainetik ubarroiaren hegada.

Bereziki landaretza aipatu badugu ere, ez ditugu bizidunen beste taldeak ahaztu behar. Hegaztiarenak badu bere lekutxoa, eta oso garrantzitsua gainera. Egindako behaketa bakanetan oso hegazti interesgarriak ikusi dira. Hondokoak aipa ditzakegu: lertxun hauskara (negutarra), lertxuntxo txikia (azken urte hauetan negutarra), uroiloa, uroilanda, kurlintak, kuliskak, txirriak, txirritxoak, kaio desberdinak (kaio hauskara, antxeta mokogorria, kaio iluna), ubarroiak, martin arrantzalea, hegabera, basahatea, antzara, ahate txistularia, lezkariak, ... Espezie gutzi hauek era batera edo bestera zona hezeekin lotura handiak izaten dituzte. Dena den, ikerketa sakonagoek ondorio aberatsagoak gauzatuko lituzkete.

Txirri arrunta, paseko hegazti tipikoa, paduretan.

Hegazki-kopurua ez da inoiz handia izango, baina dibertsitatea bai. Eta logikoa da; hegazti askok eta askok beren migrazioak Euskal Herriko kostaldeko bidetik burutzen bait dituzte. Tamalez, esku bateko behatz adina zona heze ere ez dago.

Ondorio modura, Oria ibaiaren azken ibilgune hau hegazti desberdinek beren bisitatxoak egin ditzaten oso leku aproposa dela ziurta dezakegu. Halaber, batzuek habiak egin ditzaten ehiza galeraztea litzateke lehen pausoa.

1. Carcinus; 2. Palaenon; 3. Crangon; 4. Aingira; 5. Pleurenoktiformeak; 6. Gobidoak.

Badira, beste bizidun batzuk ere. Nekez ikusten dira, aipaturiko zonan oso ugari izanagatik. Aipatzekoa da narrasti- eta anfibio-kopurua nahikoa handia izanik espezie batzuen dentsitatea oso kontutan hartzekoa izatea (Rana temporaria edo baso-igel gorriarena esaterako). Talde hauen barruan ondokoak aipa ditzakegu: baso-igel gorria, ur-igel arrunta, apo arrunta, uhandre palmatua, txantxiku arrunta, musker berdea, sugegorria, suge gorbataduna, horma-sugandila, ... Badirudi Oria ibaiak zona epel eta zona heze-hotzeko espezieak bereizten dituela, azken hauek ezker aldeko zonaren tipologia hartuz. Ibilgunetik eskuin aldera jotzen badugu aldiz, beste espezie batzuk daude: uhandre marmolairea, eta ibilgunetik ez oso urruti zuhaitz-igel arrunta eta hegoaldeko zuhaitz-igela (Mediterranio aldeko espezie tipikoak).

Ornogabeak ere ugari izaten dira: beldarrak.

Dena den, espezie guzti hauen egoera zenbaitetan atzerapen handia jasaten ari da; batez ere tamaina handiko espezieak (musker berdea, sugegorria, ...). Kontutan hartu behar dugu, zona hauek nahikoa txikiak direla eta egindako betelanak berriz erraldoiak.

Zona honetan, bokalera hurbilduz, ibaiko bizidun-kopurua aipagarria da, nahiz eta bizidunen biomasak eta dentsitatek jaisteko joera adierazi. Berriro ere, hamar berdea agertzen zaigu nagusi, pleuronektiformeak ere (platuxa esaterako) nabarmentzen direlarik.

Portu-etxe inguruko padura

Narrastiek populazio handiak osatu ohi dituzte. Musker berdea.

Padura bitxi hau litzateke ibai honetan ezker-eskuin agertzen diren sistema anizkoitzen adierazle aproposa eta garai bateko berezko ekosistemen lekukoa. Lehenago aipatu ditugun landare-espezie asko daude padura zoragarri honetan, eta martin arrantzalearen kanta eta hegada zoragarriaz gozatzeko leku aproposa da. Bere egoera nahikoa ona izan arren, ezker aldeko landaredia (haltzadia) eta bere egoera orokorra hobeagotzea komeniko litzateke. Txoko gutzi hauek Oria ibaiaren globaltasunaren barruan zehar beharrezkoak dira eta mimatu egin beharko genituzke.

Oribar inguruko padura-erribera

Portu-etxe inguruko padura itsasgoran.

Zona honek ez luke eragin handirik behar baldintza ekologiko onargarriak berreskura ditzan, zeintzuk paisaje-aldetik ibaiaren globaltasunerako ezinbestekotzat jotzen bait ditugu.

Txanka behekoa baserriaren inguruko haltzadi eta padura

Paisaje bitxi hau gure ibai-bokaletan ikustea harrigarritzat jo dezakegu.

Padura txiki hau azpimarratu nahi izan dugu. Alde batetik kontserbazio-konfigurazio eta dinamika aldetik bizi-bizirik aurkitzen delako, eta bestetik ibaiaren eta errepidearen arteko muga natural modura agertzen delako. Aurrerapenaren izenean inguru hauek asaldatzen dituzten mugimendu eta makinek oroitzapen historiko soil bilakatuko dituztela adierazi behar dugu.

Zona hauen problematika:

Ondoko argazkiak ikusita, irakurleak ez duela inolako ustegaberik jasoko uste dugu; gure kostaldeko gune gehienetan horrelakoak agertzen bait dira. Zoritxarrez, gure begiak ez dira jadanik antzeko ikuskizunekin harritzen.

Txanka azpiko padurako betelanak.

Dena den, hausnarketa txiki bat eskatuko genuke. Oso zaila gertatuko litzaiguke gaur egun horrelakorik irenstea, batez ere, zona guzti hauek interes handiko eta babes-kokagune bezala goraipatzen direnez, eta gure Euskal Herrian zona hauetako egoera kezkagarria dela kontutan hartuz, arrazoirik ez da falta kontserbazio eta berreskurapena lehen bait lehen gauza daitezen. Baina oraingoz, utz dezagun gaia aurrerantzean sakonago tratatuko bait dugu.

ORIA, NEGARRA DARION IBAIA

Zure zotina entzun nuenean, maitale bakarti baten gisa sentitu nintzen, inpotentzia neketsu batek bildu ninduelarik. Herioaren erakarpen basatia...

Arrats hartan, agian, maitemindu egin ninduzun.

Desamorio batek eraginda hartu nuen autoa eta norabiderik gabe irten nintzen. Donostiarantzako errepideari jarraitzen nintzaion abiadura geraezinaren menpe, gainerako autoen txismistek musukatuko nindutenaren beldurrik gabe. Arratsaldeko eguzkia goian zegoen artean, bero, mikatz, kristalek isurtzen zuten izerdia ene bihotz zaurituari zerizkion malkoez nahasten zelarik. Ezer gutxi ikusteko prest.

Zubia igaro nuen abiadura motelduz. Eguzkiaren izpiek zugan isladatuta itsutu egin ninduten. Bapatean ene bihotzaren begientzat ikusgarri bilakatu zinen. Barneko ekaitza moteltzen hasi zen eta azeleragailua lasaitzen, zuri so nengoen bitartean. Semaforo gorriak mundura itzuli baninduen ere, grina ezezagun batek hartu zizkidan ahalmenak. Zaila zitzaidan zugandik urruntzea; arriskutsua hurbiltzea. Ustegabean, balazta zanpatu eta bidezidor ezezagun batera sartu nintzen. Autotik jaitsitakoan, erabaki aldrebesa hartu ote nuenaren zalantzan ari nintzen dantzan. Burutazio okerrak nituela adierazi zidan gero bizi izan nuenak.

Txalupa baten kanta traketsak erakarri eta urrezko uhinek zure uniformetasuna hautsiz osatzen zuten irudiek hipnotizatu ninduten. Lasai nabigatzen zuen untzi zaharkituak ur apaletan. Gogoz mugitzen zinen, aldiz, soro eta baratz artean. Hegazti bihurriak zure masail distiratsuak musukatzen. Urpekari zaratatsuak, zure etsipen otzanaren balada. Baso ezkuturen bat noiz-behinka zu gerizatu nahian eta zu, ur korrikalari, freskotasunaren egarriz mugitzen zinen, aske, basati, baina maitekiro biratzen zenuen gorputza hanhemenka, laztan goxoez inguruan ferekatuz.

Luze begiratu nion zure itxura dotoreari, zure ibilera lirainari, zure jauzi lehorrari. Eguzkia oheratzeko bidea hartzen ari zen eta hodei ertza eraldatzen zen heinean zure ur gardenak gorriztatzen hasi ziren. Bihotz hotzarentzako berotasuna eskaintzen zenuen. Zure irribarrearen algarak espero banituen ere, tristuraz begiratu zenion munduaz bestaldetik zetorkigun irudipen fantasmagorikoari. Zure sabeleko malko etsiek agurtu zuten arratsa.

Itsasoratzean, zure desio isila eta zure negarra orroe bilakatzen zirela eriden nuenean bete nintzen zutaz. Oihu etsien atzetik garraiatzen zenuen baretasunaz jantziko banintz ere, izaki jeloskor bilakatu nintzen. Jeloskor, Kantauri itsasoak bere magalean kulunkatzen zintuen gauean arima bakartiaren morroi izendatu ninduzulako. Oria, Oria, zure izenaren doinua kantatzen zuen bitartean lokartu zinen, zure amets ezkutuetara murgilduz.

Bihotzean sentimendu berria nuelarik, autoa hartu eta amodio galduaren bila atera nintzen; arrats hartan bizitzak baduela esperantzarik frogatu bait zenidan.

K. Martiarena

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia