Odol Emaileen Elkarte eta Ermandadeak
1998/03/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarreran esandakoa baieztatzeko aukera izan dugu Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko Lehendakariorde den Sabin Urcelay-rekin hitz egin dugunean. Eta guri gai honek jakinmina eragin digunez, aldizkarian islatzea otu zaigu.
Odol Emaileen …
Ezer baino lehen, izenburua bera argitu beharko dugu: Odol Emaileen Elkarte eta Ermandadeak. Horretaz, Ermandadeak INSALUDek eragindako elkarteak dira eta gainerakoak Elkarteak. Gainera, Ermandade guztiak ospitale handiren baten odol-beharrei erantzuteko sortu ziren eta Erakundeen artean, berriz, bi motakoak aurki daitezke: ospitale handiren baten beharrei erantzun nahian sortutakoak eta lurralde bati erantzun nahian eratutakoak. Araba eta Bizkaian zeudenak bertako ospitale nagusienen inguruan sortuak dira eta Gipuzkoa eta Nafarroakoak, berriz, lurraldeari erantzun nahian moldatutakoak. Izenei erreparatzen badiegu, berriz, berehala konturatuko gara zein motakoa den: “Txagorritxuko” Odol Emaileen “Ermandadea” eta “Gipuzkoako” Odol Emaileen “Elkartea”, esaterako.
Gehienak 60ko hamarkadan abiatu ziren eta Nafarroakoa izan zen estatuan aitzindari. 50 urteko ibilbidea egingo du aurki. 50 urte bakarrik? galde dezake norbaitek. Bai, denbora gehien daramana izanik ere, 50 urte. Nola lortzen zen, beraz, lehen transfusioetarako behar zuten odola orduan? Nola moldatzen ziren? Galdera horien erantzunak inoiz entzunak bagenituen ere, ongi gogorarazi zigun Sabin Urcelay doktoreak: “Elkarteak eta Ermandadeak eratu aurretik odola erosi egiten zen. Odola ematen zutenei ordaindu egiten zitzaien eta erosteko dirua zuenak ondo eta ez zuenak…”
Injustizia horri erantzun nahian eta bizitzeko ezinbestekoa dugun urre gorriaren negozioa desegiteko asmoz eratu ziren aipatu elkarteak. “Gipuzkoako kasuan, –dio Urcelay jaunak–, Acción Católica-ko emakumeak izan ziren 1964an odola doan ematen hasi zirenak. Ekimen horren ostean sortu zen Elkartea 1965eko maiatzean. Bere gorabeherak izan ditu noski, baina gaur egun sendo gaudela esan genezake.”
Euskal Herriko lurralde bakoitzak lurraldeko odol-banku propioa egitara jo du eta zorionez, elkarren arteko lankidetza oso ona da. Nafarroan eta Gipuzkoan ia sorreratik izan dute odol-banku propioa eta bertatik asetu izan dira lurralde horietako ospitale eta klinikak. Bizkaian zeuden hirurak, berriz, elkartu egin dira eta dagoeneko eratu dute Bizkaiko Odol-Bankua. Araban elkartze- eta eratze-fasean daude. “Lurralde bakoitzeko bat edukitzeak lana erraztu egiten du eta, gainera, hobeto koordinatzen denez, ez dugu odola eman nahi duena alferrik nekarazten. Gure egitekoa ez da gure artean lehiatzea, odol-beharrei erantzutea baizik. Oso garbi dugu hori.”, esan digu gure solaskideak.
Lankidetzari esker
Ohiko odol-emaileentzat ondoren azalduko duguna aski ezaguna izango da; sekula eman ez baduzu, ordea, jakin ezazu nola egin dezakezun lehen urrats hori: hiru hilabetean behin edo, zure herri edo auzora inguratuko dira honetaz diharduten profesionalak, eskuarki mediku bat eta lau erizain; litekeena da, gainera, zure ezagunen bat antolaketa-lanetan aurkitzea. Horiek dituzu Edol Emaileen Elkarteko boluntarioak. Horiei esker, eta emaileei jakina, mantentzen da osasuntsu Elkartea.
Odola eman aurretik egin behar diren urratsez galdetu genionean, hona zer azaldu zigun Urcelay doktoreak: “Odola eman aurretik bi gauza eduki behar dira garbi: lehena, ematen duenaren osasuna zaintzera jotzen dela eta, bestea, odola hartuko duenarena. Horretarako, ezer baino lehen, hainbat galdera egingo dizkio sendagileak odola eman nahi duenari bere historia medikoa osatzeko. Lehen urratsa egin eta gero, tentsioa hartuko zaio eta, segidan, anemia duen ala ez aztertuko da. Dena ongi baldin badago odola emateko moduan izango da eta horretarako egokitu den gelara joango da. Eman ostean, mokadu bat hartzeko parada izango du (komenikoa izaten da) indarberritzeko eta ia berehala bere ohiko zereginetara itzuli ahal izango da.”
“Hori guztia, jakina, –dio Sabin Urcelay jaunak–, elkartean ditugun 400 boluntarioei esker antola daiteke. Beraiek arduratzen dira azpiegituraz eta odol-emaileei dei egiteaz; baita bertan eskaintzen den mokadurako jakiak eta edariak lortu eta prestatzeaz ere. Koordinatuta dauden 65 talde edo ordezkaritza ditugu Gipuzkoan eta guztiak beren burua autofinantzatzeko gai dira. Tarte hau aprobetxatu nahi dut hori guztia gerta dadin laguntzaren bat eman duen orori (harakin, okin, denda eta abarri) eskerrak emateko.
”Urre gorriaren ibilbidea
Odola ematen duzun bitartean poltsara begiratzeko kemena baldin baduzu, ohartuko zara poltsa bakarra eduki beharrean, bata besteari lotuta hiru poltsa daudela. Zergatik? Kezka bera adierazi genion guk gure solaskideari. Hona erantzuna: “Emaitza bakoitzean 450 cm3 odol jasotzen da eta horrez gain, beste bi lagin-ontzi ere betetzen dira, ondoren odola analizatzeko. Analisiak ongi badaude, bildutako odola hirutan banatzeari ekingo zaio. Lehen poltsa zentrifugatuz globulu gorriak bereiztuko dira: globulu gorriak lehen poltsan utziko ditugu eta gainerakoa bigarrenean. Ondoren, bigarren poltsa zentrifugatuko da eta, oraingoan, plasma eta plaketak bereiztuko dira.”
Emaitza bakoitzeko elementuen iraupenaz galdetu genionean, hona zer erantzun zigun: “Globulu gorriek 35 eguneko iraupena dute, plaketek 5 egunekoa eta plasmak, izozterik badagoenez, urtebetekoa. Horren guztiaren kontrol zehatza daramagu eta mugetara ez hurbiltzen saiatzen gara. Plasmaren kasuan, esaterako, urtebeteko iraupena duen arren, 6 hilabetera industrigintzara bidaltzen dugu, bertatik beharrezkoak diren eratorriak atera ditzaten..”
Odol-beharrak
Lurralde batetik bestera eta urtetik urtera aldatu egiten dira odol-beharrak. Baina, –Sabin Urcelay jaunak dioenez–, “32.000 emaitza inguru behar izaten dira Gipuzkoan urtean zehar eta hori, dauden 20.000 odol-emaileekin estaltzen da normalean. Halaber, esan behar da, ongi bagabiltza ere urtero 3.000 odol-emaile berri behar izaten direla maila mantentzeko. Izan ere, urtero % 10, gutxi gorabehera, baja izaten da: batzuk, % 3 inguru, etxebizitzaz aldatzen direlako; beste % 3 bueltan 65 urte bete izanagatik geuk baja ematen diegulako eta gainerakoak arrazoi desberdinengatik. Beraz, Gipuzkoako beharrak asetzeko adina indar badugula esan badaiteke ere, ezin gintezke deskuidatu. Bestela, berehala gara gainbeherako bidean.”
Aurrera begira
Ezin lo gera, beraz, dagoen eskaerari bertatik erantzun nahi izanez gero. Horretaz jakitun ari dira lanean Odol Emaileen Elkartekoak eta lankide berriak bilatzeari ekin diote. Aurten, esaterako, irakasleen formazio-plangintzan zirrikitua egitea lortu dute. Hautazko gaien artean sartu dute Odol-emaitzak gaia eta 25-30 lagun apuntatu direla adierazi digu Sabin Urcelay-k. Ahalegin hori aprobetxatu egin nahi dute eta sentsibilizazio-hitzaldietan lagunduko dieten irakasleak gerturatu nahi dituzte.
Egiten diren aurrerapenak ez dira boluntarioak trebatzera mugatzen. Bada bestelako aurrerapenik ere eta teknikari dagokionez, etengabeko berrikuntzak ari dira gertatzen. Horren adibide da, esaterako, aferesia. “Ohiko bidetik eskuratzen diren hiru elementuetako bat ateratzeko erabiltzen den sistema bat da aferesia, –dio gure solaskideak–. Ateratzen den odola makina batek bereganatzen du eta zentrifugatu ostean eskuratzeko agindua eman diogun elementua isolatu eta poltsaratu egiten du, gainerakoa zainetara itzultzen duelarik. Sistema hau plaketak eta plasma lortzeko erabiltzen da, ez globulu gorriak eskuratzeko; ohiko bidea baita globulu gorriak lortzeko biderik errazena.”
Zuk duzu azken hitza
Asmoak, nahiak, gura, helburuak…. Guztiak dira beharrezkoak eta horiek gabe ezin ezer egin. Baina horietan guztietan odol-emaileak dira beharrezkoenak, ezin baitaiteke ezer egin urre gorririk gabe.
Hau guztia irakurri ostean, oraindik zalantzarik baduzu segi irakurtzen eta zugandik gertu dagoen Odon Emaileen Elkarte edo Ermandaderengana jo eta erreparorik gabe galdetu. Beraiek erantzuteko eta argibideak emateko zain dituzu. Animo eta gogoratu, odola ematea bizia ematea da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia