}

Nola aldatzen diren oroitzapenak

2000/11/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Haurtzaro eta nerabezaroaz ditugun oroitzapenak ez dira zehatz eta justuak. Oroimena ez da estatikoa; une oro berrantolatu eta aldatzen da.

Nerabezaroaz ditugun oroitzapenak zehatzak al dira? Egun horiek aspaldi pasatu baziren, seguru aski ez. Oroimena ikertzen dihardutenen ustez, adineko jendearen oroitzapenak sentimenduak bezain zehazgabeak dira. Ikerketek oroimena, estatikoa izan beharrean, une oro berrinterpretatu

eta berritzen dela frogatzen dute. Concordia Unibertsitateko Jean Roch Laurence adituak dioenez, «oroimenaren elementuak egunero antolatu eta egituratzen dira. Harrigarriena da oroimenak gizabanakoarengan segurtasun sentimendua sortzen duela. Hau da, gertakizunak benetan berak gogoratzen dituen bezala gertatu zirela uste izaten du. Bizitza markatzen duten une garrantzitsuei buruzko oroimenak ere urtetik urtera aldatzen joaten dira». Adierazpen horiek frogatzeko, auto istripu larri bat jasan zuen emazte baten oroitzapenak aztertu dituzte. Istripua jasan eta bi egunera oso ongi gogoratzen zuen, besteak beste, eguraldi eguzkitsua egiten zuela. Urte batzuk geroago, berriz, istripuaren unean euria ari zuela gogoratzen du.

Berrikitan, Estatu Batuetako Northwestern Unibertsitatean 67 pertsonako talde batekin beste ikerketa bat egin dute. Beren bizitzan bi aldiz galdekatu dituzte, 14 urterekin eta 48 urterekin. Bietan, galdera berak eta ordena berean egin dizkiete. Galderak ez ziren faktikoak izan, hau da, gertakizun bati lotuak, baizik eta familiari, harremanei, ateraldiei, sexualitateari, erlijioari, diziplinari eta jarduera orokorrei buruzkoak.

Ikerketaren ondorioak

Ikerketak nerabezaroan emandako erantzunen eta 34 urte geroago emandakoen artean diferentzia nabarmenak daudela erakusten du. Pertsona horiek bi gauza gogoratzen dituzte ongi. Lehena, beren bizimodua gurasoek baino hobeto ateratzeko zuten ahalmenari buruzkoa, eta bigarrena, maitalea edukitzeari ematen zioten garrantzia. Diziplina eta pertsonen arteko harremanez zituzten oroitzapenak, berriz, ez ziren batere zehatzak. Daniel Offer ikerketaren zuzendariaren ustez, «ongi oroitzearen zailtasuna nerabezaroa garai nahasia delako izan daiteke».

Oroitzapenak ez dira zehatz eta perfektuak eta argi dago aldatzen direla. Orain, aldaketa horien zergatia definitzea gelditzen da. Halere, aurrerantzean,oroimenaren mugak ezin ukatuko ditugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia