}

Neutrinoak azkenik!

2001/06/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Eguzkiak igorritako neutrinoak Sudbury-ko Neutrinoen Behategian (SNO) detektatu dira eta horrekin hogeita hamar urteko ikerketa bukatu da.

Neutrinoak atomoa baino txikiagoak diren partikulak dira. Ez dute karga elektrikorik eta oso masa txikia dute. Gainera, detektatzen oso zailak dira, ez baitute ia elkarrekintzarik sortzen.

1970eko hamarkadaren hasieran Eguzkian boro-8 sortzen zela frogatu zen. Elementu hori ez da egonkorra, eta sortu ondoren, pixkanaka eraldatzen joaten da, besteak beste, neutrinoak igorriz. Baina kalkuluen arabera, ikusten direnak baino neutrino gehiago eratzen ditu Eguzkiak. Beraz, hamarkada horretatik aurrera teoria asko garatu ziren galdutako kopuruari buruzko azalpenak izateko.

Hiru neutrino-mota daude: elektroi-neutrinoa, muoi-neutrinoa eta tau-neutrinoa. Eguzkiarenak, hau da, ‘galdutako’ horiek elektroi-neutrinoak dira eta, beraz, neutrino-mota hori zen bilatzen zena.

1990eko hamarkadan egindako esperimentuetan elektroi-neutrinoak muoi- eta tau-neutrino bihur daitezkeela frogatu zen. Orain SNO behategian eraldaketa hori neurtu dute. Detektagailua lurrazala baino 2 kilometro beherago dago, nikel-meategi batean sartuta. Han bi sistema dituzte neutrinoak harrapatzeko: lehenengoak edozein neutroi-mota detektatu dezake eta bigarrenak elektroi-neutrinoak detektatzen ditu.

Horrela neurtutako neutrino-kopurua eta Eguzkiaren erreakzio nuklearren eredu teorikoetatik abiatuta kalkulatzen dena berdinak dira zehaztasun handiz. Horrek ondo azaltzen du Eguzkitik igorritako neutrinoen eraldaketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia